Ion Celestino.
LAUHAZKA

Zubipekoak

2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Izan gara zubi gainean jotzen. Ederra da zubi gainean jotzea. Gurutzatu dugu Donostiako lehen zubia euripean Grosetik Alde Zaharrerantz (erauntsiak Jazzaldiko ekitaldiak bertan behera utzita). Ibaiak eta itsasoak bat egiten duten horretan jo dugu pausoz pauso handitzen zen second line batek bultzaturik.

Jo dugu Notre Dametik Saint Louis irlara doan zubiaren gainean geldi, uztaileko azken arratsetan, jendarmeak esan digun arte ez dugula bertan musika egiterik (Gorkaren arabera) edo jendarmeak esan digun arte ez dugula bertan latako garagardoa edaterik (Albertoren arabera) edo jendarmeak esan digun arte ez dugula bertan dirua eskatzerik (ezer ulertu ez genuenon arabera).

Zubiak A puntutik B puntura gurutzatzeko; Zubiak A sekziotik A sekziora itzultzeko. Guk, ordea, zubipeak maite.

Ikusi ditugu Clairbone zubipean ospatutako brass band dema ezagun haren bideo guztiak. Bizipoza dago hor, eta mina astintzeko, bizitza ospatzeko komunitateak erabiltzen dituen tresnak. Luisek bidali zizkidan bideoak, esanez: txerta diezaiogun hau hiriari, gure kodeetan eta inolako markaren diru babesik gabe. Barcinak alde egin baino pixka bat lehenago izan zen.

Nago gau horretan hasi ginela kontzienteki kartografia hau osatzen. Baina hara: buruari eragin, eta lehendik ere bazetorren.

Izan ere, egin dugu zubipean dantza: gogoan duzu Atarrabia eta Arre arteko zubipean abenduko gau batez antolatu zuten rave hura? Itziarrek eman zigun tokiaren berri. Han, kaleko argiak, ez besterik. Langarra ibaiertzean, hau da: ez zen jakiterik hezetasunak nondik harrapatzen zintuen. 2001: zubipeko odisea. Auskalo nork nondik ekarritako generadore ziztrin batekin zebilen soinu sistema. Gorkaren mahaia eta technics-ak. Ez zen aparteko ezer agian, baina elkarrekin ginen eta mundua osorik sartzen zitzaigun halako aterpe goxoan. Ultzama ibaiaren ertz horretan.

Lehenago: aditu dugu adi Zubipeko Swing taldearen Voilà! [IZ-399-D-LP]. Inor gutxik oroitzen duen baina gurean fundazionala den horietako bat [beste bat gehiago]. Badira diskoak erakusten dizutenak hau edo beste posible dela, edo hori zeuk egin beharrekoa dela, edo lan handiagoa egin behar duzula. Hau horietako bat izan zen. [Gogorarazpena neure buruarentzat: hori egin zuten musikariak bilatu behar ditugu].

Askoz lehenago [gertatu zen, baina guk gerora] hausnartu dugu: Sonny Rollinsen Williamsburg zubiko kondaira ezaguna. Zubiaren goiko txoko bat hartu zuen praktika gelatzat, oinezko bat edo beste baino ez zen handik igarotzen. Bere gorenean zegoela, Rollins klubetatik desagertu zen eta hilabete luzeak eman zituen zubian praktikatzen. Coltrane eta Colemanen ideia berriek beldurtuta edo, esan izan du historiagile morbosoren batek. Musikari bezala aurrera egiteko behar etengabea eta ondoko apartamentuan haurdun zen bizilaguna zaratarekin ez gogaitzeko asmoa aipatu ditu Rollinsek berak.

Askoz beranduago: bazkaldu dugu gumboa Sadar errekaren zubipean. Ezekiel eta besteak Jesusek eraikitako lurrun itsasontzian jolasten ziren bitartean. Hau Iruñea Nola? Second Linea Arrosadiara jaitsi zen lehen urtean. Flor de Africakoak aurrean dantzan eta boliviarren karroza aurrerago. Borrianako anai-arrebak ere bertan, buckjumping latza eskainiz. Eguzkia gaizto jarri, eta azkenerako euri jasa. Lasterka harat-honat, guztiok zubipean babesa topatzeko modua aurkitu arte. Hortxe gure Atlantiko beltzaren portua. Cabezafuego eta Pachuco azaldu ziren bat-batean: amaren etxean bazkaritan eta harrabotsa nabaritu omen. Atertu ondoren, guztiok elkarrekin ho na nae! Two-way-pak-e-way. Eta eguzkiak berriz berotu zuenean, Proffesor Longhairen eta Doctor Johnen kantuak, belardian, Paulek.

Hortaz, Runako zubipean, 2021eko uztailaren 6arekin gazteak soinu sistema mugikor baten inguruan saldoka elkartu zirenean? Ba, bejondeizuela, bota genuen pozez gure kolkorako. Goitik motordun ibilgailu ilunak, azpitik Arga. Baina zubipean gure tokia, bizitza.

Maitatu ditugu zubipeak metaforatik: ez omen tokirik erosoenak. Ezleku modu bat. Baina aterpea ere ematen ahal dute. Konspiraziogune egokia hala nahi duenarentzat. Maitatu ditugu zubipeak fisikoki: bat aipatzeko, Sanduzelaikoa. Maitatu ditugu zubipeak hizkuntzatik: erabiltzen ditudan beste hizkuntzak motz samar zaizkit zubipea esateko.

Izan gara zubi gainean jotzen. Gurutzatu dugu Bizkaiko Zubia goreneko altueratik, metalezko hesiz inguraturik. Ederra hiriari handik so egitea. Antolakuntzan, inork pentsatu omen zuen poliki geratuko zela argazki eta bideoetan, gu han goian soinua jartzen. Badut argazki horietako bat gordea, eta, bai, polita da. Renato Valeruz oraindik ere gure artean genuen; ziurrenik berak adibidearekin azaldu zigun gure tokia zubipean zegoela. Nerbioiko zirgarien aldamenean gero ere. Kantu bat bada: «Justiziaren kontra / ibaian gora/ ibaian gora...» .

Zubiak A puntutik B puntura gurutzatzeko; Zubiak A sekziotik A sekziora itzultzeko. Guk, ordea, zubipeak maite.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.