ATZEKOZ AURRERA

Nola josten den hutsunea

Saregileak Donostiako kaira bueltatu dira, Euskal Itsas Museoak eta Kofradia Itsas Etxeak deituta. «Baina zuek hau egiten segitzen duzue?», galdetu diete: «Erakutsi nahi dugu ez garela ikusezinak».

Ikasleen eta irakasleen eskuak nahasian, Donostiako kaian, atzo. MAIALEN ANDRES / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Hutsunea baita arrainak bere herioan sarean eragiten duena, eta hutsunea Donostiako kaiak aspaldian duena. Saregileek josten dute lehenengoa, eta atzokoaren gisako ekinbideek, nolabait, bigarrena. Donostiako kaira bueltatu dira saregileak, azken arrantzontzia desagertzearekin batera desagertu ostean haiek ere. Sortu dute ikusmina, eta sortu dituzte galderak. «Baina zuek hau egiten segitzen duzue?», galdetu diete. «Erakutsi nahi dugu ez garela ikusezinak», erantzun dute haiek.

«Nahastu egin naiz. Kosta egiten zait korapiloan orratza sartzea». «Baina egina daukazu eta!». «Tenkatuta gelditu zait, ordea». «Puzzle bat da hau, eta falta dena bete behar duzue». «Ikusten duzue erronboa? Bada, hori osatu behar duzue. Lau alde ditu erronboak; bat falta zaizu. Egin duzu!». «Bideari jarraitzea da kontua, eta korapiloak egitea hor zintzilik ikusten dituzuen hankatxo horietan». «Uf! Pazientzia behar da!».

Euskal Itsas Museoak eta Kofradia Itsas Etxeak antolatu dute ekinbidea. Ondarearen Europako jardunaldien barruan: Saregileekin portuan saretzen izena du egitasmoak —heldu den larunbatean egingo dute berriro—. Baina ez dago jada saregilerik Donostian, eta Hondarribikoak (Gipuzkoa) ari dira irakasle lanetan. Dozena bat ikasle, adin guztietakoak —hiru gizonezko tartean—. Itzalean hasi, eta eguzkitan bukatu. Galdera asko, eta kuriositatea. Honsare egitasmoko poltsak ere badituzte salgai jarriak —botatzera doazen sare pusketekin egiten dituzte, eta ari dira saltzen—.

«Ez gara atrezzo bat», adierazi du Edurne Salaberria saregileak: «Erakutsi nahi dugu ez garela ikusezinak. Ea oraindik honetan segitzen dugun galdetu eta gure berri eman izana bada aletxo bat gure aldarrikapenean. Hemen, Donostian, ez dago jada saregilerik. Ni aritu nintzen azken itsasontzia desagertu zen arte, baina lanean jarraitzen dugu, eta hori erakutsi dugu hemen. Hondarribian, lonjan aritzen gara, eta nekezagoa da jendea galdezka arrimatzea. Hemen, jendeak ikusi egiten gaitu».

Hondarribian hamalau saregile ari dira; Getarian, beste hamalau; eta Orion, zazpi. «Eta gutxituz doa kopurua. Jendea erretiroa hartzen ari delako eta ez delako jende berririk sartzen. Ez daukagulako soldata finko bat, eta jendeak hori behar du ezinbestean».

«Desagertu egin dira»

Horren guztiaren berri izan dute egitasmoan izena eman dutenek. Marta de Juana donostiarra bere senitarteko eta lagunekin ari da. Ez da erraza hutsuneak josten ikastea, baina gustura ari da: «Sekulako ekinbidea iruditzen zait. Txikitan saregileak kaian ikusten genituen, baina desagertu dira. Esplikatu digute zein izan den haien bilakaera, eta egiten duten hori geure eskuekin egitea zoragarria iruditzen zait. Eta ohartzea zein den haien egoera, hobera egin dutela, baina egoera gogorra dela oraindik ere».

Ikusgaitasuna lortzen da halakoekin: «Egia da galdetu dugula lan honetan jarraitzen ote duten, baina kontua da ez direla inon ikusten». Hutsunea ez baita sareena bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.