ATZEKOZ AURRERA

Sen kritikoa mozorrorik gabe

Sormenak ez ezik, aldarrikapen politiko eta sozialek ere Bilboko inauterietako desfilea hartu dute: konpartsek Eurokopa, apustu etxeak edota eredu ekonomikoa salatu dituzte.

Abante konpartsako kideak, Plutonerako misiorako prest. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Uretarako betaurrekoak eguzki izpietatik babesteko atontzen dituen igerilaria; suziri espazial bihurtutako haur-gurditxoa, hegalak jaso beharrean jendartean igaro ahal izateko; Wally lehen lerroan, denon bistara; barre egiten ari den smiley baten jabea aharrausika; Son Goku umezain; txakur bat lehoi ileorde batekin... Denetik ikus daiteke inauterietan, denetik egiteko garaia delako: ondo pasatzeko, arauak gainditzeko, baita kritiko izateko ere. Sen hori gailendu zen atzo arratsaldean konpartsen artean, Bilboko Kale Nagusian izandako desfilean: mozorrotutako ehunka lagunek mozorroa kendu zieten herritarren kezkagai nagusiei, eta, utopia gaitzat hartutako karnabaletan, bestelako gizarte bat atera zuten plazara.

Madari, limoi eta bihotz distiratsudun txanpon-makina handi bati bultzaka, eta bozgorailuetatik «potea daukagu pilatuta» iragarriz, apustu etxeen aurkako aldarria festa bihurtu zuen Otxarkoagako PaYa konpartsak. Laurogei auzokide inguru bildu ziren, croupierrez, jokalariz eta enpresariz jantzita, Money, money abestia antzeztera. «Eskolen inguruetan jartzen ari dira apustu etxeak, adingabeak ere erakarri nahian. Ez ditugu nahi, ez Otxarren, ez inon», azaldu zuen Marian Romerok.

Aldiz, Kaskagorri konpartsakoek ekainean hiriburuan jokatuko den Eurokopa izan zuten inspirazio iturri. Futbolariak eta politikariak ez ezik, halako ekitaldi handietan kaleak garbitzen aritzen diren langileek ere parte hartu zuten desfilean, eta, horiek denak «zaintzeko», ertzainak eta guardia zibilak. «Badaezpada», ohartarazi zuen bigarrenetako batek. «Hau ez da kirola, baizik eta negozioa. Ez, ez, barkatu, alderantziz da! Non ote daukat burua?».

Birziklatu eta berrasmatu

Hiri ereduaren inguruko kritika egin zuen Komantxek ere. Sistema kapitalistak dakarren hondamendia irudikatzeko, limako handi bat egin zuten: «Bare hirijalea da: ama lurraren barnetik ateratzen da, eta hirian pilatutako zabor guztia jaten du». Makilak eskuetan hartuta, tribua osatu zuten konpartsakideek; jantzietarako, arropa zaharren zatiak erabili zituzten, baita plastikoak eta kartoiak ere: «Material birziklatua da dena. Azkenean, antzinako inauterietan ez zen dirurik gastatzen mozorroetan; kutsu hori berreskuratu nahi dugu egungo ikuspegi desarrollistaren aurrean, eta bestelako iruditeriak sortu».

Zaldibarko (Bizkaia) ezbeharra gogoan, Bilboko hegoaldeko saihesbideko lanen kaltea jasoko duen Bolintxu zaintzeko ere eskatu zuten Bizizaleak konpartsakoek. Feminismoaren «domino efektua» gorpuztu zuten Mamikiko emakumeek. Animaliak kozinatzeari uko egin, eta ostalaritza eskolako ikasle disidente bihurtu ziren Piztiak-eko kideak. Eta Abantekoek, berriz, NASA berrasmatu zuten: Nafarroako Agentzia Super Aeroespaziala, Pluton planetara joateko prest. «Bai, planeta da; nazio txikien aldarrikapena egin dezagun!».

Baina kritika politikoak Euskal Herriko mugak ere gainditu zituen. Askapeña konpartsa internazionalistak zirku bat irudikatu zuen, «horixe baita mundua», Bea Paulek azaldu zuenez. «Horko pailazo hori Santiago Abascal [Voxeko burua] da. Eta aurrean doa Jeanine Añez: mago bat da, eta hala lortu du Boliviako presidente izatea. Ni, berriz, malabarista bat naiz: petrolioarekin eta diruarekin nahi dudana egiten dut», esan du, Donald Trumpen mehatxuzko maskara aurpegian jarriz. Keinuak ingurukoen algara eragin du; kritika eta alaitasuna uztargarriak diren seinale, agurtzean emandako gomendioa: «Barre asko egin!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.