Angel Erro.
JIRA

Legitimazioa

2019ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Bost urte obretan eman ondoren, eta 60 milioitik gora euro xahutu ondoren (plebeioek gehiegizko gastuez eta luzapenez arranguratzeko tema gorabehera), Herbehereetako errege-erreginek bere egoitza ofizial zaharberritua aurkeztu dute. Atentzio gehien erakarri duena DNAren saloia delakoa izan da, bertako hormak errege-erreginaren kode genetikoarekin apainduta baitaude. Zinez dotorea, leopardo baten larruazal inprimitua ematen du, beltz eta urre kolorean. Artista ospetsu batek eta genetista batek diseinatu dute. «Ezin modernoagoa», esan du Van der Beugelek, artistengan ohikoa den apaltasunaz, «koadro baten tankerakoa da». Eta arrazoia du. Ez da harritzekoa, garai batean arbaso noble baten margoari toki onena eskaintzen zitzaion modu berean, ondorengoaren jabetza eta boterea legitimatuz, orain legitimazio beraren erakuskeria egitea, ahalik eta gaurkotuen. Herbehereetako Willem erregeak zientzia itxura eman nahi izan dio tronuari atxikitzearen motibo berez arrazionalari.

Europako mugetan ere, artista holandarrari, libre badago, edo besteren bati, eskatu beharko zitzaion artelan bat egin zezan, gure bizimodu isolatu eta pribilegiatuaren prestigio-emaile, hildako etorkinen gorpuekin. Zerbait garesti eta fina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.