Ane Garcia Lopez.
LAUHAZKA

Neutro

2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun

La Oreja de Van Gogh droga gogorra izan zen 1980ko hamarkadaren bukaeran eta 1990ekoaren hasieran jaio ginen (Hegoaldeko) (neska) askorentzat. Gazte eta babesgabe harrapatu gintuen taldeak, eta ondorioak gaur ere sumatzen ditugu. Haien lehen hiru diskoetako edozein kanta jarri, eta hara: programatuta bageunde bezala ateratzen zaigu ahotik cierra-la-puerta-ven-y-siéntate-cerca (Itxi atea eta eseri nire ondoan, La Oreja de Van Goghen Cuídate kantuko leloa). Fenomeno horri erreparatzen diodanean, eskertuta begiratzen diet Nina Simoneren edo Janis Joplinen kantuei, 14-15 urterekin salbatu nindutelako reina-del-poptasunetik. Ordutik, gehiago naiz Little-girl-blue, eta errehabilitatutzat izan dut nire burua. Duela gutxi arte.

Letrekin obsesionatutako pertsona izan naiz betidanik. Abesten diren hitzei garrantzirik ematen ez dioten pertsona horiek ulertezinak egiten zaizkit, ez baitago ia musika baino plaza handiagorik mezu esanguratsuak botatzeko. Eta halere, Simone eta Joplinen hitzei ez nien arretarik eskaini, haien ahotsen indarraz nahikoa nuelako agian. Halako batean heldu zen, baina, letra-liburuxka bat nire eskuartera, eta zur eta lur geratu nintzen; Me-muero-por-conocerte-saber-qué-es-lo-que-piensas (Irrikaz nago zu ezagutzeko, pentsatzen duzuna jakiteko; Alex Ubagoren Sin miedo a nada kantutik), ene-zainak-moztuko-nituzke-zure-mina-baretzeko edo zu-gabe-ez-naiz-ezer baino pozoitsuagoak baitziren esaldi hauek: Tell me what's a women to do / when her man is gone (Esadazu, zer egin behar du emakume batek / gizonak alde egin dionean?) edo I need a man to love (Maitatzeko gizon bat behar dut). Musikalki eboluzionatu arren, droga berbera hartzen aritu ote nintzen? Zergatik abesten zituzten halako musikari itzelek halako letrak?

(Spoilerra: lehen galderaren erantzuna baiezkoa da, eta drogaren izena, maitasun erromantikoa. Bigarren galderaren erantzuna, berriz, patriarkatua da, baina sakondu dezagun).

Izan ere, bitxia egin zitzaidan talentu izugarria zuten emakume horiek halako maitasun desesperatua adieraztea: maitasun haren gabezian haiek desagertu egiten zirela esatea. Noski, badago esaten duenik letrak fikzioa direla, ahotsa betetzeko aitzakia hutsa; baina zer fikzio esatea eta ahoa zerekin betetzea hautatzen dugun ere kontuan hartzekoa da. Gainera, Simoneren eta Joplinen biografiei erreparatuta, badirudi halako bakardade eta dependentzia ez zela erabateko fikzioa izan haien kasuan, talentu izugarriak ez baitzituen salbatu emakumeak maitasun mota konkretu batek definitzen dituelako usteaz. Bi abeslari horien aitzakian ohartu nintzen kantu eskerga eskaintzen diogula maitasunari; maitasun erromantikoari bereziki. Baina, zergatik?

Ba, oraingoan, kapitalak omen dauka errua. Eta irratiak. Masa hedabideen sorreran, 1930eko hamarkadan, AEBetako kate garrantzitsuenen helburua jendeak irratia kontsumitzea zenez, masentzako entzunerraza zen musika bilatu zuten. Eta hor sartu zen maitasuna jokoan: haren unibertsaltasun ustezkoak gai perfektu bilakatu zuen, ez baitzen politikoa (itxuraz), eta, gainera, arrazaren inguruko tentsioak puri-purian zeuden unean, berdindu egiten zuelako gizarte osoa. Kapitalak eskua eman zion maitasun erromantikoari, eta zoriontsu bizi izan ziren betiko.

Hori da, irakurle: maitasun erromantikoak berdindu egiten gaitu: zuri nahiz arrazializatu; emakume, gizon nahiz queer; hetero nahiz LGTBIQ+. Horregatik eskaintzen dizkiogu horrenbeste kantu. Gai neutroa delako.

Ba nik ez diet inongo neutraltasunik ikusten nire buruan nola sartu diren jakin gabe goitik behera abesten ditudan kantu batzuei. Eta are neutraltasun gutxiago ikusten diet, kontuan izanda halako mezuak daramatzan musika sarritan neskok entzun dugula gaztetxotan (entzunarazi digutela?), eta oraindik ere badihardugula pozoi hori okatzen.

Kantugile batzuei entzun izan diet barrutik ateratzen direla halako letrak, eta, beraz, benetakoak direla. Noski. Hori baita (letradun) musikaren ahalik ederrena: hitzaren laguntzaz, baduela gaitasuna esan ezineko hori adierazteko, intimitatea kolektibizatzeko eta sentimenduak taxutzeko. Ohartzen zara? Aho biko labana da. Eta, beraz, noski direla barru-barrukoak letrak, benetakoak; baina kontua da gure intimitatea jada baldintzatuta dagoela kantu bilakatzen denerako. Leku komunak bisitatzen ditugu behin eta berriz. Erromantikoki saturatuta gaude (Mari Luz Estebanen hitzak mailegatuz): maitasuna musikaren kontsumorako fast food bilakatu zuen kapitalak, eta orain, taxutzen duen ideal hori naturaltzat daukagu.

Honekin guztiarekin ez dut esan nahi maitasun kantuak egin ezin direnik (beti eta inoiz hitzak akaso debekatuko nituzke gustura). Baina halako kantuen naturaltasun eta benetakotasun ustezkoa, maitasunaren inguruko diskurtsoen unibertsaltasun eta neutraltasuna zalantzan jartzen hasiko bagina, akaso ikasiko genuke maitasun erromantikoaren droga neurrian eta nahi dugunean hartzen. Adibidez, pisukideekin pozoi erromantikoaren exorzismo moduko bat egin nahi duzunean, haiei Eres la reina del pop (Poparen erregina zara) oihukatu eta ero moduan dantzatzen duzun artean. Probatu. Noizbehinka ondo dago performanceak egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.