Madrilen urrats faltak eragindako kezka

Urkulluk esan du sei eskumen eskualdatzeko urratsak egin dituztela. Salatu du Moncloak aldiriko trenen ingurukoa soilik duela esku artean

Iñigo Urkullu eta Isabel Rodriguez, urtarrilean. DAVID AGUILAR / EFE.
Iosu Alberdi.
2022ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk «kezka» adierazi du Gernikako Estatutua betetzeko Espainiako Gobernua jartzen ari den trabekiko. «Ez dago aurrerapen nabarmenik», adierazi du urte politikoari hasiera emateko ekitaldian. Halere, adierazi du lanean jarraituko duela «autogobernu aitortua» lortzeko; hau da, Gernikako Estatutua betetzeko falta diren eskumenak eskuratzeko. Legealdia amaitu aurretik lortzea «posible» dela uste du; haren esanetan, «borondate» kontua baita.

Kontuan hartu beharreko legealdia, baina, Espainiako erakundeetakoa da. Hau da, 2023a amaitu aurretik erdietsi beharko lituzkete akordioak, gerora posible baita gobernu aldaketa bat izatea Madrilen. Horren jakitun, eta Moncloak ezarritako egutegiaren atzerapenak kontuan izanda, Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu Olatz Garamendik zenbait eskumen eskualdatzeko proposamenak aurkeztu ditu: meteorologia, itsasertzaren antolamendua, Zinematografiaren Babeserako Funtsa, migrazioa eta itsas salbamendua. Afera horietan, ordea, Moncloak ez du negoziazioak hasteko asmorik adierazi, lehendakariak azaldu duenez.

Urkulluk Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek Espainiaren egoeraren inguruko eztabaidan esandakoak ere «salatu» ditu. Orduan, Sanchezek azaldu zuen zenbait ministeriok ez zutela bat egiten Jaurlaritzak egindako lau proposamenekin. Haien «bideragarritasuna» aztertzeko asmoa adierazi zuen Moncloak, lehendakariaren haserrerako. «Jarrera horrek zalantzan jartzen du Gernikako Estatutuaren egokitzapen konstituzionala, egindako proposamen bakoitzaren oinarria Euskadik estatutuaren arabera duen eskumen bat denean», kritikatu du, eta estatutuaren interpretazioa zalantzan jarri nahi izana egotzi dio Sanchezi.

Akordio bat lortzetik gertuen dagoen afera aldiriko trenen kudeaketaren ingurukoa da, Urkulluren esanetan. Espainiako Lurralde Politikako ministro Isabel Rodriguezek uztailaren amaieran jakinarazi zuen akordioa gertu egon zitekeela. Orduan, gehitu zuen Moncloa prest dagoela migrazio eta itsasertzaren antolamendu eskumenen inguruan hitz egiteko ere.

Espainiako Gobernuak 2020ko urtarrilean onartu zuen eskualdaketak gauzatzeko egutegia, eta urte bereko urrian bigarren kronograma bat aurkeztu zion Jaurlaritzari, COVID-19ak eragindako atzerapenak zuzentzeko. Urratsak, baina, bertan adierazi baino motelago ari dira egiten. Urkulluk gogoratu du bizitzeko gutxieneko errentaren kudeaketa eskualdatu zenetik ez dela aurrerapausorik eman. Hura ez zegoen kronograman jasota, baina martxoan gauzatu zen; 2020an adostu ostean. Halere, Urkullu «ahaleginari eusteko» prest agertu da: «Espainiako Gobernuari dagokio bere hitza betetzea».

Horrez gain, eskumenen inguruan irekita dauden prozesu judizialak ere aipatu ditu Urkulluk. Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren esku dago, besteak beste, bizitzeko gutxieneko errentaren eskumenaren inguruko transferentzia. «Une honetan zortzi prozesu ditugu irekita», azaldu du.

«Autogobernu gehiago»

Urkullu ez da hain argi mintzatu Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatus politiko berri batez aritzean. «Autogobernu gehiago eta hobea» dio EAJk eta PSE-EEk adostutako gobernu akordioak, eta horretara mugatuko dela azaldu du. Izan ere, jeltzaleen eta sozialisten arteko talka eragin zuen aferak udaberrian. Estatus politikoari ez zaio erreferentziarik egiten bien arteko gobernu akordioan. EAJk eta PSOEk Sanchezen inbestidura ahalbidetzeko adostutakoak, berriz, EAEko Estatutu berriaren negoziazioari «irtenbide egokia» aurkitzeko beharra adierazten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.