Generalitatea: «Torra presidente izan daiteke diputatu izan gabe ere»

Junquerasek Estrasburgora joan ahal izateko behar duen baimena ari da prestatzen Generalitatea. Rullek, Sanchezek eta Turullek buruzagi subiranisten aurkako epaia indargabetzeko eskatu dute

Paulo Ostolaza.
2020ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
«Espainiako Gobernuari independentisten aurkako kausa judizial guztietatik erretiratzeko eskatuko diogu». Gai hori Madrilekin osatuko duten negoziazio mahaian tratatzeko asmoa erakutsi zuen atzo Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteordeak, eta ez da harritzekoa. Oraintxe, ezinezkoa da Kataluniako aferaren egunerokotasuna auzitegiekin ez lotzea. Pedro Sanchez Espainiako presidente berriak ere esan zuen bere inbestidurako lehen saioan: «Gatazka politikaren eta elkarrizketaren eremura eraman behar dugu berriro, horrenbeste min sortu duen bide judiziala alboratzeko».

Quim Torra Kataluniako presidenteari Espainiako Hauteskunde Batzordeak ezarritako inhabilitazioa da zeresana ematen ari den gaietako bat. Meritxell Budo Kataluniako Presidentetza kontseilariak argi esan zuen atzo: «Ez dugu inhabilitaziorik onartuko». Kataluniako Parlamentuko zerbitzu juridikoek atzo bertan aurkeztu zuten helegitea Espainiako Auzitegi Gorenean, baina, Budoren arabera, Torrak presidente izaten jarrai dezake diputatu izateari uzten badio ere.

Hala argudiatu zuen Budok: Pertsona batek Kataluniako presidente hautatua izateko bete beharreko baldintzen artean, diputatu izatea da bat; baina presidente karguan jarraitzeko, ez da derrigorrezkoa ezaugarri hori.

Kartzelan den Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohiari buruz ere jardun zuen Kataluniako Gobernuaren bozeramaileak. Adierazi zuenez, dagoeneko prestatzen ari dira baimen bat, ERCko liderrak Lledonersko kartzelatik (Herrialde Katalanak) irten eta astelehenean Estrasburgon izateko behar duena; Gorenaren erabakiaren zain daude. Hark Europako Justizia Auzitegiak europarlamentarien immunitateari buruz abenduaren 19an ebatzitako epaia errespetatzea espero duela esan zuen Budok. Auzitegi Gorenak Junquerasi baimenik ematen ez badio, eta hori posible egiteko beste mekanismoren bat baldin badago, erabiltzeko konpromisoa hartu zuen gobernuaren bozeramaileak; konponbide hori, ordea, buruzagi subiranistaren defentsak aurkitu beharko duela gehitu zuen. Generalitateak du Kataluniako kartzelen gaineko eskumena.

Espainiako Hauteskunde Batzordeak ebatzi zuenez, Junqueras ezin da eurodiputatu izan, hamahiru urteko inhabilitazioa duelako. Ebazpen administratibo horri buruz erabakiko du gaur Auzitegi Gorenak. Dena den, Luxenburgoren epaia nola aplikatuko den jakitea da garrantzitsuena, eta Gorenak hartuko du erabaki hori datozen egunetan.

Eskariak konstituzionalari

Junquerasi immunitatea ematen dion epaia oinarri hartuta, Jordi Pina abokatuak babes eskeko errekurtso bat aurkeztu zion Espainiako Auzitegi Konstituzionalari abenduaren 20an, atzo adierazi zuenez. Kataluniako Buruzagi Subiranisten aurkako epaia behin-behinean indargabetzea da helburua —Jordi Sanchez ANCko presidente ohia eta Josep Rull eta Jordi Turull Kataluniako kontseilari ohien ordezkaria da Pina—.

Defentsak epaia indargabetzeko eskatzen du; abokatuaren arabera, bere hiru bezeroek immunitatea zuten epaia ebatzi zenean: Auzitegi Gorenak ez zituen errespetatu prozesuaren bermeak, ezin baitzituen epaitu ordu hartan —apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan hautatuak izan ziren hirurak—. Epaitu nahi izanez gero, suplikatorio bat eskatu beharko zukeen auzitegiak.

Epai horren ebazpena jakin bitartean, ordea, aipatutako helegitea aurkezteko erabakia hartu dute Sanchezek, Rullek eta Turullek, behin-behinean aske utz ditzan Konstituzionalak. Sanchez, Rull eta Turull ez dira izan Konstituzionalari eskariak egin dizkioten buruzagi independentista bakarrak. Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak eta Toni Comin kontseilari ohiak Espainian beraien aurka indarrean dauden atxiloketa aginduak bertan behera uzteko eskatu diote auzitegiari, eurodiputatuak izateagatik immunitatea dutela argudiatuta. Bi urte baino gehiago daramatzate erbesteratuta.

Gonzalo Boye abokatuak atzo azaldu zuenez, Puigdemont eta Comin eurodiputatu direla jakinda ere atxiloketa aginduak mantentzea «erabaki arbitrarioa da», eta Auzitegi Gorena «anomalia demokratiko bat sortzen ari da».

Sanchez, baimen eske

Jordi Sanchezek datorren asteartean beteko du Gorenak ezarritako bederatzi urteko kartzela zigorraren laurdena. Pina abokatuak atzo esan zuen araudiak ezarritako baimenak eskatzeko asmoa duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.