ATZEKOZ AURRERA

Agur eta kolore Zumetari

Jose Luis Zumeta artista omendu dute jaioterrian, Usurbilen, hura hil eta urte eta erdira. Ekitaldi xumea eta gertukoa egin dute, ezagunen eta hainbat artistaren babesarekin.

Josu Zabala eta Gari, Hertzainak-eko kide ohiak. GOTZON ARANBURU / FOKU.
jakes goikoetxea
Usurbil
2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Zumeta ezinbestekoa da. Gure artean egongo ez balitz, asmatu egin beharko litzateke; baina hura partekatzeko, hura bizitzeko zortea dugu». Jesus Mari Lazkano artistak Jose Luis Zumeta hil eta gero idatzitako hitzek indar eta oihartzun berezia zuten atzo eguerdian. Usoa Zumeta alaba eta artistak irakurri eta biziberritu zituelako. Aita omentzeko ekitaldia zelako, haren jaioterrian, Usurbilen (Gipuzkoa). Eta Jose Luis Zumeta, bertaratuen gogoan ez ezik, ekitaldian bertan zegoelako, 1973an Usurbilgo frontoiaren frontisaren atzeko aldean egindako mural erraldoiaren bidez: hamasei metro zabal, bederatzi garai, dena kolore, dena forma, dena bolumen, dena Zumeta. Ia 50 urteko obra gaztea.

Jose Luis. Zume. Zumeta. Hirurak omendu zituzten atzo eguerdian Usurbilen: senidea, laguna eta artista. Urte askoan lagun mina izan zuenaren ondoan, atzo ere: Mikel Laboa plazan. Jose Luis Zumeta 2020ko apirilaren 23an hil zen, COVID-19agatik ezarritako itxialdi betean, eta senideek ezin izan zuten haren lagun eta ezagunekin egon, behar bezalako agurra eman. Atzo, ordea, ekitaldi xumea antolatu zuten, gertukoa, «zikloa ixteko» premia zutelako, Usoa Zumetaren esanetan.

Familiak atzo ondoan izan zituen herriko eta herritik kanpoko lagun eta ezagun asko. Koldobika Jauregi eta Jesus Mari Lazkano artistak; Antton Olariaga komikigilea; Ruper Ordorika, Joseba Tapia eta Juan Carlos Perez musikariak; eta Marisol Bastida Mikel Laboaren emaztea, besteak beste.

«Artista baten handitasuna haren eskuzabaltasunaren arabera neurtzen da», ekarri zituen gogora Usoa Zumetak Lazkanoren hitzak. «Gizarteari bere lorpenak, bere aurkikuntzak eskaintzeko gaitasunagatik. Baina ez aurkikuntzak partekatzeagatik soilik: baita bere deabruak, bere ahultasunak ere. Ateak irekitzeagatik eta bere mundua erakusteagatik. Horrelakoa zen Zumeta».

Jose Luis, baina, Usoaren aita zen. Usoak faltan du egunero aitak lana bukatzen zuenean haren estudiora sartu eta egunean egindako lana ikustea, batzuetan aitarekin, askotan bakarrik. «Hori eman zigun aitak: edertasunez inguratuta bizitzeko aukera», Usoa Zumetaren arabera.

Jose Luis Zumetak 40 urte lehenagoko ametsa gauzatzea lortu zuen: estudio bat jaioterrian bertan —Zumeta Arte Estudioa—, eta alabarekin partekatua. Herrira itzultzea. Bai artista, bai Jose Luis, biak bereizterik baldin bazen. Estudioan lan egin eta gero, ohikoa zuen tabernara joatea, lagunengana. Asteazkenetan, musean aritzera.

Atxaga, Gari, Zabala...

Mikel Telleria kantariak Zumetaren omenez idatzitako kanta jo zuen, lehen aldiz, atzo. Bernardo Atxagak Hans Menscher ipuina irakurri zuen: berez Zumetaren Papiroak erakusketarako sortua, gero Obabakoak liburuan sartua.Atxagak gogoan izan zuen duela 30 urte lagunartean biltzen zirela Zumeta, Mikel Laboa, Marisol Bastida, Gabriel Ramos Uranga, Karmelo Ortiz de Elgea, Vicente Ameztoi... «Lagunarte zabal hartan ikasi eta hezi ginen». Josu Zabalak eta Garik Hertzainak taldearen Ta zer ez da berdin eta 564 kantak jo zituzten. Guantanamera ere izan zitekeen, Zumetarekin eta beste hainbat lagunekin 1990ean Kubara egindako bidaia gogoratzeko.

Usurbili estu lotutako artista izan zen Zumeta. «Usurbil ezin da ulertu Zumetarik gabe: binomio banaezina da», Agurtzane Solaberrieta alkatearen iritziz. «Gure herriari arnasa emateraino. Zumetaren mundu artistikoa osagai ezinbestekoa da gure iruditerian». «Agur eta kolore», agurtu zuen artista.

Jose Luis Zumetak, hil aurretik, etxekoei esana zien ez zuela beilategi batean kristalaren beste aldean egon nahi, ikusgai. Esan zien zer epitafio nahi zuen ere: «Aukeran, tabernan nahiago».

Aurresku batekin bukatu zen atzoko omenaldia. Bertaratuak talde txikietan elkartu ziren aurrena, eta, Zumetak nahi bezala, tabernen bueltan jarraitu zuten omenaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.