Kosta ahala kosta, 'eureka' baten bila

Ibilbide profesionalean aurrera egin ahal izateko, zientzialariek gero eta ikerketa gehiago argitaratzeko presioa nozitzen dute. Hainbat adituk salatu dute egoerak aurrerapena sustatu beharrean zientziaren garapena kolokan jar dezakeela.

Juanma Gallego.
2017ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
«Procalcitonin to detect invasive bacterial infection in non-toxic-appearing in- fants […]. Inpaktu indizea: 3,577. Kuartila: 1». Osakidetzako txosten batean agertutako aipamen bat da, baina edonon topa daitezke halakoak. Zientzialariek berenlana epaitzeko eta neurtzeko erabilitako zenbakiak dira horiek. Zenbakien bila, ikertzaileak saiatzen dira ospe handiena duten aldizkarietan argitaratzen, eta ahalik eta aipu gehien lortzen. Horren arabera neurtzen baita artikulu baten garrantzia zientziaren alorrean. Hain da handia presioa, ezagun egin da Publish or perish esaldia: publikatu edo hil.

Egindako lana ebaluatzeko sistema da hori, eta, beste baten faltan, beharrezkoa da egun. Baina ibilbide profesionalean aurrera egiteko zientzialariek behar dituzten nota horiek puntu ilun asko izan ditzakete. Besteak beste, zientzia artikulu ugari kosta ahala kosta ekoizteko beharra. Argitaratzeko presioa aspaldikoa da, baina azken urteotan bereziki «jasangaitza» bihurtu dela dio NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kultura Zientifikoaren Unitateko arduradun Joaquin Sevillak. Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrakostiralean Bilbon antolatutako Zientzia presiopean jardunaldiaren harira azaldu du Sevillak egoera latz hori zertan den. Haren ustez, asko argitaratzearen beharrak arazo ugari eragin ditu. «Horren erruz, azken urteotan sortu diren zientzia emaitza asko ezin ditugu zientifikotzat hartu. Kasu batzuetan, kalitate estandarrak jaitsi direlako, baina, beste hainbatetan, zuzenean, iruzurtzat jo ditzakegulako. Beraz, argitaratuta dagoenaren zati bat ezin dugu ontzat eman».

Sevillaren esanetan, zientziaren garapena bultzatu beharrean, presio horrek justu kontrakoa lortu du. «Aurrera goaz, baina ez irmotasunez, zabuka baizik, zalantzaz beterik. Are gehiago, zientzian ezinbestekoa den errepikagarritasun printzipioa hautsi da. Beste zientzialari batek esperimentua errepikatzen duenean, ez dira emaitza berberak lortzen». Hans Christian Andersen idazlearen Enperadorearen jantzi berria ipuinarekin parekatu du egoera. «Zientziaren munduan, guztiok dakigu arazoa hor dagoela, baina inork ez du ikusi nahi». Emaitzak lortzeko lasterketa zoroan erabiltzen diren hainbat teknika salatu ditu adituak. P-hacking, Cherry picking eta halako tranpak gero eta maizago erabiltzen omen dira. «Horien bitartez, nahi diren emaitzak atera daitezke».

Gutxi eta presaka

Askoren ustez, antzeko presioa dago komunikazioaren arloan ere. Zientzialariek bezala, kazetariek ere gero eta azkarrago argitaratu behar dute, eta horrek ere ondorio txarrak izan ditzake. «Erredakzioetan gero eta kazetari gutxiago daude, eta destajuan lan egiten dute, gainera». Radio Euskadin La mecanica del caracol zientzia saioa zuzentzen duen Eva Caballero kazetariaren hitzak dira. Egoera hori dela eta, kazetariek mota guztietako gaiei azkar heldu behar diete, eta, ondorioz, erredakzioetan erraz sartzen dira sasizientziei lotutako gaiak. «Azken urteotan, bereziki, osasunari lotutako gaiak dira horiek: homeopatia, reiki, feng shui eta halakoak». Arazoaren atzean, bi zio nagusi ikusi ditu Caballerok. «Kazetari batzuek halako gaietan sinesten dute, eta nahita jorratzen dituzte. Baina, beste hainbatetan, kazetariak badaki gai hori tontakeria besterik ez dela. Halere, publikoak horren inguruko interesa omen duenez, eduki horiek sartzen dituzte hedabideetan».

Negozio berri horretan sartuta dauden enpresen komunikazio estrategia indartsuak ere aipatu ditu Caballerok. «Gutxitan jasotzen ditut farmazia enpresen prentsa oharrak, baina homeopatia eta fitoterapia lantzen dituzten enpresen ohar asko jasotzen ditut hilero. Kazetariak gutxieneko ezagutza zientifiko bat ez badauka, iruzur horiek erraz sar daitezke programazioetan». Ignasi Labastida i Juan fisikariaren ustez, egoera arintzeko gakoetako bat zientzia guztien esku jartzea izan liteke. Zeregin horretan dabil, aspalditik, Bartzelonako Unibertsitateko zientzialari hori. «Zientzialariok sortzen duguna gizarteari bueltatu behar diogu, ezinbestean. Baina modu irekian egin behar dugu, lan hori berrerabiltzeko aukera emanez». Adituaren aburuz, ikerketak eta datuak askatzeak ekarri behar du edozeinek horiek baliatzeko aukera izatea. Hori lortzeko, unibertsitate publikoetan sortzen ari diren biltegi instituzionalak aipatu ditu. «Zientzialariei eskatzen diegu beren lanak Interneten bidez kontsulta daitezkeen biltegi horietan sartzeko».

Labastida i Juanen arabera, zientzialariek komunikatu egin behar dute. Baina Eva Caballerok uste du kazetariek ere kultura zientifikoa bereganatu beharko luketela. «Hedabideak egiten ez badu, kazetariari dagokio hausnartzea gai bati hauspoa eman behar zaion ala ez».Ez dirudi, hortaz, zientziaren inguruan dagoen presioa erraz desagertuko denik, baina prozesuan parte hatzen dutenek,bederen, eskutik helduta joateko aukera dute. Horrela, batak besteari penak kontatzeko aukera izango dute, eta horrek bide malkarra zertxobait samurtu lezake agian. Presiopeko bidea izango bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.