Koronabirusa

Murrizketei eutsiko die Nafarroako Gobernuak, abenduaren 18ra arte

Konfinamendu perimetrala eta bilkuren debekua luzatuko ditu Txibiteren gobernuak. Terrazak azaroaren 26an irekitzea aztertzen ari dira. Neurrien arintze «mantsoa» nahi dute, Gabonen aurretik

Taberna bateko terraza, hutsik, Iruñeko Gazteluko plazan. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Oraingoz, itxita. Nafarroako Gobernuak erabaki du COVID-19aren aurkako neurri murriztaileei eustea, hilabetez. Hortaz, abenduaren 18ra arte luzatuko dituzte konfinamendu perimetrala, 23:00etako etxeratze agindua eta sei pertsona baino gehiago elkartzeko debekua. Ostalaritza sektorearen itxierari ere eutsiko diote, abenduaren 2ra arte, baina neurriak «malgutzeko» aukera aipatu du gobernuak. Edonola ere, neurrion arintze prozesua «mantsoa eta zuhurra» izanen dela ere iragarri dute bai Osasun kontseilari Santos Indurainek eta bai Maria Txibite lehendakariak berak. Kutsatzeen kurba apaltzen ari den arren, Nafarroako Gobernuko arduradunek ez dute «presaka» ibili nahi: «Ez ditzagun lehen olatuko okerrak errepikatu», esan zuen Indurainek, atzoko agerraldian.

Tabernak eta jatetxeak bi astez egon beharko dute itxita, baina debekua «nolabait malgutzeko» formulen bila dabil gobernua. Javier Remirez lehendakariordearen arabera, azaroaren 26tik aurrera itxialdia «pixkanaka arintzeko aukera» aztertuko dute, «datuen bilakaeraren arabera, betiere». Besteak beste, terrazak zabaltzeko aukera aipatu du propio.

Abenduko zubian ere (azaroaren 29tik abenduaren 8ra) neurrioi eusteko garrantziaz mintzatu zen Txibite lehendakaria, Espainiako RNE irrati katean eginiko elkarrizketan: «Arrisku handia litzateke neurri murriztaileak abenduko zubi luzearen aurretik kentzea, kutsatuen kopuruek gora eginen luketelako Gabonen bezperan». Debekuen arintzea bizkortzeak «hirugarren olatu baten arriskua» areagotuko lukeela gaineratu zuen lehendakariak. Lehen oldearen ostean, konfinamendua arintzeko neurriak «azkarregi» ezarri zirela aitortu zuen Txibitek: «Horregatik, bigarren olatu honen arintzea mantsoago egin nahi dugu, ez dugulako atzera egin nahi. Presaka ibiltzea ez da ona».

Gabonetan hartuko dituzten neurriei dagokienez, azkenik, lehendakariak esan du «neurriak arintzera» jo nahi dutela: «Argi dago aurtengo Gabonetan ez ditugula ospakizun eta afari jendetsuak ikusiko, baina saiatuko gara neurriak arintzen, etxe berekoak ez diren pertsonak elkartzeari dagokionez».

Jaurlaritza ere, «zuhur»

Nafarroako arduradunen argudio bertsuak erabili zituen Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako COVID-19aren batzorde teknikoko koordinatzaileak ere. Haren esanetan, egunotako datuek «joera hobea» erakusten duten arren, Jaurlaritzak «zuhurtziaz» jokatuko du. Aste honen bukaeran, 15 egun beteko dira indarrean sartu zenetik mugikortasuna mugatzen duen dekretua. Fernandezek azaldu du orduan eginen dutela neurrien ebaluazioa, eta horren arabera hartuko dituztela «hartu beharreko erabakiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.