Bidenen erronkak. Europako Batasuna

EBk nahi du, baina ez du nahi

Joe Bidenen garaipenak berritu egin du Europako Batasunak AEBekiko harremanari buruz abiatu duen barne eztabaida: etxeko eta kanpoko testuinguruek ahalbidetzen al dute talde komunitarioa independenteagoa bilakatzea atzerrian?

BERRIA.
ander perez zala
2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Hartu-emana, modu batera esatearren, azkarra, zeharkakoa eta zuhurra izan zen; datorrenaren gose pizgarria, beste modu batera esatearren. Baina, finean, EB Europako Batasuneko estatu kideen artean sortzen ari den eztabaidaren erakusle: batetik, Politico atarian, Annegret Kramp-Karrembauer Alemaniako Defentsa ministroa, EBren eta AEBen arteko «aliantza historikoaren» alde egiten; bestetik, Emmanuel Macron, Frantziako presidentea,Le Grand Continent-i emandako elkarrizketan talde komunitarioaren «autonomia estrategikoa» defendatzen. Labur esanda, Paris eta Berlin, europar eraikuntzako eta integrazioko protagonista nagusiak berriz ere gogoeta egiten, esango luke batek baino gehiagok; bada, puntu bateraino, arrazoi osoa luke, Joe Bidenen garaipenak, printzipioz, soilik albiste ona behar lukeelako EBrentzat. Are gehiago kontuan harturik Donald Trumpek zer-nolako amesgaiztoak eta buruko minak eragin dizkien buruzagi europarrei. Baina hori gertatu den bitartean, Bruselak beste joera bat abiatu du, eta ez edonolakoa: atzerrian Washingtonekiko independenteagoa bilakatzearena, eta, barnera begira, batasun handiagoa lortzearena.

Alde horretatik, Trumpen eta Bidenen garaipenek eragindakoa paradoxa bat da, eta era ezin hobean laburbiltzen du datozen urteetan EBk AEBei begira izango duen barne eztabaida: «autonomia estrategikorako» bidea hasita, horretan jarraitu ala atzera egitea. Litekeena da 2016an Hillary Rodham Clintonek irabazi izan balu talde komunitarioak gogoeta horretarako pausorik eman ez izana, baina Barack Obamaren garaian jada agertu ziren lehen arrakalak Ozeano Atlantikoaren bi aldeetako aliatuen artean; harrez geroztik hamar urte besterik pasatu ez diren arren, geroz eta oihartzun handiagoa izaten ari da estatu kideek osatzen duten blokeak beste rol eta pisu bat behar duenaren ideia.

Egia da Bidenen administrazioak nazioarteko aliantzak berreskuratu nahi dituela, lankidetzan arreta jarrita, eta, ziurrenik, Etxe Zurian gehiago aipatuko dituztela Europa hitza eta kontinenteko problematikan. Egia da, baita ere, AEBetako presidente hautatuaren atzerri politikak esfortzu kolektiboetarako nahia berretsiko duela, horren adibide izanik Parisko Hitzarmenera, Irango itun nuklearrera eta Osasunaren Mundu Erakundera itzultzea. Eta egia da horrek, aldi berean, ekarriko duela iraganeko joeretara itzultzea, AEBek historikoki nazioartean beren buruari ezarri dioten buruzagi eta gidari izatearen lanetara.

Testuinguru horren aurrean da, egun, EB. Baina zer esan nahi du, zehazki, hainbatetan aipatu duten «autonomia estrategiko» hori izateak? Bada, ez dago definizio zehatzik, ezta horri begirako helburu eta estrategia definiturik ere, nahiz eta kontzeptua aspaldidanik den estatu kideen hiztegiaren parte. Eta, agian, horixe bera da talde komunitarioak duen arazoa: herrialde bakoitzak bere ikuspegia duela, eta, beraz, norbere geografiaren, historiaren eta lehentasunen menpe dauden interesak.

Oinarrian, autonomia estrategikoa kontzeptua soilik segurtasunaz eta defentsaz aritzeko erabiltzen zen, Trumpek NATOri begira egindako mehatxuek agerian utzi zuten moduan; agintariak BPGaren %2 defentsara bideratzeko exijitu zien Europako bere aliatuei, hori egin ezean, AEBak Mendebaldearen aliantza militarretik aterako zirelakoan.

Azkenean, ez da halakorik gertatu, baina agintarietako batzuk Europako armada bat sortzearen ideia mahaigaineratzen hasi dira, tartean Frantziako presidentea—2022an presidentetzarako bozak ditu eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerra—irailaren 26an parlamenturako bozak dituzte, eta Merkel ez da aurkeztuko—. Hori guztia, kontzeptua batez ere atzerri politikari begirakoa delako; Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidente ohiak esan zuen bezala, «subiranotasun europarrari» buruzkoa.

Horrek, estatu kide askoren buruhausterako, ekarriko luke EBk kontrol handiagoa izatea euren atzerrikoari buruzko erabakietan, eta, hortaz, subiranotasuna beste arlo batean ere galtzea; alde horretatik, bitxia da Macronen jarrera, bere herrialdea baita atzerri politikan aktiboena den EBko estatu kidea. Gainera, balio eta estandar komun batzuk finkatzea eskatuko luke, eta talde komunitarioan bertan denek ez dituzte berberak partekatzen.

Edukia zabaldu egin da

Gainera, COVID-19aren pandemiak «autonomia estrategikoaren» esanahia eta definizioa handitu ditu, sektore ekonomikora, teknologikora eta osasun arlora zabaltzeraino. Horri gehitu behar zaio EBk munduan duen pisua txikitzen ari dela, batez ere Txinaren gorakadarengatik, baita Indiaren hazkundeak bultzatuta ere. Hor dago eztabaidaren gakoa: AEBen eta Asiako erraldoiaren artean, talde komunitarioak hirugarren poloa izan nahi al du?

