Egungo «polizia ereduak» ez du lekurik, Cabacasen lagun eta senideen ustez

Uste dute epaiketan gezurtaturik gelditu dela ertzainen bertsioa. Haien arabera, euskal gizarteak ez luke ulertuko «zigorrik gabeko epairik»

Iñigo Cabacas zenaren lagunak eta senideak, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Iñigo Cabacasen hilketari buruzko epaiketa amaitu eta astebetera, horren balorazioa egin dute haren lagun eta senideek, Bilbon. Adierazi dute ertzainek epaiketan emandako bertsioa ez zaiela «sinesgarria» begitantzen, akusatuek izandako «mesede tratua» salatu dute, eta indarrean dagoen «polizia eredua» eta hura sustatzen duten «arduradun politikoak» ere kritikatu dituzte: «Polizia eredu hori beste garai batetik arrastaka dator, eta ez du lekurik gure gizartean», esan dute.

Cabacasen lagunen izenean,Koldo Gutierrezek eta Eneritz Zabalak prentsaurrekoan gogorarazi dute behin baino gehiagotan entzun behar izan dutela «Justizian konfiantza» izateko edo «Justiziari bere lana egiten» utzi behar zaiola. Orain, epaiketa amaituta, eta hura zelan joan den ikusita, pentsatzen dute «batzuek» ez dutela «garbi» jokatu.

Azaldu dutenez, lekukoen testigantzek gezurtatu egin dute ertzainen bertsioa: «Han [Bilboko 2012ko gertaeretan] ez zen liskar jendetsurik egon, ezta burua estalia zuten berrehun lagun edo objektu zaparradarik ere». Uste dute Deustuko (Bilbo) ertzain etxean ustez gertatutakoa ere ez dela «sinesgarria». Izan ere, ertzainek deklaratu zuten gau hartan erabilitako eskopetak garbitu egin zituztela ez zekitelako pilota baten ondorioz zauritutako pertsona bat zegoela, eta Raul Otaola ertzainburuak esan zuen froga modura baliorik ez zutelako erabaki zutela eskopetak garbitzea: «Nahiago izan dute inkonpetentzia itxura eman, frogak deuseztatzen ibili zirela ezkutatzeko».

Kalezuloko irudirik ez egotea ere harrigarri begitantzen zaie Cabacasen lagunei: «Denok dakigu Ertzaintzak jarduera guztiak grabatzen dituela». Epaiketan ikusi zen inguruetako grabazio ugari dagoela, ertzainek egindakoak zein segurtasun kamerek hartutakoak, baina ez da agertu Cabacas zauriturik erori zen kalezuloko irudi bakar bat ere.

Akusatuak, «biktima»

Ertzainen bertsioaren kontraesanetatik harago, haien jarrera egin zaie bereziki mingarria Iñigo Cabacasen lagunei eta senideei: batez ere, akusatuak «biktima» gisa aurkeztu nahi izatea. «Lotsagabekeria itzela izan da akusatuak biktima moduan aurkeztu izana, egon ez den eraso baten biktima eta epaiketa injustu baten biktima moduan». Haien esanetan, «Iñigo eta haren familia» izan dira biktima bakarrak, eta salatu dute auzi honetan «bigarren mailako biktimatzat» tratatu izan dituztela.

Iñigo Cabacasen aita Manu Cabacasek ere hartu du hitza agerraldian. Gaitzetsi duenez, epaiketan Eusko Jaurlaritzako abokatuak egon dira, akusatuen abokatuekin «erabateko sintonian», eta, ertzain batek deklaratutakoaren arabera, abokatu haien laguntza izan dute lekukotza prestatzeko. «Diru publikoz ordaindutako abokatuak dira», esan du Manu Cabacasek. «Guk gure abokatuak ordaindu ditugu, eta badirudi akusatuen defentsa ere gurediruarekin ordaindu dugula».

Cabacasen senideen eta lagunen arabera, «denak» balio duela pentsatuta eta haien ekintzak «inpunitateak» babesten zituela sinetsita aritu ziren ertzainak. Horregatik pentsatzen dute «polizia eredua» dela benetako arazoa: «Hau ez da gure Polizia, eta ez dugu gure diruaz ordaindu nahi», adierazi dute; «ez badugu nahi Iñigori gertatutakoa errepikatzerik, beste polizia eredu bat beharko dugu».

Berriz ere «justizia, aitortza eta erreparazioa» eskatu dute, eta erantsi dute euskal gizarteak ez lukeela onartuko «zigorrik gabeko epairik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.