Indarkeria matxista

«EZ GAITUZTE ISILARAZIKO»

Sanferminetako talde bortxaketaren auzian kondenatutako bost erasotzaileak aske utzi izanak haserrea piztu du mugimendu feministaren barruan. Aktibismoaren, komunikazioaren, politikaren edota zuzenbidearen alorretan aditu diren hainbat emakumerekin hitz egin du BERRIAk, epaiaren ondorenaz.

Herenegun Iruñeko udaletxe aurrean eginiko protesta. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz. Jon O. Urain
2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Badakigu ez dugula sistema judizialaren babesik»; «geure burua babestu nahi badugu, guk geuk egin beharko dugu»; «epaileek oso mezu arriskutsua igorri diote gizarte osoari»... Askotariko gogoetak eragin ditu sanferminetako talde bortxaketaren auziko azken erabaki judizialak. Besteak beste, botere judizialaren eta gizartearen arteko «banaketa» arriskuaz ohartarazi zuen atzo Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak. Erasotzaileak baldintzapean aske utzi izanak hautsak harrotu ditu mugimendu feministan: adostasun ia erabatekoa dago erabakia txarresteko garaian, baina ñabardurak azaleratzen dira egoeraren diagnostikoan eta aurrera begirako urratsak zehazterakoan. Halere, mugimendu feminista indartsu baten garrantzia eta mobilizazioen beharra azpimarratu dute.

PATRI PERALES



Iruñeko Udaleko zinegotzia

«Aurretik planifikatutako estrategia bat izan da, feminismoaren kontra»



Lehen eguneko sumindura pasatuta, erabaki judiziala «sosegu apur batekin aztertzeko astia» izan du Iruñeko Udaleko Tokiko Ekonomia Iraunkorreko zinegotzi Patri Peralesek. Haren ustez, ebazpenaren atzean «ongi landutako estrategia bat» dago, «feminismoak orain arte eginiko bidea eta hainbat erakunderen aldetik emaniko sostengua errotik mozteko». Hala ere, feminismoari bakarrik ez, epaileen jarrerak emakume guztiei eta, are, gizarte osoari eraginen diola uste du Peralesek: «Emakume guztioi emandako zaplazteko bat da, eta aho zapore oso garratza utzi digu. Garbi geratu da emakumeok ez dugula babes judizialik, eta horrek oso mezu arriskutsua bidaltzen dio gizarteari. Atzera garamatza, gaindituak zirela uste genuen garaietara. Gisa honetako epaien ondorioz, eraso bat jasan duten emakume asko ez dira ausartuko salaketa jartzera; mina, amorrua eta etsipena irentsi, eta aurrera eginen dute».

Bestalde, ebazpena hainbat hedabidetara filtratu izana «oso larria» dela uste du zinegotziak: «Iruñeko Udala akusazio partikular gisa sartuta dago auzian, eta, hala ere, hedabideen bitartez izan genuen epaiaren berri. Prozedura osoa irregulartasunez betea egon dela salatu behar dugu».

Gizartearen erantzuna, berriz, «eredugarria» izan da, Peralesen ustez. Iruñean, «bat-batean inprobisatutako manifestaziora jendetza batu izana» txalotu du bereziki, eta gizarteak erakundeei «aurrea hartu» diela azpimarratu du: «Bidea markatu digu jendeak, eta argi utzi digu gauzak aldatu nahi baditugu ez dugula sistemaren zain egon behar; guk geuk atera behar dugu kalera».

IRANTZU VARELA



Kazetaria eta ekintzaile feminista

«Ez da izan sistemaren huts bat; sistema bera aldatu behar da»



«Logikoa». Horrela definitu du Irantzu Varelak sanferminetako talde bortxaketaren auziko azken ebazpena: «Aurreko sententziaren eta epaiketaren bide beretik dator ebazpen hau ere. Alde horretatik, koherentea da oso. Ez da izan sistema patriarkalaren hutsegite bat, sistema bera baita horrelakoa, ongi funtzionatzen duenean. Hortaz, sistema osoa aldatu behar dugu, goitik behera».

Ekintzaile feministaren esanetan, sanferminetako erasoaren auziak arreta osoa bereganatu duen arren, «kasu bat» besterik ez da, «egiturazko jazarpen baten testuinguruan» kokatu beharrekoa. «Gizonek gizonentzat diseinatutako sistema honetan, indarkeriatzat jotzen dira gizonen arteko borrokaldiak, baina ez emakumeen kontrako sexu erasoak, edota sanferminetako gau batean bost gizonen artean 18 urteko neska bat bortxatzea. Hori indarkeria ez dela dioen sistema baten barruan, azken ebazpen honek ezin digu harridura sortu».

