LAUHAZKA

St Aubyn

Edward St Aubyn idazle ingelesa.
Edward St Aubyn idazle ingelesa. BERRIA

Juanjo Olasagarre -

2018ko uztailak 1
Hasi baino lehen Iruñeako Udala zoriondu nahi nuke hemendik aurtengo San Ferminetako programaren esku orriei literaturaren alde ludikoari eskaini dion aukeragatik. Demasian eroritako jai horietan Virginia Woolf, Dante, Axular bezalako idazleak aurkitzea pozgarria da, Oulipokoen modura, jolasgarriro, gainera. Zorionak, bereziki, Jon Alonso eta Javier Erreari Komedia Jainkotiarra, Lorategiko Feta, Jende Ona Nekez Aurkitzen Da edo Gero bezalako literatura lanetan ezkutaturiko mikroipuinak aurkitzeagatik, idazleak beraiek ere ezin sinetsiko moduan. Aurkikuntza horixe da kontua gaur idazle baten aurkikuntzaz mintzatu nahi bainatzaizue.

Zoragarria izaten da idazle bat aurkitzen duzunean, zoragarria. Berdin izaten da idazlea oraingoa den, ala aspaldikoa, ala mundu guztiak irakurria duen zu ohartzerako, edo inork ez duen ezagutzen. Kontua da zuk halako batean, ustekabean beharbada, zurekin bat egiten duen sentsibilitatea aurkitu duzula. Idazle hori gainera trikuaren modukoa baldin bada, alegia, idatzitako liburu guztiak liburu bera baditu, eta, gustagarriagoa, liburu horiek guztiak nobela beraren parte baldin badira. Proustekin topo egin nuenean, lehengo 20 orrialdeen zailtasuna gainditurik ez nintzen atertu Denbora Galduaren Bila irakurri arte. Berdin gertatu zitzaidan Anthony Powellen Musika bat Denboraren Dantzarako nobela sailarekin. Biek ere, liburukiek aurrera egiten duten ahala pertsonaiengan denboraren higadura erakusten dute, eta horretarako orrialde ugari behar dira, eszena franko, gogoeta anitz.

Azkeneko aurkikuntzak, Edward Saint Aubynek, hala ere, ez du bi horien sentsibilitaterik, alegia, ez du denboraren higadura kontatu nahi, baina hala ere ziklo luzekoa du lana. Hiru nobelek osatzen dute gazteleraz El Padre moduan agertu zen liburukia: Berri Txarrak (1992), Ez du inporta (1992), Esperantza apur bat (1994), eta bik La Madre titulu duena: Amaren esnea (2005) eta Azkenean (2011). Patrick Melrose du izena ziklo osoak eta berriki bost kapituluko seriea egin dute telebistarako.

St Aubynek Britainia Handiko aristokrata bat zuen aita eta ama amerikar aberatsa, eta bost nobela horietan bere bizitza izan dena oinarri hartuta esnobismoa, familia hoztasuna, maitasun eza eta beste hainbat gauza latz kontatzen ditu estilo arin, zehatz eta distirantarekin. Ziklo osoa idazlearen bizitzan oinarriturik baldin badago ere, esanen nuke Patrick Melroseren nobelak ez direla autofikzioa, baizik eta fikzio hutsa, autorearen begiratzeko begirada laban lakoari esker.

Edward St Aubyn lau urtetatik zortzi urtetara bortxatu egiten zuen etengabe aitak, amak ez ohartuarena egiten zuen bitartean. Probentzako etxe zoragarri batean bizi ziren. Gerora Edward St Aubyn drogak hartzen hasi zen, eta ondoren psikoterapian aritu zen urte luzez aitarena gainditzeko.

Lehenengo nobela irakurri nuenean, bortxaketa zein elipsi delikatuarekin idatzita zegoen ikusita, ez nintzen atertu sail osoa bukatu arte; eta esan bezala, orain berriki telesaila ikusi dut, baina ez da berdin. St Aubynen gozamenaren zati handi bat hizkuntzan baitatza: «Itxaron gela moduko giroa zeinetan heriotza baitzen atzeraturiko trena»; «zertan ari zara ilargiari uluka ala bizitzaren zentzua aurkitu nahian? Ez bat ez beste —erantzun zuen Patrickek— ulu gehiegi izan da bailara honetan, eta aspaldi aurkitu genuen bizitzaren zentzua: zutik ibili eta txu egin zure etasien hilobietan»; «utzi ume izateari guraso bilakatzearen mozorroa alde batera utzita»; «gamelu bat ematen zuen ortodontzia estali nahian»; «errezelek argia arnasten zuten erietxeko gelan». Etengabe segi nezakeen aforismoa aforismoaren atzetik.

Kontua da, gainera, idazleak idatzi dituela sail horretatik kanpoko beste nobela batzuk, eta kritikariek diote ez duela inondik Patrick Melrose sailaren distiraren erdia ere erdietsi. Eta beharbada hortxe dago gakoa, Edward St Aubynek asmatu egin baitu gauza lazgarriek utzitako lorratz astuna oso modu arin, satiriko, aforistikoan kontatzen, komedia eta tragedia izan zitekeenaren arteko halako oreka neurritsu bat sortuz.

Nobela irakurri ahala etengabe zetorkidan gogora zer eginen lukeen euskal irakurleak, gizajo zein gaixoak, eskertzekoak denak, horren prosa sintetikoa eta hiztegi hautatua euskaraz eman balitzaio? Liburua utzi, segur aski. Eta horretan betikora lerratu nintzen gure literaturaren egoera txarraz eta abarraz. Barkatu lantumari bat naiz, badakit baina...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna