ATZEKOZ AURRERA

Esnekien erakusleihoa

Lehenengo aldiz, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka antolatu dute Tolosan: Esneki. Behi frisiarren txapelketa, dastaketa gidatua eta esnekien lehiaketa eta azoka egin dituzte.

Esneki Zentroko Eider Fernandez, esnekien dastaketa gidatzen. GOTZON ARANBURU / FOKU.
ane insausti barandiaran
Tolosa
2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Askotariko formetan daude aurkeztuta: batzuk edalontzi txikietan, modu likidoan daude; beste batzuk plater karratuetan, dadotxoetan moztuta; egurrezko tauletan, triangelu txikietan hurrengoak; zati borobiletan ere badaude batzuk. Forma gorabehera, guztiak dira gazta eta esnekiak, ordea, eta erakusleiho ederra osatzen dute Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekuko mahai luzean. Izan ere, lehenengoz, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka antolatu zuten atzo: Esneki.

Inauteriengatik, gozoengatik, txotxongiloengatik eta babarrunengatik da batez ere ezaguna Tolosa, baina esnekiek ere erakarri dute jendea. Batzuek azalpena hasi orduko ahoratu dituzte gazta zatiak, tentazioari eutsi ezinda: «Ez hasi oraindik! Lehenengo jan barrukoa bakarrik, eta gero probatu zati bat azalarekin», gomendatu die Esneki Zentroko Eider Fernandezek. Euskal Herriko gazten aniztasuna ezagutzeko dastaketa gidatua egiten ari dira.

Bederatzi esneki kategoria dituzte dastagai, jogurtetik hasi eta gazta urdineraino. Mahatsak, ogi makilatxoak eta ura jarri dizkieteeskura, gazta batetik bestera zaporea berdintzeko. «Azala lizunduta badago, jangarria da. Pena da, askotan gazta erdia jan gabe uzten dugu», esan du Fernandezek. Azaldu duenez, azala horixkadun gaztetan begiratu behar da ea azala jan daitekeen edo ez; gaztagileak behartuta daude etiketan hori adieraztera.

Fernandezen azalpena bozgorailuetatik ateratako hotsak eten du: «Hasi gerturatzen epaile dastatzaileak». Frontoiaren beste aldean egin dute Euskal Herriko gazta eta eta esneki mota guztien txapelketa: guztira, 100 gazta eta jogurt aurkeztu dituzte, eta 40 dastatzailek erabaki dute zeintzuk diren produkturik onenak.

Bederatzi kategoriatan banatu dituzte: jogurtak, gazta fresko eta gaztanberak, gazta laktikoak, gazta kremak, pasta bigunak, behi-, ardi- eta ahuntz-gazta onduak eta gazta urdinak. Etengabe ari dira hainbat pertsona, mantalak jantzita eta ilea bilduta, frontoiaren atzeko aldean, gazta zatiak prestatzen. Zenbaki batez gaztaren jatorria ezkutatu, eta epaileengana eramaten dute.

Kategoria bakoitzeko irabazleaz gain, gaztarik onena ere aukeratu dute. Otzara Goine pasta biguna izan da txapeldunetan txapelduna: Euskal Herriko gazta onenaren sari nagusia irabazi du Asteasuko (Gipuzkoa) Goine Berriaren gaztak.

Lehiatik azokara

Pilotalekuaren kanpoaldean, Larreta baserriko langileen postua dago: gazta freskoa egiten ari dira, bi txandatan, eta txahal pare bat ere eraman dute, haurrek biberoia eman diezaieten. Baserritarren errealitatea jendearengana gerturatzea dute xede.

Ferialekuan, behi frisiarren lehiaketa ere egin dute: sartu orduko nabaritzen da lasto eta behi usaina. Behiak banan-banan aztertu dituzte, ikusleen harrigarri: «A zer behi puskak!», diote. Trianguloa plazan, berriz, azoka jarri dute, hainbat esneki posturekin: jendez bete da karpa. Gustura dabiltza herritarrak, hara eta hona, esnekien erakusleihoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.