Migrazio krisia. Kanariak. Txema Santana. CEAReko kidea

«Itxi duten kanpalekuan gauza oso larriak gertatu dira»

Santanak salatu du Arguineguineko gunean giza eskubideak urratu dituztela, eta adierazi du funtsezkoa zela hura desegitea: «Hartutako arriskuek marra gorri guztiak zeharkatu dituzte».

BERRIA.
Jone Bastida Alzuru.
Las Palmas
2020ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Kanarietako CEAR erakundeko teknikaria da Txema Santana. Gertutik erreparatzen ari zaio azken hilabeteetan milaka migratzaile iritsi izanak uhartean sortu duen krisiari, eta arduratuta dago gertaerekin. Salatu du «berandu» ari direla erantzunak ematen.

Migrazio krisia piztu da Kanarietan. Kezkatzen al zaitu?

Bai. Arduratzen gaitu Espainiako Estatua egoera nola ulertzen ari den, eta kezkatzen gaitu nola ulertzen duen Europako Batasunak ere. Migrazio egoera larrituz joan da, eta erantzunak berandu eman dira. Orain aurkeztu dute Kanarietako Plana, harrerarako 7.000 plaza sortzeko. Azaroan soilik 7.000 pertsona iritsi dira. Gaur [atzo] abenduaren 1a da, eta bart 68 lagun heldu ziren. Ez dira ari analisia aurreikuspenekin egiten. Berandu iristen ari dira; berandu neurrietara, erantzunetara. Eta, gainera, erantzun zaharkituak ematen ari dira.

2005ean edo 2006an emandako irtenbideak, gutxienez egoera arindu zutenak, ez dira onartzen ari. Esaterako, migratzaile gehiago desplazatzea lurralde kontinentalera. Plana erabateko porrotera bideratuta dago ez badira jasotzen lurralde kontinentaleko babesak, ez bada ulertzen Kanarietan dagoen pertsona bat jada Europan dagoela. Geografikoki Afrikan gaude, baina ez politikoki. Ezin dugu onartu Kanariak kartzela moduan kontzeptualizatzea.

Igandean Arguineguineko kanpalekua hustu zuten. Urrats garrantzitsua da?

Bai, baina inondik ere ez garaipen bat. Pauso bat gehiago da, baina ez naiz ausartzen ospatzera ere. Azken hiru hilabeteetan Arguineguinen jazo dena gertatze hutsagatik, hura ixtea ezin da garaipen bat izan. Ezinbestean egin beharreko urrats bat zen. Giza eskubide oro urratzen zuten zulo beltz bat sortu zuten. Itxiera dela-eta, ezin dugu ahaztu hor gertatu dena. Oso gauza larriak jazo dira. Berriro gerta ez dadin, ikertu egin behar da Arguineguineko kanpalekuan zer gertatu den.

Salatu zenuten kanpaleku hori inoiz ez zela existitu behar izan harrera gune gisa.

Modu guztietako giza eskubideak urratu ziren. Haurrak amengandik banantzen zituzten, bertara iritsitako pertsonek ez zuten abokaturik, ehunka pertsona egon ziren atxikita 72 ordu baino gehiago, 150 koronabirus kasu egon dira... Osasun langileek zioten ezinezkoa zela segurtasun tartea mantentzea. Uste dut hartutako arriskuek marra gorri guztiak zeharkatu dituztela. Ezin dugu onartu erabaki hori zigorrik gabe geratzea.

Orain, zer neurri hartu beharko lirateke?

Egia da azken asteetan egoera hobetu egin dela. Kanpamentua hustu da legea bete dutelako, besterik gabe. Gu ordena eskatzen ari gara. Pertsonak balioetsi behar dira ez kontingente homogeneo moduan, baizik eta zaurgarritasunaren arabera. Ez da gauza bera Boli Kostatik hiru urte migratzen ari den emakume bat etortzea edota egoera ekonomikoa dela-eta Marokotik mugitu den pertsona bat. Biak migratzaileak dira, eta ziurrenik egoera zaurgarri batetik datoz, baina kalteberatasuna ez da maila berekoa. Ez da gauza bera gatazkan dagoen lurralde batetik etortzea.

