EAJk dio «etxeko lanak» eginda aurkeztuko dela bozetara

EH Bilduk aldaketa «sendotu» nahi du Nafarroan. PPk «historiako negoziorik kaskarrena» egitea egotzi dio EAJri, Sanchez babesteagatik

PPko Amaya Fernandez, Alfonso Alonso eta Raquel Gonzalez, atzo, Bilbon. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Erredakzioa
2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Gorteetarakohauteskundeen eguna jakinarazi eta biharamunean, horri begira motorrak berotzen hasi dira Hego Euskal Herriko indar politiko nagusiak. Atzo, alderdi guztien ahotan egon ziren apirilaren 28ko bozak, bai eta maiatzeko udal eta foru hauteskundeak ere.

EAJk Uribe Kostako (Bizkaia) hautagaiak aurkezteko ekitaldia egin zuen Getxon, eta, bertan, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak ohartarazi zuen «inoiz baino garrantzitsuagoa» dela EAJk «talde indartsua, bateratua eta sendoa» izatea Gorteetan. Ziurtatu zuen jeltzaleak «etxeko lanak» eginda joango direla bozetara, eta «prestatuta» daudela hauteskunde deialdi guztiei aurre egiteko.

Bestalde, EH Bilduko Nafarroako presidentegai Bakartxo Ruizek adierazi zuen Nafarroan «aldaketa sendotzea eta indartzea» duela EH Bilduk helbururik behinena. Gasteizen, berriz, Miren Larrion EH Bilduko alkategaiak egin zuen ekitaldi politikoa, eta Gasteizek duela lau urte izan zuen egoerarekin alderatu zuen Espainiakoa: «Ahal duen leku guztietan, PPk bat egingo du ultraeskuinarekin gobernatzeko». Hala, adierazi zuen «arlo sozialean eta eskubideetan aurrera egitea» izango dela aurten erronka nagusia.

PPko Alfonso Alonso EAEko buruak, berriz, EAJri leporatu zion «bere historiako negoziorik kaskarrena» egin izana Sanchezi zentsura mozioan babesa emanda. Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Eduardo Santosek, bestalde, azpimarratu zuen Nafarroako «aldaketaren grina» Espainiara eraman nahi dutela.Haren hitzetan, Ahal Dugu «irabazteko»aurkeztuko da bozetara, eta aldaketa soziala eta elkarrizketa sustatuko ditu.

PSE-EEk Gasteizen egin zuen ekitaldi politikoa, eta bertan Patxi Lopez PSOEko Politika Federaleko burua ziur agertu zen apirilaren 28an «mobilizazio handia» egongo dela eta PSOEk Espainiako Gobernua berreskuratuko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.