ATZEKOZ AURRERA

Mozorrotu, justizia egiteko

Epaileak eta gaizkileak, mamu harrapariak, frankistak... Denetarik egon da Bilboko aratusteetako desfilean, baita mozorrotu ez baina saria mereziko luketen batzuk ere.

Superheroiek eta fikziozko pertsonaiek ez dute hutsik egin. MARISOL RAMIREZ/ FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Mozorroa sortzen lanik handiena hartu dutenak hor gorago dagoen talde batekoak dira. Ez dakit zergatik ez diren desfilatzera animatu. Ezkontza batean baleude bezala jantzi dira, eta oso ondo, gainera. Andregaiaren soinekoa izugarri dotorea izan da, ez mozorro dendetako trapu zahar horien antzekoa. Eta gonbidatuak ere, zein baino zein eleganteago». Eugenia Martinez alabarekin eta hiru bilobekin zegoen atzo Bilboko aratusteetako desfilea ikusten. «Baina ez da oso irudimentsua, ama», erantzun zion alabak. «Ez da aratusteetarako aproposa». Taldearen bila hasi, eta han zeuden, ehun bat metro gorago, desfilea ikusten. «Ez gaude mozorrotuta! Goizean ezkondu dira, bazkaria hemen ondoko jatetxe batean egin dugu, eta orain parrandara goaz», azaldu zuen emazte berriaren lagun batek.

Plaza Biribiletik abiatu, eta Albia lorategira arteko bidea egiten zuten desfilean parte hartu zuten konpartsa eta lagun kuadrillek. EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian zegoen ibilbidearen bukaera. Epaile eta gaizkilerik ez zen falta izan inguruan; toga soinean zutela batzuk, marra beltz eta zuridun buzoarekin besteak. Guardia Zibilaren burua ere eurekin zuten. «Piolin naiz, Katalunian ordena mantentzen». Fernando Garcia zen, Hontzak konpartsako kidea. «Epaitua nor den, hondatutako justizia honek era batera edo bestera jokatzen du: Konstituzioaren 155. artikulua, politikari ustelak... Hemen dituzu guztiak».

«A ze itxura!»

Azken urtean zer esana eman du hango eta hemengo epaitegietako jardunak, eta Bilboko aratusteetan Hontzak konpartsakoak ez dira epailez mozorrotu diren bakarrak. Hainbat talde egon ziren. Adibidez, toga eta ileorde zuriarekin atera ziren kalera Iker Gonzalez eta haren lagun bi. Trapagarangoak dira (Bizkaia): ez zuten lehiaketan parte hartu, konpartsentzat zelakoan. «[Espainiako] erregea eta epaile batzuk ikusi genituen egunkari bateko azalean, togak aldean zituztela. 'A ze itxura!', pentsatu genuen». Iaz unibertsitateko doktore jantzita atera ziren: «Kapela xelebre horiekin, oso barregarriak dira».

Ozeanoen egoerak ere sortu du kezka, eta horri heldu zioten Trikimailu konpartsakoek: arrantzaleak, urpekariak, arrainak, marmokak... Talderik jendetsuenetakoa izan zen eurena. Baita Pa...Ya!-koena ere: mexikarrez jantzita ibili ziren. Mamuak harrapatzen ibili ziren Hor Dago Abantekoak. Hau Pittu Haukoekpunk janzkera aukeratu zuten. Kaskagorriko gazteek Asterix eta Obelixen herrixka bihurtu zuten Bilbo. Txomin Barullo konpartsak frankistaz bete zuen Kale Nagusia. Artalde handi batek ere osatu zuen ibilbidea.

Sestaotik (Bizkaia) gerturatu ziren Maita Arranz eta lagunak. Antza denez, berandutu egin zitzaien, eta dutxa aldean zutela iritsi ziren Bilbora. Beste urte batzuetan ere hartu dute parte, eta bi urtez jarraian lehiaketa irabazi izan dute. Aitortu zuen ez zela oso erosoa. «Gauean agian enbarazu egingo digu, baina apur bat desmuntatu eta listo: lehiaketa irabazi edo galdu, nik behintzat gogotik dantzatu behar dut!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.