M8: mobilizazioak

«Kaleak hartzeko» asteburu bat

Martxoaren 8a aitzin mobilizazio feminista ugari antolatu dituzte, antolakuntzaren beharra azpimarratzeko. Gune feminista jarri dute Donostian. Bilbon, feminismo antikapitalista aldarrikatu dute. Baionan, apezpikua jomugan

Bilboko feministek multinazionalen eta kapitalismoaren aurka egindako performancea, atzo, Kale Nagusian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Donostia
2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Antolatzeko beharra eta deia nabarmendu nahi izan ditu aurten Euskal Herriko mugimendu feministak Martxoaren 8ari begira, eta borrokarako premia hori agerian gelditu da egunotan Euskal Herriko auzo, herri eta hiri anitzetan antolaturiko protesta eta ekinaldietan. Martxoaren 8ra soilik mugatu beharrean, feministek egun gehiagotara luzatu dituzte mobilizazioak, eta atzokoa izan zen horren adibideetako bat.

«Nahi genuen argi utzi nahiz eta grebara ez dugun deitu kaleak hartzeko asteburu bat zela», adierazi du Irati Salsamendi Donostiako mugimendu feministako kideak. Gune feminista muntatu zuten atzo Donostiako Bulebarrean, hain justu antolakuntza feministaren beharra azpimarratzeko, eta, goizetik hasita, hiri osora zabaldu zuten emakumeen eskubideen aldeko deia, Martuteneko espetxetik abiatuta bizikleta martxa eginda: «Han preso dauden emakumeei elkartasuna adierazi nahi genien», azaldu du Flo Rodriguez Donostiako Asanblada Feministako kideak. Arratsaldean, berriz, feminismoarekin lotutako bi hitzaldi eman zituzten Bulebarrean jarritako karpan. Mexikoko eta Txileko emakume batzuek hartu zuten hitza lehendabizikoan, eta herrialde horietan eguneroko ogia diren feminizidioez eta sexu erasoez ohartarazi zuten: «Biolentzia sexuala presente dago beti Mexikon. Nik, gaztetxotan, ez nekien zer zen bortxaketa bat, baina beti izan diot beldurra», erran zuen hizlarietako batek. Salsamendik azaldu du aitzineko urteetako grebetan eta oro har azken urteotan egindako lanketa feministetan azaleratutako gaiak atera nahi izan dituztela kalera gune feministaren bidez, eztabaidetan sakontzeko. Erraterako, antikolonialismoa, internazionalismoa eta militantzia eremuetan gertatzen diren eraso sexistak izan dituzte hizpide. Donostiako Emakumeen Etxean itxita dauden zahar etxeetako grebalariekin ere elkartasuna adierazteko baliatu nahi izan dute gune feminista; eta, langileen gisan, instituzioek egindako «zuriketa morea» salatu du Salsamendik ere. «Erakundeei zuzenean nahi diegu deia egin: hitz politekin nekatuta gaude. Benetako politika eta neurri feministak ezarri behar dituzte».

Horren guziaren aitzinean feminismoa «inoiz baino beharrezkoagoa» dela adierazi du Salsamendik. Eta, Rodriguezek zehaztu duenez, hori erakusteko asmoa izan dute egunotako egitarauarekin: «Antolatuta gaudela, antolatzeko beharra badagoela, indartsuak garela, eta hemen gaudela sistemari kontra egiteko prest».

Feminismo antikapitalista

Donostian bezala, bertze hiriburuetan ere mobilizazioak egin zituzten atzo. Bilbon, erraterako, performance feminista bat egin zuten berrehun emakume inguruk hainbat multinazionalen denden aitzinean, feminismo antikapitalista aldarrikatzeko. Erakunde kapitalista eta instituzionalek feminismoa erabili egiten dutela salatu zuten: «Ez gaituzte entzun nahi, baina gure ahotsa behar dute; ez dituzte gure aldarrikapenak gauzatu nahi, baina babesten gaituztela antzeztu nahi dute; ez gaituzte euren espazioetan nahi, baina argazkian behar gaituzte». Salatu zuten boterean daudenek «feminismo huts bat» nahi dutela, eta olatu feminista «kontsumo objektu bihurtu eta bere kontura aberastu» nahi dutela. Horren adibide jarri zuten Zara multinazionalaren eraikina, eta gogoratu zuten emakume antifaxisten egoitza izan zela arropa denda erraldoi izan baino lehen: «Ez dugu non gauden ahaztu nahi». «Hemen eta mundu osoan zehar emakumeen eskubideak urratzen aberastu den Amancio Ortegaren inperio ekonomikoaren ikur» gisa jarri zuten multinazionala, eta horren aurrean bertze eredu baten beharra aldarrikatu zuten: «Bilboko Udalak sustatzen duen hiri ereduaren aurrean, borroka feministak ikusgarri egin eta ekonomia justu eta solidarioaren alde egingo duen hiri eredu baten alde borrokan jarraituko dugu».

Baionan Marc Aillet apezpikuaren aurka egin zuten atzo egitasmo bat: haren etxe atarian banderola bat eta hainbat irudi jarri zituzten Nire gorputza, nire erabakia lelopean, eta elkarretaratze bat egin zuten. Ekintzaren bidez, apezpikuak abortuaren kontra egin izan dituen adierazpenak salatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.