ATZEKOZ AURRERA

Iritsi da azken irristada

Gabonetako erakargarritasun handienetako bat da izotz pista Gasteizen, baina dagoeneko ateak ixtear da. Izan ere, garai horren amaiera heldu da, eta, horrekin batera, merkealdia.

Merkealdia hasi berri da; irudian, Gasteizkoak, atzo. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Hartu tiketa, eskatu neurri egokiko patinak, lotu ondo, zutitu, pixka bat baldarrarena egin, eta izotz pistarako noranzkoa hartu. Igo gora hanka bat, eta gero bestea; eman pausoak ahate batek erritmo azkar batean lez, oinarekin baino gehiago, patinekin lurra zanpatuz. Eta egin jauzi izotzetara. Narras samarrak egin lehen irristaldiak, eskutik helduta edo libreki, erortzeko beldurrik gabe, nahiz eta ipurdikoren bat edo beste egon tarteko.

Heldu, gazte eta haur, ez da inor libratzen; hori da orain dagoen panorama. Ez da Gabonetako igande arratsaldetako film baten hasiera, ezta New Yorkeko Central Park ere: Gasteizko Florida Parkea da. Eta, begiak ondo itxi eta kontzentratuz gero, agian, Olentzero ikusi beharrean, Bizarzuri ikusteko aukera izango da.

Kasko eta guzti iritsi berri den haur bat sartu da eszena horretan. Bufanda ere badu soinean, eta urrutitik ikus daitekeen jaka hori bat; irristalari fina izateko itxura du, baina alboan duen izebak aitortu du lehen aldia duela. «Iaz joan ginen izotzetan ibiltzera, baina ez zen ausartu; nahiago izan zuen txirristetan irrist egin», azaldu du Ainhoa Prietok. Izan ere, izotz pistaz gain, badago aukera alboan dauden txirristetatik jaisteko, flotagailu edo lera baten gainean.

Hala ere, iritsi da Gabonetako azken txanpa, eta izotz pistak gaur itxiko ditu ateak. Floridatik erdigunera gerturatuz gero ere, nabaria da dagoeneko indarra galtzen ari dela aldi horretako espiritua. Artisau azokek itxi dituzte jada ateak, eta argiak ere itzali dira. Parkeko jaiotzean oraindik estalpera begira daude Meltxor, Gaspar eta Baltasar errege magoak, baina haiek ere etxerako bidea hartu beharko dute laster; are, Olentzero eta Mari Domingi ere hesitu dituzte. Gabonen amaiera honek, ordea, bide ematen dio beste aldi bati: hemen da merkealdia.

Nonahi daude merkealdia iragartzen duten afixak General Alava kalean. Baina badirudi kontsumoa ere, egin behar bada, bederen, ezin daitekeela euskaraz egin, gaztelaniaz baitaude jarrita ia kartel gehienak. Sirena hotsen bat edo beste ere entzuten da, dendaren bateko alarmaren bat jotzen ari den seinale, eta, batera eta bestera aritze horretan, bada bitxikeriaren bat ere: zapata eta arropa dendez gain, badirudi farmaziek ere bat egin dutela garaiko eskaintzarekin, karrika berean dagoen batek antigeno kitak iragartzen baititu. Eta ez pentsa: ez da nolanahikoa hara sartzeko dagoen ilara!

Merkealdia merkealdi, nahiko hutsik daude dendak. Erruduna ez da beti eguraldia izango, baina badirudi eguzkiaren epelak beste plan batzuk egitera daramatzala herritarrak. Hain zuzen, hori da Klara Romeroren kasua. Gabonetan iritsi zitzaion opari bat aldatzeko heldu da erdigunera, baina ez du beste asmorik: «Hori egin, eta banoa. Merkealdian asko nekatzen naiz; jende gehiegi ibiltzen da. Gaur, hobe lagun batekin kafe bat hartzera joan». Halere, uste du horrelako aukerarik egon ezean ohiko kontsumoa «garestiagoa» litzatekeela, eta, ondorioz, «ez eskuragarria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.