Diagnosia gako, lengoaia nahasmenduan

Logopeden elkarteak logopedak eskatu ditu eskoletan, diagnostiko goiztiarrak berebiziko garrantzia duelako zailtasunak dituzten haurrei laguntzeko. Egun, pribatura jo behar dute laguntza behar dutenek.

Logopeda bat haur batekin lanean. JON URBE / FOKU.
Isabel Jaurena.
2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Solastatzea, irenstea edo eztul egitea. Edonork egunero, eta esnatzen den momentutik pentsatu gabe eta esfortzu handirik egin gabe egiten dituen ekintzak dira. Zenbait pertsonak, ordea, komunikazio eta lengoaia nahasmenduak dituzte, eta horrek nabarmen zailtzen ditu euren eguneroko harremanak. Logopedak dira pertsona horien bizitzetan laguntzen eta bidea errazten dieten profesionalak.

Gisa horretako nahasmenduak umeak txikiak direnean agertu ohi direnez, Antonio Clemente Euskadiko Logopeden Elkargoko lehendakariak dio ezinbertzekoa dela «ahal bezain laster» egitea tratamenduak. Eta, horretarako, logopedak «beharrezkoak» direla. Hor dago, baina, sistemaren gabezia handietako bat, profesional horien gehiengoa arlo pribatuan kokatzen baita, eta, beraz, familia aunitzek ez dute baliabiderik zerbitzu horiek ordaintzeko. Hala ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan badaude zerbitzu horietarako bidea errazten duten programak, hala nola arreta goiztiarra.

Egoera ikusita, eta haurrek euren egunaren zatirik handiena ikastetxean ematen dutela jakinda, logopedek eskatzen dute eurek ere ikastetxean lan egin dezatela «ez hezkuntzako profesional gisa, baizik eta laguntza gisa».

Logopeden funtzioa

Clementek argi du zein funtzio beteko luketen logopedek: «Ikasgelako komunikazioa bultzatu dezakete, detekzio goiztiarra eskain dezakete edo esku hartze ludikoko ildoak eskain ditzakete;agian, ez dira esanguratsuak izanen haurrei begira, baina bai errendimenduari begira». Gainera, diagnostikoan ere lagundu dezaketela iruditzen zaio. Nabarmendu du ohikoa dela pentsatzea «pertsona guztiek lengoaia modu naturalean garatzen dutela, baina zailtasunak dituzten haurretan ez da hori gertatzen». Haur horiek ez baitira gai komunikatzeko eta harremanak izateko.

Haurrei tratamendu egokia ez emateak ondorioak ditu, Clementeren erranetan; diagnostiko falta edo berantiarra haurren ongizatearen «baldintzatzaile larria» da. «Komunikazio eta lengoaia nahasmenduak barneratzen uzten badituzu, denak okerrera eginen du», zehaztu du. Nola esku hartu, horretan ez daude denak ados; logopeden artean badira bi joera nagusi: «Batzuek diote ez dela komeni goiz esku hartzea, garrantzi txikikoa izan litekeena kroniko bihurtu daitekeelako. Eta beste batzuek, berriz, ahalik eta azkarrena esku hartu behar dela diote».

Oraindik ez dago logopedarik ikastetxeetan: «Egon ziren, baina lanpostu horiek amortizatu dira. Jendeak erretiroa hartu ahala, ez dira gehiago kontratatu», adierazi du Clementek. Lege aldetik ere logopedek babes txikia dutela azaldu du: «Zelaa legea mintzatzen da hezkuntzan berdintasuna sustatzeko espezialistez. Konponduak izan daitezkeen arrazoiengatik haurren artean desberdintasunak ekiditeko». Espezialista horien artean logopedak ere kokatu ditzatela eskatzen dute.

Adinekoen egoitzak

Ikastetxeetan ez ezik, adinekoen egoitzetan ere logopeden presentzia beharrezkoa dela adierazi du Clementek, arlo horretan «behar» aunitz daudelako. Izan ere, egoitzetan dauden pertsonek dituzten «zailtasunak ahal bezain laster hautemateko gaitasuna duten eta horretarako trebatuta dauden» profesionalak dira. «Pertsona horiek, zenbaitetan, euren gaitasun kognitiboak galduz doaz, komunikatzeko gaitasuna galtzen dute, otorduetan zailtasunak dituzte eta, batzuetan, disfagia dute», azaldu du.

Pertsona batek janaria irensteko arazoak dituenean gertatzen da disfagia. Kasu horietan, dieta oso bereziak behar dituzte, batzuetan, solidorik gabekoak, ongi xehatuak. «Dieta berezi horiek logopedek prestatzen dituzte, eta horiek izanen dira sukaldeari argibideak emanen dizkiotenak», argitu du logopeden buruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.