Oier Iruretagoiena.
LAUHAZKA

Agentzia

2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Jutta Koether artistak (Kolonia, 1958) nobela bat argitaratu zuen 1987an, f izenburuduna. Izen berbera du bertako protagonistak, f, eta pintorea da, Koether bezalaxe. Ez dakigu zenbateraino izango diren antzekoak protagonista eta autorea. Eta nobelako pasarte batean kontatzen da f-k gogoko duela jendeari begira egotea, haien janzkera edo begirada aztertuz, eta aurpegiaren bidez pentsamenduan darabiltena asmatzen saiatuz. Baina bere eragozpenak ditu horrek: jendea mugitu egiten da, eta ezin da luzaz beha egon besterik gabe; haiekin hitz egin beharra dauka, arrarotzat hartua izan ez dadin. Pinturekin, ordea, berak nahi bezala eta nahi beste denboraz egon daiteke begira jarrita. Aurrean zutik batzuetan, etzanda bestetan, edo eserita. Eta hala dio gero f-k: «Pintura ona bada, pinturak berak hautatzen ditu bere koloreak, eskala eta formak».

Berak bezalaxe, beste artista askok hitz egiten du hala, artelanek erabakimena balute bezala. Edo esan dezakegu, agentzia, kontzientzia... Ez du zerikusirik obra hori pertsona baten irudikapena izatearekin; posiblea da brotxa arrasto soil batek bere begirada propioa duela sentitzea, adibidez. Gertuko eta belaunaldi ezberdinetako hiru artistaren hitzak dira hauek: «[pintura hau] ez da oraindik hizketan hasi» (J.L. Zumeta), «piezei [eskulturei] galdetzen diet ea zein den haien lekua» (Sahatsa Jauregi), «obra bat bukatuta dago, begiratzen zaituenean» (J.M. Euba). Obrek ez dute benetan begiratzen edo erabakitzen, noski. Proiekzio bat da, obrekiko harreman sentikorraren berezitasun eta aberastasun osoa azaldu ezinak dakarren esplikazio baldar bat. Gauza batek, pertsona baten presentziak—begiradak, hizkerak, gorpuzkerak, keinuek— bezainbesteko eragina izan dezakeelako.

Eta gauza begira eduki ordez, gerta daiteke kontrara ere: zu zeu gauza hori zarela sentitzea. Paul Cezanneren (Aix-en-Provence, 1839-1906) kasuan bezala. Pintatzen zituen paisaiei begira-begira egoten omen zen. Egitura geologikoak ulertzen saiatzen zen lehenbizi, eta begira jarraitzen zuen gero, harik eta «begiak burutik ateratzen» zitzaizkion arte, eta hala omen zioen orduan: «paisaiak nigan pentsatzen du», «ni naiz haren kontzientzia». Beste adibide bat ematearren, Henrik Olesenek ere (Esbjerg, 1967) inguruko gauzak izatea zer den sentitzeko gonbita egin zuen, 2017an Londresen egindako erakusketa batean. Hala irakur zitekeen bertan: «Gajoak, euren bizitzako momenturen batean sikiera, euren inguruko edozein objektu arrunt bilakatu nahi izan ez duten horiek». Mahaia, aulkia, zuhaitz baten enborra, paperezko orria...

Artearekin eta artistekin zerikusirik ez duen kasu bat kontatuko dut orain, nire inguru oso hurbiletik datorrena. Bertan baititut bi pertsona, perretxikoak biltzen oso zaleak, eta bakoitza bere aldetik ondorio berera heldu direnak. Hauxe da auzia: basoan perretxiko bat oraindik guztiz hazi gabe topatuz gero, eta hurrengo egunean handiago jasotzekotan bertan utziz gero, biharamunean egoten zen —euren arabera— tamaina berean, eta gainera zimelduta. Hainbestetan gertatu zitzaien hutsik gabe, ezen, ondorio bat atera baitzuten: ikusia izan den perretxikoak bere burua galtzen du. Eta ikusitako edozein perretxiko hartzen hasi ziren, handi ala txiki. Elkarrekin partekatu zutenerako, ondorio horretara iritsita zegoen bakoitza. Euren esperientziatik eratorritako ezagutza arrunt modura kontatu izan dute, kontuari garrantzi gehiegi eman nahi izan gabe, eta baserrian hazitako adin bateko jendeak —hori da euren kasua— askotan egiten duen bezala, kasik gehiegizko umiltasunez. Informazio berezia iruditu izan zait beti, bai baitirudi badakiela perretxikoak zain duela harrapakari bat. Gertatu zen guztietan kasualitatea izan zela pentsatu beharko dugu, edo ez dakigun zerbait gertatzen dela hor, bestela.

Kasu honek erraz oroitarazten du landareei hitz eginez egin izan den esperimentua. Egia den ala ez, ziurtasunik ez dut, baina uste dut gehienok izan dugula noizbait horren berri. Ondo hazten omen da «maite zaitut» edo «eskerrik asko» esaten zaiona, eta ez hain ondo, «gorroto zaitut» edo «ziztrinkeria zikina» entzun behar izan duena. Geure hitzek eragin hori izan badezakete, bai ote du eraginik begiradak? Nire fantasiari bidea libre utziz, pentsatu nahiko nuke —berdin zait benetan hala den ala ez—, f-k edo Cezannek arreta osoz eta luzaz begiratuak izan eta gero, gauzak ez direla berdin-berdinak, amiñiren batean behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.