Oro har, «autonomia estrategikoak» eduki eta arrazoi geopolitikoak ditu. Washington bera pixkanaka Pekinera begira jartzen ari da atzerri politikan, hein batean bada ere, Asiako erraldoia bere aurkaririk garrantzitsuena bilakatu baita. Errealitate horren erakusle da bi potentziek Ozeano Bareko irlekin dituzten gatazkak, edota Hong Kongi eta Taiwani buruz dituzten talka etengabeak.

Horrek domino efektua eragin du: munduko parte batean arreta handiagoa jartzeak beste batzuetan gutxiago jartzea ekarriko du, eta hori da azken aldian Etxe Zuriari gertatu zaiona; kasurako, Libiako, Mediterraneo ekialdeko eta Karabakh Garaiko gatazketan izan duen ia eraginik eza, interes geroz eta gutxiago dituelako horietan. Aldiz, EBk badu zer aldarrikatzerik, hango egoerek eragina dutelako kontinentean, gertutasunagatik, eta are gehiago kontuan harturik Errusia eta Turkia betetzen ari direla AEBak libre uzten ari diren hutsuneak. Talde komunitarioak nolako harremana du bi estatu horiekin? Txarra.

Noski, hutsune horiek Trumpen erabakien ondorio dira, bai, baina Obamaren garaian abiaturiko joera baten jarraipena da, eta, printzipioz, Bidenek aldatzeko asmorik ez duena, Txina izango baita bere atzerri politikako protagonista nagusia.

Etxeko arazoei begira, berriz, zeharka bada ere, hautagai demokrataren garaipena bada albiste on bat EBrentzat, eta txar bat Bruselari hainbatetan desafioa bota dioten Polonia eta Hungariarentzat. Trump munduko lehen potentziaren agintean egoteak batez ere Viktor Orbani egin dio mesede, urteotako joera ultrakontserbadorean sakontzeko beste zilegitasun bat izan baitu.

EBn sartzeko baldintzetako batzuk dira «sistema demokratiko sendo bat izatea, sistema judizial independentea eratzea eta zuzenbide estatua errespetatzea». Baina urteok erakutsi dute talde komunitario barruan egonda ere horiek erabat ez errespetatzea posible dela, hala aritu baitira Budapest eta Varsovia azken hamarkadan.

Joera horrek talka egiten du Bidenek atzerrian defendatzeko asmoa duen doktrinarekin: «Balio demokratikoak eta hedabide independenteak» sustatzea. Praktikan, horrek suposatzen du Hungariarekin eta Poloniarekin talka egitea, baina AEBek bi herrialde horiei begira dituzten interesek puntu mugatu baterainoko gatazka aurreikusten dute. Izan ere, bi estatuak Washington-Brusela aliantza mantentzearen aldeko taldean daude EB barneko eztabaidan, estrategikoki NATO indartsu bat komeni zaielako Errusiaren aurka.

Budapesten kasuan, ez da ziurra xede komun hori nahikoa izango denik egungo harremanekin segitzeko. Poloniarentzat, berriz, litekeena da hala izatea, Mateusz Morawiecki lehen ministroak hainbatetan zerrendatu baititu bere herrialdearen «mehatxuak», AEBekin erabat bat egiten dutenak: Txina eta Errusia. Segurtasuna izango da estatuen arteko hartu emanaren auzi giltzarrietako bat, besteak beste, AEBek defentsa ekipamendua saltzen baitiote Poloniari.

Zatiketa geografikoa

Talde komunitarioaren kasuan, eta hasierako protagonistetara itzuliz, honako hau izango da auzia Washingtoni begira: Macronentzat, Etxe Zuriko aldaketak aukera bat izan behar du Bruselaren «independentzia eraikitzen jarraitzeko, AEBek eta Txinak egiten duten bezala»; Kramp-Karrembaurrentzat, «AEBen gaitasun nuklearrik eta konbentzionalik gabe, Alemaniak eta Europak ezin dute beren burua defendatu. Hori da errealitate krudela».Agian gakoa Merkelek eman zuen iragan azaroan, Bideni bozen emaitzengatik zoriontzeko bidali zion mezuan: «harreman berrorekatua» beharrezkoa dela. Horrek, ordea, zer esan nahi du, zehazki?

Talde komunitarioan, eztabaidari aurpegi batzuk jartzearren, Frantziako presidentearekin bat egiten dute Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak eta Josep Borrell EBren diplomaziaburuak; beste aldean daude, Kramp-Karrembauerrekin batera, Merkel bera eta Baltikoko eta Europa erdialdeko eta ekialdeko estatu kideak. Zatiketa, politikoa izateaz gain, geografikoa ere bada.

Horretaz haratago, Trumpen agintaldiak erakutsi du milioika estatubatuarri bost axola zaiela talde komunitarioa, estatu kideek dituzten kezkak eta Washington-Brusela aliantzak dituen gorabeherak. AEBak zatituta daude, polarizatuta, EB horretaz jakitun da, eta Biden bera ere bai; etxeko kontua den arren, kanpoko erabakietan eragina izango duen auzia da. Eta ez da sekreturik sintonia onenak ere ez duela ezkutatuko EBk eta AEBek interes kontrajarriak izango dituztela hainbat auzitan.

Oraingoz, Bidenen presidentetzaren lehen urteak Bruselaren eta Washingtonen arteko harremana berriz aztertzeko, finkatzeko, definitzeko aukera bat izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.