Albistea entzun

LAUHAZKA

Bost jota nabar

Amaia abeslaria, <em>Yamaguchi</em> kantaren bideoklipean.
Amaia abeslaria, Yamaguchi kantaren bideoklipean. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ion Celestino -

2022ko urtarrilak 23

In illo tempore, The Foralettesen garaian hasiko dut gaurkoa. Talde ohitura sano bat, behintzat, bagenuen: aukera zelarik kontzertu ostean disko jartzen ibiltzea. Bertan disko jogailurik ezean guk geuk eramaten genituen Tamuren Technics parea eta mahaitxoa. Bai single eta LP kutxa bana ere: soul, rhythm and blues, 60s bitxikeriaren bat edo beste. Dantzarako giroa sortuko zen askotan; okerrenera maite genuen musika elkarrekin aditzeko beta.

Noizean behin Raimundo Lanasen jota bat edo beste jarriko genuen. Maite nuen hau jartzea: «Pamplona, siete de julio/ cantan los mozos y mozas/ los de la montaña en vasco/ los de la Ribera en jota», eta norberak uler zezala ironikoki edo ez-ironikoki. Garai hartan Aragon anai-arrebek zeramaten Nebula ostatua. Behin han horietako bat jarri eta lagun bat oihuka hasi zitzaidan, hori kentzeko, hori ezetz. Iruñerrian jende batzuentzat halakorik pintxatzea zerbait susmagarria omen.

Baten batek ez badu oraindik irakurria, iruditzen zait Esparzaren Jotas heréticas de Navarra liburutxotik (luzeragatik diot liburutxo, inola ere ez mamiagatik) bueltaxka bat besterik ez dela behar kopla mota horrekin adiskidetzeko; behintzat ulertzeko beste hamaika begirada posible direla klixe antzuetatik harago.

Nire ezjakintasunaren klixeak suntsitzen dituzte adibidez Amaren Alabak taldeak 2007ko diskoan grabatutako biek: Y en el eta Porque. Bi piezak ezohiko toki batetik daude emanak, behar baino indar gehiagorik gabe baina indarrez beterik. Airean, hegan, mendialdetik erriberaraino doan lur zati hori esateko beste modu bat pizten dute nire baitan.

Jota emateko hamaika modu entseatu dira. Esan nahi dut ez garela gai monolitiko batez ari. Kantu bakar baten bidez bide oso bat ikusteko gaitasuna praktikatzeko zalea nauzue ni behintzat, eta halaxe gertatu zitzaidan 1971ko Orquesta Amanecerren singlean datorren Los labradores ezagunarekin. Garaiko Iruñeko dantzarako orkestretako bat zen Amanecer. Bakoitzak bere unekoa egin behar du, jakina denez. Eurek soul kutsuko gitarra apal, kobre eta atabal lineak erabiliz ondu zuten kantua... Turrillas maisuak hamar bat urte lehenago idatzia zen.

Bakoitzak bere unekoa egin behar du, jakina denez. Turrillas maisuak berak Valeriano Ordoñezi kontatua: 1932ko San Fermin bestetan, maisuaren musikari lagun batzuk La Veleta peñarentzat jotzera etorri ziren. Lan hori bukatuta herrira bueltan kexu-edo zirela, pasodobleak eta balsak ez baitzuten «sanferminetako esentzia» (sic) adierazten. «Orduan Erriberako jota eta Mendialdeko biribilketa lotzeko ideia etorri zitzaidan».

Norberarena, bertakotzat duguna batetik; formula, estetika eta eragin berriak nahastea bestetik. Herri musikak horiek baliatu ditu etengabe, hortik bere balio eta funtzio nagusiak. Azken urteotan horren gorakada nabarmena ikusi dugu pop musikari modu zabal batean begiratuz gero.

Pentsa, Iruñerriak aspaldian Espainiako Estatuari eman dion pop izar nagusiak ere une batez hona begiratu eta jotaren eragin nabarmena duen indie piezatxoa kaleratu baitzuen aste batzuk duela... Egia da Amaiak lehenago ere egin duela keinu lokal bat edo beste, baina ekialdearena da tesiaren defendatzaile eroenak ere ez zuen pentsatuko Yamaguchi parkeari buruzko kantua ateratzerik. Planetario inguruan eta parkean bertan grabatutako bideo eta guzti.

Hiri zahar eta zikin honetako beste gazte batzuek interes handiagoa pizten digute, egia zor... Skabideanek disko berria kaleratu du eta adi entzutera jo dugu guk ere, ea zer berri. Eta behin berriro ere klasikoa parafrasi bidez ekarriko dugu: ba al dakizu nafar jota eta skinhead reggaearen arteko uztarketa egiteko zer bi gauza ezagutu behar diren, ezinbestean? Bingo: nafar jota eta skinhead reggaea. Ba biak aski ongi jorratzeko gai direla entzuten dut nik Sortetxeari izeneko kantuan. Naturaltasunez, kodeak dituenarentzat hor dira, eta ez dituen harentzat kantu eder bat.

Herri tradiziotik datozen elementuak txertatzea amu interesgarria da. Tradizioa kontu garaikidea dela, alegia. Lehen eta orain hemen eta han usu erabilitako tresna. Alta, egiazki eraginkorra da ezagutu eta sakontzen dugularik. Beti diot gu txapa-eta-pintura-kulturalaren-aurkako-frontean garela. Anekdota hutsetik harago eramaten jarraitu behar dugu, ziur baikara gure ahots unibertsala iturri lokalarekin lotua izatetik helduko dela.

AZKEN OHARRA: Badator Iruinkokoa! Mendialdetik Erriberaraino doan zati hori dantza-jauzi eta paloteadoaren bidez ere adierazia da Santa Ana plazako mustran. Bost aste besterik ez dira falta... baina agian oraindik garaiz dira jota zerbait (zerbait gehiago) txertatzeko...

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Ez dakit hizkuntzak ez ote nauen ni menderatzen nik bera baino gehiago»

Itziar Ugarte Irizar

Mundu baten bukaera bizitzearen kontzientziaz eta pertsonala eta kolektiboa «harmonizatzeko» nekeaz aritu da 'Landura' lan berrian. Hamargarren poema liburua du, eta, bide horretan, komunitate bati idaztearen sentipena izan du lagun.
Bingen Zupiria sailburua eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, atzo, liburuaren egileekin. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Arbola sendoa musikaren ekosisteman

Naroa Torralba Rodriguez

'Musikaste 1973-2022. Euskal musikaren 50 urte' liburua eman du Eresbilek. Jaialdiak mende erdia bete duela-eta argitaratu dute
<em>Lobo feroz</em> filma. ©BERRIA
Maialen Lujanbiok idatzi du liburuko testua, eta Arrate Rodriguezek ondu ditu ilustrazioak. Irudian, bi egileak, atzo, Donostian. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute

Miren Mujika Telleria

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute Maialen Lujanbiok eta Arrate Rodriguezek, Pamiela argitaletxeko Bagara sailean. Albumak Rosa Valverde artistaren lana ezagutaraztea du xede

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...