LAUHAZKA

Eraikin faxistak eta memoria demokratikoa

2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Iruñean, Gazteluko plazatik hegoaldera begiratuta, Karlos III.aren etorbidearen bukaeran, Erorien Monumentua ikusten da. Hirian dagoen eraikin faxistarik handienak diktadorea hil zenetik berrogei urte daramatza hor, erabaki baten zain. Orain arte Udal Gobernuan egon diren taldeentzat lehentasunezko gaia izan ez bada ere, 2015. urtetik agintean dagoen laukoarentzat eztabaidagai garrantzitsu bilakatu da, batez ere memoriaren aldeko taldeek egindako lanagatik.

Hiru urte hauetan bi berrikuntza izan ditugu: batak hirigintzari eragiten dio, eta besteak, berriz, eraikinaren erabilpenari. Hirigintzari dagokionez, Erorien Monumentuaren kokalekua Rodezno kondearen plaza deitzetik Askatasunaren plaza deitzera pasatu da. Eraikinaren erabilerari dagokionez, aldiz, Sanjurjo eta Mola jeneralen gorpuzkiak kriptatik atera eta familiek hautatutako tokietan hilobiratu dira.

Dena den, Erorien Monumentuak hilobi monumentu izateari utzi badio ere, orain arte emandako pausoek izan duten eragina ez da sakona izan. Erorien Monumentuaren esanahian eragiteko, eraikinean eta lorategietan aldaketak gertatu behar lirateke. Memoria historikoaren aldeko hainbat elkartek justizia hori erdietsi nahian jardun dute azken hamarkadetan.

Asmo horrek, ordea, eztabaida dikotomiko bat izan du ondorio, eta, zoritxarrez, eraikuntza eraistea ala bere horretan uztea izan da ika-mikaren ardatz nagusia. Auziaren garapen motz horrek gurean aski ezaguna den aldeko/aurkako posizionamendu dinamika sinplea besterik ez du ekarri. Erorien Monumentuaz hitz egitean, galdetzen den bakarra da eraistearen alde edo kontra zauden, eta, modu horretan, zaila da mamian askoz gehiago sakontzea.

Bagaude eraikin faxistaren kontua askatu beharreko korapilo konplexu bat dela uste dugunok, ordea. Auzi hori aprobetxatuz, hiriak aukera paregabea izan dezake eztabaida eraldatzaile bat bultzatzeko, zeinaren bidez faxismoaren aurka egiteko horren beharrezkoak diren tresnak sortzeko bidea ere eraiki baitezaken. Esate batera, Europako eta Hego Amerikako hainbat ekimenen bidez tokian tokiko historia beltzak utzitako ondarea erabili dute gizarteari eztabaida sakonak proposatzeko. Lan horrek gai arantzatsuei aurre egiteko modua eman die, eta, modu horretan, testuingurua aldatu, eztabaida politikoetan sakondu eta faxismoari gorazarre egiteko sortutako eraikinak berrizendatu dituzte.

Asmo horrekin sortu da Iruñean Caidos-Irauli ekimena, eta asmo horrekin garatu dira azken asteetan Eroriei buelta eman jardunaldiak. Galdera zorrotzak izan ditugu mahai gainean topagune horretan: norena da Erorien Monumentuaren memoria? Balio ote dute eraikin faxistek memoria demokratikoa lantzeko? Nork dauka memoria faxista omentzeko helburuarekin eraikitako monumentu eta bestelako eraikuntzen inguruko erabakiak hartzeko zilegitasuna?

Ahobatezko erantzunik ez duten galdera horiek modu kolektiboan erantzuteko asmoak prozesu interesgarri batera eramanen gaitu. Zaila izan daitekeen arren, taldeko lan horrek esanahi eta bide ezberdinak erakutsiko dizkigu eraikina berrizendatzeko. Eta faxismoaren alde guztiak agerian geratuko dira. Lan hori egin eta gero, gai izanen gara eraikina bota ala mantentzeko erabakia hartzeko.

Aurten Udalak lehiaketa arkitektoniko bat jarri du martxan. Lehiaketaren ñabardura guztiak itxita ez daude, baina, antza denez, teknikariena izanen da erabakiak hartzeko ardura. Hala bada, aukera paregabea galduko dugu erabakia hartzeko prozesuaren bidez eraikina profanatzeko. Erorien eraikina botere erlijioso, faxista eta patriarkalen irudi bada, Iruñea laikoak, demokratikoak eta ez patriarkalak hartu beharko lituzke erabakiak Eroriei buelta emateko eta sinbolikoki berrizendatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.