Koronabirusa

Intzidentzia tasa gora doa, eta «joera aldaketaz» ohartarazi du Sagarduik

Nafarroan oraindik ez da atzeman kutsatzeen goranzko joera argirik. Kutsatzeek koska bat gora egin dute Hegoaldean: beste 426 positibo

Edurne Begiristain.
2021eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Datozen asteetan argiago ikusiko da kutsatzeen kurba gora doan ala ez, baina Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako azken datuek erakusten dute joera ez dela ona. Atzo, beste koska bat egin zuten gora positiboek Hegoaldean, eta 462 kasu atzeman zituzten test diagnostikoetan. Azken lau asteetako daturik makurrena da hori. Batez ere Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuek sortu dute kezka. Hiru lurralde horietan, intzidentzia metatuaren jaitsiera moteldu egin da azken egunotan, eta «joera aldaketa baten hasiera» izan daitekeela ohartarazi zuen atzo Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak.

Datuak eskuan, azpimarratu zuen asteon adi erreparatuko diotela kutsatzeen bilakaerari, maldan gorako bidea hartzen ote duen ikusteko, eta ohartarazi zuen ZIUetako presioa arintzeko ezinbestekoa dela hil amaiera arte egungo tasari eustea. Bestetik, aztarnarien lana errazteko deia ere egin zien herritarrei, Osakidetzak sumatu duelako gertuko kontaktuak ez direla garaiz atzematen.

Nafarroan, berriz, goranzko joera hori ez da hain argia. Kutsatzeek koska bat gora egin dute azken orduetan, 68 positibo atzemanda, baina kutsatze tasa%3,2ra jaitsi da.

Hegoaldeko ospitaleen egoerari dagokionez, azken orduetan 39 lagun erietxeratu dituzte gaitzaren ondorioz, eta orain 382 lagun daude Hegoaldeko erietxeetan; horietatik 112, ZIUetan, larri. Nafarroako Gobernuak heriotza baten berri ere eman zuen: 80 urteko emakume bat.

Bestalde, Jean Castex Frantziako lehen ministroak atzo ohartarazi zuen herrialdea «hirugarren olatuan» sartu dela, birusaren aldaera berriek eraginda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.