Sumatu dugu iristen ari diren asko euren jatorriko herrialdeetan pandemiak izandako inpaktua dela-eta etorri direla. Ekonomikoan diot, ez osasun arloan. Euren lurretan ez dago bizitzeko beste alternatibarik. Ez da, agian, koronabirusak eragindako guztia salbuespeneko egoera humanitario moduan pentsatzekoa?

Beharrezkoa da migratzaileak Iberiar penintsulara lekualdatzeko prozesua martxan jartzea?

Ezinbestekoa da. Premia berezia dago adingabeekin. Kanarietan 2.500 adingabe baino gehiago daude. Populaziorik zaurgarrienetako bat dira bakarrik desplazatzen diren adingabeak. Oraintxe, ez dago nahikoa giza baliabiderik, ezta baliabide materialik ere horrenbeste pertsona artatzeko.

Haatik, Barne Ministerioak baztertu egin zuen aukera hori.

Egoera humanitario bat kudeatzen ari dira, Barne Ministerioaren ikuspuntutik. Optika da militarizatzea. Ez dute ikertzen zer arrazoik bultzatzen dituzten pertsonak lekualdatzera. Koherentzia eskatzen diot estatuari.

Zer deritzozue kudeaketari?

Oso egoera konplikatuan gertatu da migrazioa, pandemia baten erdian. Esfortzuak egin dira, baina ez norabide egokian. Berandu iritsi dira erabakietara. Ezinezkoa da lehen patera iritsi zenetik 26 urte pasatu ondoren Kanariak bezalako mugako lurralde batek ez izatea harrera sare bat, kontuan hartuta ordutik urtero iristen direla.

Egoera eta kudeaketa konplexua da, hori ulertzen dut. Milaka pertsona dira. Baina aurreikuspena falta izan da, eta tokiko erakundeak entzutea.

Migratzaileek duten babesgabetasun juridikoa ere salatu zenuten.

Bai. Azken hilabetean kontu batzuk hobetu dira, tartean hori. Agerian jartzen zuen estatua ez zela ari bere eginkizuna betetzen. Arguineguineko portura iristen ari ziren pertsonak ez ziren abokatuekin elkartzen ari. Abokatu batzuek itzultzeak sinatu dituzte euren bezeroekin egon gabe. Ez batek edo bik, abokatu askok baizik. Eta hori oso bidegabea da, pertsona baten funtsezko eskubidea ez delako errespetatzen.

Hobetu dira gauzak. Azaroan izan zen momentu bat non Barne eta Migrazio Ministerioaren arteko koordinazio faltaren ondorioz berrehun pertsona aterperik gabe utzi zituzten; kalean.

Krisiari aurre egiteko neurriak proposatu zenituzten. Tartean, asilo eskaria egiteko zerbitzurako sarbidea bermatzea.

Iristen ari ziren pertsona askori ez zitzaien beharrezko informazioa ematen, ez zitzaien azaltzen zer eskubide zituzten, adibidez nazioarteko babesa eskatzea. Pertsona guztien funtsezko eskubidea da: Maliko batena, Senegalgoarena, Kanarietakoarena edo euskaldun batena; denena. Oinarrizkoa da hori proposatzea.

Lurraldeen arteko elkartasuna beharrezkoa da?

Elkartasuna hitz polita da; denok gure ekintzetan izan beharko genukeen zerbait. Eskatzen duguna erantzukizuna da, estatuak migrazio krisia kudeatzeko duen erantzukizuna. Agian ardura hori estatuko beste lurraldeekin partekatuz. Baita Europaren erantzukizuna ere; ez ditzala uharteak kartzelatzat hartu. Europaren ardura beharrezkoa da baliabideak ez arpilatzeko.

Esaterako, Senegaldik datozen arrantzaleek esaten dute: «Nire lurraldean arrantzatu eta lan egiten nuen, baina Europako Batasunak eta bertako multinazionalek gure lehentasunak harrapatzen dituzte, eta niri ez didate uzten joaten. Etortzen zara, dena ustiatzen duzu, eta nik, ezer ez dudala, ezin dut hara joan?».

Erronka bezala dugu pertsonek migratu ahal izateko legezko bideak eta bide seguruak arautzea. Horiek urteetan migratu ahal izateko, eta lan egin, gero itzultzeko edo urte batzuetan etorri ahal izateko. Ez dakit. Horrelako ideiak jarri behar dira mahai gainean, eta ez Polizia baliabideak indartu. Hitz egin dezagun gizatasunaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.