ATZEKOZ AURRERA

Izei azpiko oparien dirdira

Eguberrietako bestak heldu dira, eta Olentzerok eta Mari Domingik Euskal Herriko itzulia egin dute, opariak banatzeko. Izurriagatik, hala ere, urte berezia izan da batzuentzat.

Olentzerok ekarritako opariak, izei azpian. BERRIA.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Goizean goiz iratzarri da Sarako (Lapurdi) Gilen. 7 urte ditu, eta berehala altxatu da izeiaren azpian oparirik bazen so egitera. Baina Laurentx, anai txikia, lo du oraindik, eta goaitatu beharko du zoko hartan ikusi duen opari handia ireki aitzin. Hara nola hasi zuen eguna Gilenek, atzo. Anaia iratzarrita, opariak irekitzera joan da ziztu bizian. «Gaztelu bat ekarri dit, arku bat, Realaren tixerta bat, eta argia egiten duen globo bat», kontatu du Gilenek. Oparien eguna izan zen atzokoa, Eguberrietako bazkariena bezala. Olentzerok izan du lan, eta pozik agertu dira txikiak.

Olentzerok ekarritako globoarekin jostatzen aritu da Gilen: gurasoek herrialde baten izena eman, eta globoan atzeman. «Non da Bolivia?», galdetu, eta «Hemen!»; «Non da Errusia?», eta «Hor!».

Laurentxek jostailuzko traktore bat atzeman du izei azpian, eta Paw Patrol marrazki biziduneko pertsonaiak. Traktoreak atoia zuen, eta oparietako papera zakarrontzira botatzeko baliatu du jostailua. «Maitatu ditut opariak», segurtatu du Laurentxek. Halere, bi anaiek «duda» izan dute, Olentzerok ikatza ekarriko ote: «Pixka bat beldur ginen, baina ez zen ikatzik».

Opariak galdetzeko, gutun bat igorri zioten Olentzerori. «Katalogoan moztu nituen oparien argazkiak gutunean ezartzeko», kontatu du Gilenek. Bada, bakantzak baliatuko ditu jostailu berriekin jostatzeko.

Izurri betean, desberdin

Baigorrin (Nafarroa Beherea) bizi dira Jone, Ekhi eta Iban. 8 urte beteko ditu Jone gehienak; 5 urte dituzte Ekhi eta Iban bikiek. Urtero bezala, aitatxi eta amatxiren etxera joatekoak ziren, atzo, Eguberrietako bestak ospatzera. Baina izurriarengatik, bestelakoa izan da aurtengoa. Hirurak bakartuta daude, koronabirusa etxera sartu zaienetik.

Beharrik, Olentzero pasatu da, hala ere. Eta gutun bat utzi du etxe atarian. Jonek Olentzero ez du ikusi, baina gutunaren bidez jakin ahal izan du nola sartu den: «Ez dakit maskara bazuen. Sekretu bat erran digu gutunean, erranez ukana duela koronabirusa; orduan, ez da izutu gure etxera sartzeko».

Ibanek esplikatu du, halaber, Olentzerori eta Mari Domingiri arnoa eta txokolateak utzi zizkietela, eta astoari, sagarra. «Dena jan eta edan dute». Indarrak harturik, opariak banatzen segitu dute, eta hiru haurrek opariak izei azpian atzeman zituzten atzo goizean.

«Auto telegidatu bat eta Legoak» eskuratu dituzte Ibanek eta Ekhik. Jonek, berriz «magia egiten ikasteko joko bat, eta josten ikasteko beste bat». Atzo goizean, jadanik, jostatzen arituak ziren jasotako opariekin. Ibanek, erraterako, «biziki maitatu» du auto telegidatua. Ekhik, jostailuzko papagai bat ere ukan du, osatzekoa: «Jadanik lortu dut muntatzen; beraz, jostatzen ahal naiz horrekin orain», erran du, pozik.

Dena den, Olentzerok argi utzi die, gutunean: heldu den urtera arte gisakoak izaten segitu beharko dute; bestela, ez du oparirik utziko. Baina aurtengo jarreragatik, zoriondu ditu, eta gehitu du: «Segi ezazue indarrak egiten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.