ATZEKOZ AURRERA

Arnasestutik arnasara

Txillida Leku museoak ibilbide berezi bat prestatu du osasun zerbitzuetako langileentzat, arnasketa eta kontzentrazio ariketekin, pandemiak eragindako zama arintzeko asmoz.

Goian, Isabel Bermejo Argiaren bila I eskulturaren barruan. Behean, bere burua besarkatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
jakes goikoetxea
Hernani
2021eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Isabel Bermejo zuzenean iritsi da lanetik. Hernaniko (Gipuzkoa) osasun etxetik Osasun Leku bihurtutako Txillida Leku museora. Etenik gabe jotzen duen telefonoaren hotsa entzun eta txertoak jarri ondoren, isiltasunera eta bakera. Arnasestutik arnasara. Zibilizaziotik oasira: belaze berde zabalak, Zabalaga baserri dotorea eta Eduardo Txillidaren eskulturak. GI-2132 errepideko autoen zurrumurrua baino ez bakea urratzen.

Arnasketa ozeanikoa egitea da lehen proposamena: arnasketan kontzentratzea, kokotsa bularrerantz jarrita arnastea, arnasa soinua eginez botatzea, arnasa ahoa itxita botatzea, arnasgorak eta arnasbeherak luzatzea... Bermejok begiak itxi ditu, eta arnasten hasi da. Bere barnera bildu da, egunero, oharkabean, dozenaka aldiz egiten den ekintzan kontzentratzeko. «Sentsazio onekin», ireki ditu begiak.

Hurrengo geldialdira abiatu da, belarrezko alfonbra gozoan aurrera, oinetakoak lurraren hezetasunarekin bustitzen. Bermejo erizaina da Hernaniko osasun etxean. 37 urteko eskarmentua du erizain lanetan. Txillida Lekura joan da, museoak bisita bereziak antolatu dituelako osasun zerbitzuetako langileentzat, doan, COVID-19ari aurre egiteko lanak eragindako zama arintzeko asmoz: Juan Carlos Irurtzun psikiatrak proposatutako jarduerak eta eskulturak uztartu dituzte, Osasun Leku izeneko egitasmoan, liburuxka bat gidari.

Bermejo txiki ageri da Argiaren bila I eskultura erraldoiaren parean. Aurrena inguratu egin du Corten altzairuzko pieza, eta gero barrura sartu da. Zerua bilatu du barruko uhinetan gora. «Gehiago gustatu zait kanpotik, barrutik baino».

«Iritsi ezinik»

Barne motxila arintzera joan da Txillida Lekura, baina ez da erraza. Erizaina da, lehen arretan. «Osasun zerbitzuetako ahizpa pobrea gara. Erizainon lana ez da ikusten». Eta egiten dituzten lanetako batzuk zerrendatu ditu: PCR «pila bat»; txertoak jarri, bai osasun zentrora joaten direnei, bai joan ezin direnei, «etxez etxe eta baserriz baserri»; telefono bidezko arreta, galbahe lanak eginez eta beharrezko kasuak medikuengana bideratuz; eta izurritearen aurreko lanak, «gaur egun ia-ia lan arrunta egiten baitugu». Egoera ez da ona: «Askotan egon gara gainezka eginda, iritsi ezinik. Gaur egun ere bai».

Telefono bidezko arretaren zailtasuna eta zama nabarmendu du batez ere. Zailtasuna, ez delako modu egokiena jendeak zer daukan neurtzeko eta bideratzeko, ezagutzen ez dituztenekin batez ere. Zama, jendea «kokoteraino» dagoelako: «Batzuetan gaizki tratatzen gaituzte; egunero izaten dugu liskarren bat, eta guk ere pazientzia erraz galtzen dugu. Hala ere, guztia ematen dugu».

Besarkada XIV. Corten altzairuzko besarkada. Norbere burua besarkatzea da proposamena. «Sentsazio indartsua» iruditu zaio. Izurrite garaian izan da faltan eman duen besarkada bat: Bartzelonan bizi den alabarena. Hilabete batzuk igaro eta gero, besarkatu ahal izan zuen. «Alaba ez da oso adierazkorra, baina hark ere besarkatzeko premia zuen».

Hurrengo eskulturak lau horma ditu: Zabalaga baserria. Harriz, harlauzaz eta egurrezko habe sendoz osatutako eskultura. Txillidaren eskuen margoak, norberaren eskuak aztertzeko aitzakia.

Ibilbidea bukatzen ari da. Granitozko Sakona airea da, Estela XII. Granitozkoa eta sakona da ere bertan egiteko proposatutako jarduera: Neu naiz... esaldia hiru aldiz osatzea. Osatu ditu Bermejok. «Ni naiz... ni, barruko Isabel, ez erizaina... Eta ni naiz ama eta emakumea».

Abiatu eta ordu eta erdira, berriro aparkalekuan, bisitak merezi izan duela dio Bermejok. Ez da lanaz ahaztu, besteak beste kazetariaren galderak erantzun behar izan dituelako. «Baina iritsi naizenean ekarri ditudan presak kanpoan geratu dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.