Sistemak andreei bizkarra ematen diela iritzita, autodefentsara deitu du Varelak: «Poliziak, Justiziak eta sistemaren egitura guztiek onartu egiten dute emakumeen aurkako indarkeria; hortaz, zein da gelditzen zaigun irtenbidea? Ikusita sistemak ez gaituela babesten, geure burua era kolektiboan defenditu beharko dugu: autodefentsa feminista da bidea; ez gaituzte isilaraziko».

Azkenik, indarkeria matxistaren normalizazioan hedabideek duten erantzukizuna ere nabarmendu du ekintzaileak: «Hedabide gehienak herenegun jabetu ziren errealitate honetaz, eta gehienak orain ari dira ikasten. Oraindik orain, feministak zoro eta histeriko talde bat bagina bezala tratatzen gaituzte zenbait komunikabide eskuindarretan; eta, beren burua aurrerakoitzat duten askotan ere, ekidistantzia onargaitza darabilte». Horregatik, hedabideek «gogoeta sakona» egin beharko luketela uste du Varelak, «emakumeen ahotsa eta irudia nola islatu nahi duten erabakitzeko, ez bakarrik indarkeria matxista kasuetan, baizik eta eguneroko jardunean».

ANA MURCIA



Ekintzaile feminista

«Irtenbidea ez da iritsiko instituzioen aldetik, andreen eskutik baizik»



«Hau gerra bat da», dio Ana Murciak, gordin. Ez du mezua leuntzeko edo eufemismoak erabiltzeko beharrik ikusten, «egoera larria baita». Donostialdeko hainbat elkarte eta kolektibo feministatako kidea da, eta urteak daramatza indarkeriarik gabeko espazio libreen alde borrokan. «Oldarraldi patriarkala, arrazista eta kapitalista da honako hau, eta sanferminetako bortxaketaren ebazpenak sistemaren aurpegi bortitzena, ilunena azaleratu besterik ez du egin», azaldu du.

Sistema horren aurrean, emakumeei «eta berdintasunaren alde lan egin nahi duten pertsona guztiei» gelditzen zaien bide bakarra «antolatzea» eta «kalean presioa egitea» dela gaineratu du Murciak. «Irtenbidea ez da erakundeetatik helduko. Edo ez hortik bakarrik, behintzat. Emakumeok izan behar dugu geure etorkizunaren jabe».

Izan ere, lege «aurrerakoiak» idatzi eta indarrean jarrita ere, indarkeria pairatzen duten andre asko «bakarrik» sentitzen direla gaineratu du ekintzaileak: «Legerik onenak izan ditzakegu, baina, praktikan, biktimen barne sufrimenduari ez zaio erreparatzen, eta horrek ondorio latzak izan ditzake emakume horien egoeran».

MIREN ORTUBAI



Abokatua eta Zuzenbide irakaslea EHUn

«Ezin dugu arinkeriaz eskatu badaezpadako kartzelaldia luzatzea»



Sanferminetako talde bortxaketaren auziak «zalantza ugari» eta «barne gatazka» eragiten diola aitortu du Miren Ortubai legelariak, BERRIAren galderei erantzun aurretik: «Ordu gutxi igaro dira ebazpena jakin zenetik, eta berealdiko haserrearekin ezin dira gauzak behar bezala aztertu». Arduraz jokatzeko galdea egin du.

«Uneotan, erraietatik ateratzen zaidana da haserre bizian egotea eta amorru hori azaleratzea, erasotzaileak kalean gelditu direlako», azaldu du. «Finean, gizarte honen alderik txarrena ordezkatzen dute bost morroi horiek: matxismoa bere adierarik bortitzenean». Hala ere, auzia aztertzean, «arrazionaltasun apur bat» falta dela uste du Ortubaik: «Abokatu penalista naizen heinean, burua hotz mantendu behar dut, eta ezin naiz badaezpadako kartzelaldiaren alde agertu. Behin-behineko kartzelak izan beharko luke salbuespen neurri bat, oso kasu gutxitan erabiltzekoa, eta ez sistematikoki aplika daitekeen zigorra». Zuhurtzia hori beharrezko ikusten du EHUko irakasleak kasu guztietan: «Altsasuko gazteen auzian, Kataluniako buruzagi independentisten kasuan, eta, niri amorrua ematen didan arren, baita bortxatzaileen kasuan ere».

Badaezpadako neurriak orokortzea eta zigorrak gogortzea eskatzeak feminismoari «kalte» egiten diola uste du Ortubaik: «Espainian, badaezpadako kartzelaldiaren erabilera neurrigabea egiten da, eta askok nahastu egiten dute justizia zigor gogorragoekin, baina, legelari eta feminista gisa, ezin dut hori onartu. Gizartea aldatzeko eta parekidetasuna lortzeko borrokan ari bagara, ezin ditugu zigor krudelagoak eskatu, horrek sistema patriarkala indartuko baitu ezinbestean, eta historiak irakatsi digu berme juridikoak desagertzen direnean emakumeak direla gehien sufritzen dutenak».

