ATZEKOZ AURRERA

Bide zaharreko arte geltokiak

Vasco-Navarro trenak egiten zuen bidea artez bete dute zenbait artistak, Nomadak-El Trenico proiektuan. Bergara eta Eskoriatza artekoak ikusteko, bizikletaz egin dute ibilbidea.

Parte hartzaileak Bergarako plazatik abiatu ziren bizikletaz atzo, tren zaharraren bideari jarraika. BERRIA.
Andoni Imaz.
Bergara
2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Etengabe eraldatzen dira kaleetako paretak, herrietako paisaiak. Grafitiek eta muralek estali dute paretetako margo zartatua, eta bidegorriek, berriz, iraganeko trenbideek utzitako azken arrastoak. Bide horien azpian dagoena gogora ekarri zuten atzo Debagoienean (Gipuzkoa): Nomadak-El Trenico proiektuak trenbide zaharra artelan berriekin lotu du.

Goizean, jendea tantaka azaldu da Bergaran (Gipuzkoa) zehaztutako lekura. Lehen begi kolpean bereiz daitezke larunbat goizean pedalei eragitera ohitutako zikloturistak, eta ohetik salto egitera animatu diren gainontzeko abenturazaleak. «Anaiaren jaunartzeko bizikleta» daramala aitortu du, barre artean, taldetxoko kide batek. Ez dute bide makala aurrean: Eskoriatzara (Gipuzkoa) joatekoak dira, iraganean Vasco-Navarro trenak egiten zuen bidetik.

Tren hura «zer izan zen» gogora ekarri nahi du proiektuak, Iñaki Landa antolatzailearen hitzetan. 1889tik 1967ko abenduaren 31 arte, Bergara eta Lizarra (Nafarroa) lotu zituen tren hark. Egunotan, bide hori bera osatzen ari da Nomadak-El Trenico proiektua, nazioarteko zazpi artistaren esku hartzeekin.

Bergarako ertzain etxearen azpiko pasabidean, nabari da iragana kolpetik astindu dutela kalean. Irantzu Lekue artistak jarritako aldamioak aldez alde hartu du bidegorria, eta aldamenetik igarotzen direnek ezin dute trenaz baizik hitz egin Lekue prestatzen ari den irudiei begiratzean.

«Hemendik pasatzen zen trena?», esan dio anaia batek besteari. «Bai, amatxo ibilia da», besteak. «Amatxo ez, aitita!», zuzendu dio amak. Lekuek kontatu du gauza asko entzun dituela lanean eman duen denboran. «Atzo, gazte batek galdetu zidan autobus geltoki zaharraren inguruko zerbait margotzen ari ote nintzen. Ez zekien hemendik trena pasatzen zenik ere!».

«Trenaren historia» jaso du artistak pasabidean: azpian, txartelak jarri ditu, baita lokomotorraren plano bat ere. Kanpoaldean, trenak jarri ditu, «modernizazioa» irudikatzeko: alde batean lokomotorra, eta bestean tren elektrikoa, emakume bat gidari dela.

Trenaren bidean jarraituta iritsi dira bizikleta gainean Arrasatera (Gipuzkoa), eta, han, institutuaren ondoan, Belen Robeda artista argentinarrak prest dauka 30 metro luze den horma irudia. «Forma organikoak eta geometria nahasten» aritu da Roberda, eta lau egunean osatu du lana.

Bidea hasi da

Eskoriatza izan da gaurko azken geltokia. Hango tunel bat margotzen ari da Tomas Facio argentinarra, pazientzia handiz. Pintzelarekin egiten ditu marrak, banaka, tinta txinatarrez. Irudia hogei bat egunen buruan bukatuko duela uste du. Bitartean, entzungailuko musikaren erritmoan astinduko du pintzela; krautrocka maite du, Tangerine Dream taldea batez ere.

Vasco-Navarro trenaren bidea luzea da oraindik. Gaurko hasieraren ondoren, artista nomadak Euskal Herrian barrena ibiliko dira azaroaren 21a bitarte, trenbide zaharraren bazterretan paisaia berriak sortzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.