Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Hezeguneko sinergia

Landareek eta hegaztiek bat egiten dute Gasteizko Salburua parkean, eta bizia ematen diote hezeguneari. Ataria interpretazio zentroak natur ibilbideak eskaintzen ditu.
Bi pertsona, animaliei begira, Zumas behatokitik.
Bi pertsona, animaliei begira, Zumas behatokitik. RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2021eko martxoak 7

Hegaztiak eta ugaztunak; loreak eta zuhaitzak; lurra eta ura. Elementu horiek guztiek, eta gehiagok, bat egiten dute Gasteizko Salburua parkean. Elkarrekin bizi dira, eta batak besteari eskaintzen dio bizirik irauteko beharrezkoa duena: zikoinek zuhaitzetako adarrekin egiten dituzte habiak, oreinak inguruan aurkitzen dituzten belarrez elikatzen dira, eta intsektuek enbor hiletan osatzen dituzte beraien bizilekuak. Haien batze hutsak sortzen du hezegunearen batasuna; beraien arteko sinergiak egiten du lekua biziago.

Hiriaren erdigunetik gertu-gertu dago Salburuako hezegune zabala. Berez sortua da, Gasteizko akuifero kuaternarioko ura bertan azaleratzen baita. Hezeguneak berrehun hektarea ditu, eta ur askoko garaietan horietatik hirurogei urez beteta egon ohi da. Hala ere, sakonean ez du metro bat gainditzen. Betoñuko eta Arkautiko urmaelak dira nagusi, eta tartean Durantzarrekoa dago.

Ataria interpretazio zentroan hasi da ibilbidea. Ur askoko garaietan sortu ohi den erreka txiki bat gurutzatu, eta Arkautiko urmaelarekin topo egiten da. Makal luzeetan zikoinak daude, eta habiak egiten ari dira. «30 habia inguru egongo dira oraintxe; izan ere, hegaztiak udaberrian hasten dira ugaltzen eta, ondorioz, habiak konpontzen; mugimendu handia dago», adierazi du Aitor Alonso Ataria zentroko gidak. Zikoinek mokoarekin egin ohi duten zarata ere entzuten da, txaloen antzekoak. «Jendeak uste du okil berdeak direla, baina horien soinua ez da horrenbeste entzuten».

Urmaeleko belarren artean, badira oreinak ere. Alonsok azaldu duenez, hezegunean sartutako espezie bakarrak dira, eta 130 inguru daude. «Ur asko dagoenez, landare ugari daude, eta horiek jateko zerbait behar zen; beraz, oreinak sartzeko erabakia hartu zen». Bisitarien alboan, bi orein daude; tente ibiltzen dira, elegante, eta begirada lasaia dute. Hala ere, Atariako gidariak erantsi du batzuetan ez dela horren erraza oreinak ikustea, belarra luze egoten delako.

Uretan, berriz, ahateak dira nagusi; murgil handiak, esaterako. Lepo luzea eta zuria dute, eta burua inguratzen, koroa baten antzeko lumak. Ugaltzeko orduan, berriz, dantza egiten dute, Alonsok adierazi duenez: «Bata bestearen aurrean jartzen dira, eta ispilu dantza egiten dute; mugimenduak kopiatzen dituzte, eta oso deigarria da ikusteko». Horrez gainera, nabarmendu du txitak jaiotzean helduek beren hegalak zabaltzen dituztela, eta haiek sorbalda gainean eramaten. «Zebra baten antzekoak dira txitak; zuriak, marra beltzekin».

Basurdeen arrastoak ere badira; lurra jasota eta oinatzak. Enbor zatiak ere badaude inguruan. «Jendeak esertzeko eta jolasteko erabili ohi ditu, baina intsektuentzat utzi genituen», esan du Alonsok. Izan ere, intsektu batzuk egur hiletik elikatzen dira, hala nola galtzeko arriskuan dagoen alpetar kakalardo adarluzea, eta beste batzuek etxeak egiten dituzte enbor zati horietan.

Bakean dagoena, hala utzi

Zumas behatokia da ibilbideko azken geltokia, eta batez ere ahateak daude, basahateak eta kopetazuriak, esaterako. Hala ere, badira barnealdean hain ohikoak ez diren hegaztiak ere. Hainbat dira, sarritan, kaioen hotsa entzun eta zerura begiratzen duten herritarrak Gasteiz inguruan, harrituta, eta Alonsok eman du horren azalpena: «Hemen elikagai ugari dute, eta baita Uribarri Ganboako urtegian eta Gardelegi zabortegian ere; aski dute bizitzeko».

Isilik egoteko eskatzen duen kartel bat ere badago eskegita, era horretan errazagoa baita bertako bizidunez gozatzea eta haien habitata zaintzea. Alonsok azpimarratu du gizakiak dena aldatzeko joera duela, eta ez dela ohartzen egiten duen kalteaz. Adibide bat aipatu du: «Iaz inoiz baino ugaltze gehiago izan ziren, eta ikusi behar da ea konfinamenduaren eragina izan zen; lasaiago egongo ziren».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Alaitz Saizar eta Emory. ©ALAITZ SAIZAR

«Homosexuala izatea immorala da Malawin»

Jone Arruabarrena

Malawin zegoela, Emory 23 urteko gaztearen kasuaren berri izan zuen Saizarrek. Lesbiana izateagatik kale gorrian geratu zen Emory, eta kanpaina bat abiatu dute orain biek, LGTBIQ+ kolektiboaren alde.
Formigalgo estazioa urtarrilean, hutsik. Egoeraren ondorioz, ezin izan dute ireki. ©EFE

Larra-Belagua, pozik; gainerakoak, ez

Zihara Jainaga Larrinaga

Pandemiaren ondorioz ezarritako neurriek erabat baldintzatu dute eski denboraldia. Bisitarien faltan, estazio askok ezin izan dituzte ateak ireki. Larra-Belaguan txanponaren beste aldea ezagutu dute: inoiz baino nafar gehiago ibili dira.

Aurtengo itzuliaren une bat. ©Jon Urbe / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.