EH Bilduk «irabazteko» asmoa du udal eta foru bozetan

2019ko hauteskundeetarako zerrendaburuak aurkeztu dituzte. Bakartxo Ruizek agindu du herri «justuago» baten alde lan egingo dutela
EH Bilduko zerrendaburuak, Arnaldo Otegi koordinatzailearekin, atzo Donostian eginiko ekitaldian.
EH Bilduko zerrendaburuak, Arnaldo Otegi koordinatzailearekin, atzo Donostian eginiko ekitaldian. IDOIA ZABALETA / FOKU

Jon O. Urain -

2018ko ekainak 24
EH Bildu «irabaztera aterako da» datorren urteko udal eta foru hauteskundeetan, «hautagaitza eta programa onenak» dituelako. Horrela adierazi zuen atzo Arnaldo Otegi koalizio subiranistako koordinatzaileak: «Guk ez dugu sekula independentziaren eta justizia sozialaren partida jokatu aurretik utziko». EH Bilduk ohiko batzar orokorra egin zuen atzo Donostian, eta, bertan, ofizialki aurkeztu zituzten 2019ko udal eta foru bozetan zerrendaburu izango diren hautagaiak. Han izan ziren Jone Goirizelaia, Reyes Karrere, Miren Larrion eta Joseba Asiron Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko alkategaiak, Kike Fernandez Pinedo, Bea Ilardia eta Juan Karlos Izagirre Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldungai nagusiak eta Bakartxo Ruiz Nafarroako Gobernuko lehendakarigaia.

Hain justu, Ruiz izan zen ekitaldian hitza hartu zutenetako bat, eta Nafarroako hauteskundeei begira jarri zen. Azaldu zuen «2015ean hasitako aldaketa politikoaren eremua indartu eta zabaltzea» dela erronka, eta «bide horretan jarraitzeko aldaketa espirituari eusteko konpromisoa» adierazi zuen, «eraldaketa sakonagoa» erdiesteko. Funtsean, hitzeman zuen Euskal Herri «justuago» baten alde lan egingo dutela. Ilardia, berriz, «ilusio berrituaz» aurkeztuko da bozetara, eta «herritarrengandik gertu bainoago, herritarren artean egoteko borondatea» agertu zuen. Halaber, uste du «jendearen arazoei irtenbideak eskaintzeko giltza» izan behar duela EH Bilduk, eta «jendearekin egon, jendea entzun, eta jendeari erantzuteko gaitasuna» izan behar duela.

Urkulluri eta Barkosi kritika

Otegiren hitzekin amaitu zen ekitaldia. Haren esanetan, «estatu aparatuei zigorgabetasuna emanez sortu zen 1978ko erregimena» da gaur egun oraindik indarrean dagoena, eta gaineratu zuen Guardia Zibila dela Altsasuko auzia eta Iruñeko 2016ko talde bortxaketarena lotzen dituen haria: «Erasotzaileak babesten dituen estatu bat dugu aurrean». Bestalde, kritika egin zien Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko lehendakariei: «Ikas dezatela Ipar Euskal Herritik. Jean-Rene Etxegarai [Euskal Elkargoko] lehendakariak denekin hitz egiten du lehenbizi, eta, gero, Frantziako Gobernuarekin hitz egiten duenean, herri moduan hitz egiten du». Urkullu bihar batzartuko da Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin.

Sanchezi ere mintzatu zitzaion Otegi: «Onar ezazue nazio bat garela, autodeterminazio eskubidea dugula, eta ezar ezazue lege arrunta espetxe politikan. Ez dugu besterik eskatzen; egin hori, eta arazoa konpontzeko bidean egongo da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna