G7aren bilera, gutxieneko sozietate zerga adosteko

jokin sagarzazu
2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
G7a osatzen duten herrialdeetako arduradun ekonomikoek akordio bat lortu nahi dute asteburu honetan, sozietateen gaineko zergan gutxieneko global bat ezartzeko eta enpresa teknologiko handiak zergapetzeko. Londresen bildu dira finantza ministroak, datorren astean gobernuburuek Kornuallesen (Ingalaterra) egingo duten bileraren aurretik. Parte hartzaileetako batzuk baikor agertu dira akordioa lortzeko aukerarekin, baina hala balitz ere, oraindik G20aren uztailean bilduko dira eta OCDEren azterketa gainditu beharko luke.

Aspaldikoa da talde teknologiko handien zerga ihesa gutxitzeko nahia, baina OCDEn egindako saioek porrot egin dute, AEBen ukoagatik, besteak beste. Baina Etxe Zuriko maizter berriak aldatu egin du Washingtonen ohikoa zen mezua. Joe Biden diru beharrean dago bere azpiegitura plan anbiziotsua finantzatzeko, eta erabaki du iritsi dela enpresa handien irabazi mardulei koska egiteko garaia, sozietate zerga %21etik %28ra igota.

Hori eginda, Biden beldur da enpresa handi askok ez ote duten beste herrialde batzuetara alde egingo. Hori dela eta, egoera desblokeatu eta enpresen irabaziak zergapetzen dituen sozietate zergari gutxieneko tasa komun bat ezartzearen alde azaldu da. Hasiera batean, Frantziak %21ekoa aipatu zuen, baina AEBek asmo hori apaldu dute, herrialde gehiago batzeko: %15koa proposatu dute.

Tasa horren gainetik dago sozietate tasa nominala herrialde gehienetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %20 da enpresa txikientzat, eta %24 handientzat; Nafarroan, %23 eta %28, hurrenez hurren. Gainera, ordaindu beharreko gutxieneko tasa bat ere badago: %11-17 artekoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Baina, egiazki, hori baino gutxiago ordaintzen dute askok. ELAren azken txosten batek dio 22 enpresa handienek irabazien %7,6 ordaindu zituztela 2019an.

Teknologia enpresa handiek azken urteetan lortutako irabaziek berpiztu dute sozietate zerga global bati buruzko eztabaida. Hain justu, multinazional horiek tasa baxueneko herrialdeetan dituzten adarretara desbideratzen dituzte besteetan bildutako irabaziak. Frantziarentzat eta Erresuma Batuarentzat ezinbestekoa da bi alorretan akordioa lotzea. AEBentzat ere bai. Bidenek aste honetan muga zergak handitzeko mehatxua egin die Google tasa eta gisakoak ez dituzten herrialdeei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.