JULE GOIKOETXEA



EHUko irakaslea

«Borroka hau irabazteko, dinamikek jarraitutasuna izatea beharrezkoa da»



Jule Goikoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko Politika Zientzietako irakasleak ez zuen sorpresarik hartu ostegunean, 2016ko sanferminetako erasotzaileak aske uzteko erabakiaren berri izan zuenean: «Antolatutako mugimendu feministak, hemen eta [Espainiako] Estatuan, badaki horrelako gauzak etengabe gertatzen direla; ez dugu salbuespen moduan bizi». Haren iritziz, jakina da «justizia patriarkala» eta «Espainiako epaileen erdiak gutxienez falangistak» direla, baina «zigorgabetasunari» aurre egiteko bideak azpimarratu behar dira: batetik, autodefentsa, «beti»; baina, bestetik, «jarraitutasun» bat dinamiketan: «Ezin da gertatu sententzia baten aurrean 40.000 lagun izatea kalean, eta hurrengo egunean antzeko zerbait gertatzean inor ez egotea». Adibide gisa, aipagai du Aquarius itsasontzian zihoazen emakume guztiek jasan dituztela bortxaketa edo sexu esplotazioa.«Sistematikoak diren erabaki misogino guztien aurrean, hau guztia kanalizatu behar da egitura edo jarraitutasun bat izango duten dinamiken bidez».

Nola eman segida, beraz? «Lan mantsoago bat eta beste konpromiso maila bat» eskatzen du horrek, Goikoetxearen iritziz: «Oso pozgarria da kalean dagoen haserrea, baina patriarkatuaren egiturazko dimentsioa ikusi behar da». Eta baldintzapeko askatasunaren erabakia bezalakoak baliatu behar dira «egiturazko dinamika hori ikusi ahal izateko eta eremu guztietako diskriminazioak lotzeko». Mugimendu feministari esker, pixkanaka ari dira lotura horiek gauzatzen, Goikoetxearen arabera; «horregatik baitago haserre hau». Egoeraren adierazletzat du «gero eta emakume gehiagok» ikustea haienak ez direla arazo pertsonalak. «Aurrerapauso bat da, baina borroka hau irabaziko bada eta politika publikoak aldatuko badira, jarraitutasuna beharrezkoa da».

MARIA SILVESTRE



Emakundeko zuzendari ohia

«Justiziari bidalitako mezua oso gogorra da:ez gaitu babesten»



«Haserre handia» eragin dio erabakiak Maria Silvestre Emakundeko zuzendari ohi eta Deustuko Unibertsitateko irakasleari: «Gizarteari bidaltzen zaion mezua da erraza dela emakumeak behartzea, haiei eraso egitea; zigorra ez dela berehalakoa eta irmoa. Ematen du emakume batek sexu eraso bat salatzen duenean, salatuak baino gehiago, biktima epaitzen dela». Epaimahaiak 6.000 euroko bermea ezarri zien bost zigortuei, eta zifra hori «irrigarria» iruditzen zaio Silvestreri, argudiatuta ez duela «duintzen» bostak aske uzteko erabakia: «Oso iraganeko garaietara garamatza, gaindituak uste genituen garaietara. Tabu batzuk ez ditugu gainditu, eta epaileek eta gizarteak emakumearen portaera epaitzen dute, gertatutakoaren justifikazio baten bila. Oso larria da delituaren errua biktimaren bizkar uztea».

Izan ere, uste du zigortuak aske uztearekin «erasoa banalizatzen» dela, eta mezu bat bidaltzen duela: «Emakumeok babesgabe sentiarazten gaitu. Justiziari bidalitako mezua gogorra da: ez gaitu ordezkatzen, eta, are, ez gaitu babesten. Ez naiz harritzen beste batzuek zalantza egitea salaketa aurkezterakoan. Emakumeek pentsa dezakete ez duela merezi salatzea, eta justizia honek ez gaituela ordezkatzen». Aitzitik, uste du kontzientzia hartze «oso indartsu bat» dagoela, eta horren erakusle direla manifestazio eta sare sozialen bidez eman diren erantzun azkarrak: «Ez dugu hau guztia modu pribatuan bizi, etxean; espazio publikoa hartzen ari gara kexatzeko, eta horrek pentsarazten dit ez duela eraginik izango salaketak aurkezterakoan». Argi du, ordea, erantzun sozial hori zerk eragin duen: epaileek «patroi misogino eta matxistekin» hartu izana erabakia.

