LAUHAZKA

Urte more bat

2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Martxoaren 8a probestu ohi dut urteko balantzea egiteko, data ederra baita feminismoaren eragina neurtzeko, baita berdintasunaren aldeko pausoak ala atzerakakoak eman ote diren ikusteko. Une honetan, prozesu erabat ezberdinak gertatzen ari dira; horregatik, emakumeen aurkako bortizkeriak modu gordinean eragiten jarraitzen badu ere, feminismoari buruzko liburuen argitalpen-kopurua inoizko handiena da. Guattariren hitzei jarraituz, patriarkatu global osatuari iraultza molekularrak sortu zaizkio. Beraz, hona hemen niri urteak ekarri didan uzta.

Lehenengo fruitua begirada luze eta baikor bati dagokio, ausartuko bainaiz esatera azken urteotako olatu feministak eragindako aldaketa sakonek moldaketa estrukturalak bultzatu dituztela, olatua joandakoan ere iraunen dutenak. Ideia hori harremanik ez duten adibideekin osatu daiteke: batetik, irakaskuntzan nabari den berdintasunaren aldeko lana dago, umeen lexikoan berdintasun eta feminismo hitzak sartu dituena; bestetik, antolakuntza feministara heltzen ari diren neska gazte askorentzat bizipen hori da, hain justu, politikarekin eta militantziarekin duten lehen harremana, eta bizitzen ari diren esperientzia horiek guztiek betirako iraungo dute haien gorputz, buru eta keinuetan. Gainera, askotariko ikuspegi eta ekintzek osatzen dute feminismoa; talde eta kolektiboetatik harago doa, eta zentzu poliedrikoa ematen dio Martxoaren 8ari; alde horretatik, M15 mugimendutik gertu dago (horren adierazle dira, esaterako, mugimendu feministak modu autonomoan ateratzen dituen kartel eta pankartak), eta hau zeharkakotasunaren adibide da.

Uztaren bigarren fruitua maila teorikoagoan kokatzen dut. Kasu honetan, Euskal Herriko jardunaldi feministetan emakume arrazializatuek mahai gainean paratutako eztabaidez ari naiz: feminismoa dekolonizatzeko beharra, zuritasunak ematen dituen pribilegioen berrikuspena edo zapalkuntza-subjektu berrien existentzia. Gurean jorratu ohi ez diren gai horiek topaketa hartako parte-hartzaileen %90ari zuzenduta zeuden, eta emakume askorentzat gogorra izan zen han esandakoak entzutea (tronpatzeko beldur gutxirekin, esanen nuke egun batzuk behar izan genituela entzundakoa irensteko).

Deserosotasun (batzuentzat haserre) haren esanahiari buelta asko eman dizkiot, eta behin eta berriz Davisen zapalkuntza hirukoitza agertzen zait aurrean. Orain arteko euskal subjektu feminista homogeneoa izan da arrazari eta klaseari dagokionez, eta aipaturiko subjektu berri horiek feminismoaren barnean zeuden orekak hausten ari dira. Subjektu arrazializatuek jasaten dituzten zapalketak ikusarazi zizkiguten emakumeak ere Euskal Herriko feministak dira, nahiz eta hemengo mugimendu feministaren dinamikari eragin zioten, baita haren ordena inpugnatu ere. Eztabaida haren ondorioz, feminismoan sakontzen jarraitzeko aukera paregabea zabaldu zen, nahiz eta arriskuak ere ageri diren, eta horri bilatutako erantzunak irekiak eta bateragarriak izan daitezkeen (askatzaileagoak) edo burokratikoak (ordenari jarraipena ematen diotenak). Urte honek esanen digu zein bide hartuko den...

Ildo horretatik tiraka, urteko azken fruitua aktibismoaren mailan kokatu nahi nuke, Iruñean momentu honetan gori-gorian dauden bi gatazkaren harira. Elkarren artean antzekotasun gutxi duten mugimenduak dira, elementu baten salbuespenarekin, bietan emakumeak baitira protagonistak. Hitz egiten ari naiz Iruñeko Bloques en lucha aferaz (putre funtsekin erositako etxebizitzen alokairu-igoeraren aurka sortutako auzokideen antolamendua) eta haur-eskoletan bizi dugun gatazkaz (hizkuntzari eragiteaz gain, ikasle-kopuruari eta irakasleen soldatei ere eragiten diena). Bietan dira emakumeak nagusi, bietan erdigune eta erabiltzaile nabarmen. Bi gatazkek emakumeen bizitzak zeharkatzen dituzte, biak dira borroka feministak, nahiz eta esparru feministetatik ez den horietan parte hartu. Hori gertatuz gero, bi aldeetan, hau da, borroka zehatzetan eta mugimendu feministan, nabarituko lirateke onurak.

Egoera interesgarria bezain mugitua bizi dugu, eta auskalo 2020ko uztak zer ematen digun. Horren esperoan egonen gara, baina ez, noski, besoak gurutzaturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.