Koronabirusa

Nafarroako nerabeei ere atea irekita, 12 urtetik gorako oro txerta daiteke

Osasunbideak telefono bidezko mezu bat bidaliko die, eta ordua hartzeko aukera emango die, 'online'. Martxan dago ja prozesua. Osasunbidea zen Euskal Herrian urratsa egiteko falta zen bakarra

Txertoa. Erizain bat txertoa jartzen, Iruñean, artxiboko argazki batean. VILLAR LOPEZ / EFE.
Beñat Mujika - Oihana Teyseyre Koskarat - Arantxa Iraola
2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak COVID-19aren txertoa hartzeko txanden sistema aktibatu du 12 eta 15 urte bitarteko nerabeentzat. 29.000 bat dira. Helburua da adin tarterik gazteenetan txertaketak gora egitea, horiek baitaukate orain intzidentziarik handiena. Hala ere, adin tarte berri hori txertaketa kanpainarako irekitzearekin batera ere, gainerako talde aktiboentzako txanden eskaintzak aurrera jarraituko du Osasunbidean, orain arteko eran. Atzoko urratsarekin, Euskal Herri osoan dute 12 urtetik aurrerako herritarrek txertatzekomodua, Osasunbidea baitzen nerabeei atea irekitzeko falta zen bakarra.

Txertaketa datuak, bitartean, mugarri batera heltzear dira. Hego Euskal Herriko populazio osoaren %68,7k txertoaren dosi bat jasoa du ja; herritarren %62k txertaketa prozesua osoki burututa dute. Hurbil da %70ko datua.Ehuneko hori usu nabarmendu da, hainbat adituk esana zutelako erabakigarria izan zitekeela izurria kontrolpean sartzeko prozesuan, baina argi dago oraindik ere txertatzen jarraitu behar dela.

Nafarroak atzo bertan ireki zien txertaketarako atea nerabeei. Aditzera eman zutenez, Osasunbideak SMS bat bidaliko du gazte horien historia klinikoan agertzen den sakelako telefonora, kudeaketa errazteko asmoz, eta ordua webgune baten bidez eskatzeko esteka batekin. Txertaketa lekura gurasoekin joango ez diren nerabeen guraso edo legezko tutoreek mezu berean dagoen baimen orri bat sinatu beharko dute.

Txertatzeko deia egin diete gazteei. Horixe egin du asteon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik ere: txertatzeko orduak libre badirela esan du, iraila bitartean 22.000 daudela hartzeko moduan, eta ordua hartzeko eskatu die herritarrei. Osakidetzak badu aldaketa bat orain nerabeen txertaketan; Moderna txertorik ez zieten jartzen orain arte, baina hasi dira, horretarako baimena lortuta. Uztailaren amaieran eman zuen onespena EMAk, Sendagaien Europako Agentziak.

Hirugarren ziztada

COVID-19aren kontrako erantzun immunitarioa sendotzeko ahaleginetan, hirugarren dosia jartzen hasiak dira zenbait herrialdetan, hala nola Israelen eta Alemanian. Atzo goizean, Emmanuel Macron Frantziako Gobernuko presidenteak baieztatu zuen irailetik aitzina hirugarren dosia jartzeko kanpaina hasiko dutela. Macronen asmoa da adineko herritarrak eta herritar zaurgarriak lehenestea hirugarren dosia jartzeko fase horretan, eta adierazi du Frantziako Gobernua dagoeneko hasia dela kanpaina prestatzen. Instagram sare sozialean argitaratutako bideo batean eman zuen horren berri Macronek. «Dirudienez, hirugarren dosia beharrezkoa izanen da, ez berehala, eta ez denentzat, baina adinekoentzat eta birusaren aurrean zaurgarri direnentzat, bai», zehaztu zuen. OME Osasunaren Mundu Erakundeak herenegun hirugarren dosi hori atzeratzeko eskatu zuen, baliabide urriko herrialdeetako txertaketa leheneste aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.