JUANA ARANGUREN



Abokatua eta Plazandreok taldeko kidea

«Indarkeria matxista delituetan, oso bestelako irizpidea erabiltzen dute»



«Legezkoa izan daiteke, baina ez da bidezkoa», dio Juana Aranguren abokatuak. Haren irudiko, sanferminetako sexu erasoaren egileak aske utzi izana «bidegabekeria hutsa» da, «batez ere, beste mota bateko delituekin alderatuta». Izan ere, emakumeen kontrako indarkeria delituetan epaileek «beste irizpide batzuk» erabiltzen dituztela uste du Arangurenek: «Beste delitu batengatik bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri ostean, ez dute inor kalean uzten; eta zergatik gertatzen da hori? Bada, sistema judizialak ez diolako indarkeria matxistari beste indarkeriei bezainbesteko garrantzia edo larritasuna aitortzen». Eremu sinbolikoan, halako ebazpen batek «gertatutakoa gutxiesten» du, legelariaren irudiko: «Sententziak berak garrantzia kendu zion bortxaketari, sexu eraso delitua zenari abusu kalifikazioa emanda; eta orain, erasotzaileak aske utzita, areagotu egin dute gutxiespen hori».

Edonola ere, Arangurenen ustez, delituen larritasuna aintzat hartzeko eskaerak ezin du «diskurtso punitibista» elikatu: «Oso arriskutsua da zigor zuzenbidea goratzeko eta asaldatzeko joera hori. Zigorrak gogorragoak izanda ere, delituak ez dira murriztuko, eta emakumeen egoerak ez du hobera eginen. Hortaz, gure helburuak izan beharko luke gizarte feminista bat eraikitzea, biktimak babestea eta prebentzioan lan egitea, baina ez kartzelaldiak mugagabe luzatzea».

MAITENA MONROY



Autodefentsa feministako irakaslea

«Irizpide propioarekiko konfiantza berreskuratu behar dugu emakumeok»



Sumindura hitza datorkio burura Maitena Monroy autodefentsa feministako ikastaroetako irakasleari. Sumindura, eta «gogo handia» lan egiteko «justizia patriarkalak gure auzitegiak betetzeari utz diezaion». «Oso zail» egiten zaio epaimahaiaren erabakia ulertzea, eta uste du ez dituela aintzat hartu hiru irizpide: «Arriskua, delitua berriro egiteko aukera eta alarma soziala». Monroyren iritziz, bost erasotzaileak aske uzteko erabakia kontraesanezkoa da instrukzio aldian ondorioztatutakoarekin; izan ere, bostak preso egon dira zigortuak izan baino lehen, eta horretarako zantzuak topatzen zituzten orduan epaileek: «Erabaki hau gehiago da botere abusu bat zuzenbideari egokitutako erabaki bat baino».

Autodefentsa ikastaroetako irakaslea izanik, Monroyk uste du kontuz ibili beharra dagoela bidaltzen ari diren mezuekin: «Indarkeria matxistaren aurkako aktibismoaren eta mobilizazio sozialaren une historiko batean gaude. Hamarkadetako sentsibilizazio lanaren uzta ikusten ari gara, eta lortzen ari gara hori ekintzarako kontzientzia bihurtzea». Horregatik, «alerta feminista egokia» sortzera deitu du, «emakumeen aurkako indarkeria forma guztiak eta andreen boteretze baliabideak identifikatzeko». Horietako batean jarri du azpimarra: «Irizpide propioarekiko konfiantza berreskuratu behar dugu. Sentitzen dugunean zerbait gaizki dagoela, zerbait gaizki dagoelako sentitzen dugu».

Azken egunetan, iritzi ugari zabaldu dira, Nafarroako Auzitegiak hartutako erabakiaren tankerakoek ez ote duten beldurra sustatzen. Monroyren iritziz, «beldurra balioetsi behar da mehatxu baten aurrean gaudela identifikatzea ahalbidetzen digun emozio gisa». Emakume asko «gaizki sentitzen dira beldurra izateagatik», haren arabera, baina uste du beldur hori «oso osasungarria» dela, «arriskua identifikatzea eta erabakiak hartzea» errazten duelako: «Terrore sexualaren mezuak dira sortu behar ez ditugunak. Hor nahi gaitu sistemak, ikaratuta, identifikatzeko gai ez garen jokalekuetan pentsatzen».

Beraz, emakumeei «desberdintasun testuinguruan gertatzen zaiena definitzea» da egin beharrekoa, eta andreei, «zaintzaren» ordez, «baliabideak» ematea. Horrez gain, umeekin lan egiten segitzea beharrezkoa iruditzen zaio, «gaurko haurrak ez daitezen biharko bortxatzaile bihur». Izan ere, «indarkeria erasotzaile matxisten ardura da, baina baita bortxaketaren kulturarena ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.