Koronabirusa munduan

Pekingo hainbat auzo itxi dituzte kasu gehiago baieztatu ostean

Hiriburuko merkaturik handiena itxi dute, gaitza handik zabaldu delakoan. Bi hilabete dira Txinak bertan behera utzi zuela larrialdi egoera

Bi gizon Xinfadiko merkatutik haragia eramaten. ROMAN PILIPEY / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Azken hiru egunetan gutxienez 45 koronabirus kasu baieztatu dituzte osasun arduradunek Pekin hiriburuan. Gehienek zerikusia dute hegoaldeko Fegntai auzoan kokatutako Xinfadi merkatuarekin. Pekingo handizkako merkatu nagusia da, eta handik irteten dira hirian kontsumitzen diren fruta-barazkien %90. Dena den, osasun arduradunek iragarri dutenez, izokina saltzen duen postu batekin lotuta daude kutsatze berriak ez dute azaldu langileak eurek ote zeuden kutsatuta, haiek erabilitako tresnak edo izokina bera. Ondorioz, agintariek berehala eman dute merkatua ixteko agindua, baita haren inguruko 11 auzo ere.

Lehen kasua ostegunean baieztatu zuten: 52 urteko gizonezko batek positibo eman zuen. Larunbatean merkatuko langileei egindako probetan 45ek eman zuten positibo; gehienak asintomatikoak ziren. Polizia militarrak inguratu ditu berrogeialdian jarritako inguruak, eta bertako herritarrei debekatu egin diete handik irtetea. Gainontzeko barrutietan ere mugatu egin dute mugikortasuna. Bertan behera utzi dituzte kirol ekitaldiak, eta debekatu egin dute hiritik kanpoko turismoa. Eskolen irekiera ere atzeratu egin dute.

Bitartean, merkatuan lan egiten duten 10.000 pertsonei probak egiteko agindu dute agintariek, eta positibo emandakoekin harremanetan egon diren pertsonen bila ari dira.

Kasuren bat izan duten hiriak erabat ixtea izan da Txinaren pandemiaren aurkako orain arteko estrategia, eta hala egin dute hiriburuan ere. Hala egin zuten Wuhanen ere iazko abenduan, argi geratu zenean birusa ez zela bere kabuz desagertuko, eta orain arteko tratamenduek ez zutela haren aurka balioko.

Bigarren olatuaren beldur

Itxialdia amaitu zenetik lehen aldiz, bigarren olatu baten beldurra indartu egin da Txinan, hiriburuan dozenaka kasu baieztatu baitira. Bigarren goraldiari buruzko oharrak ez dira berriak. Historian zehar izandako pandemiek argi erakutsi dute gerta daitekeela, eta gertatzen denean birusak kalte handiagoa eragiten duela. Zhang Wenhong epidemiologoaren esanetan, herrialde batzuk ez dira pandemiaren gorenera heldu, eta beste batzuetan azaltzen hasiak dira bigarren goraldi baten aztarnak; besteak beste, Iranen.

«Pandemia ez da egun batetik bestera desagertuko, eta, orain arteko kasuak aintzat hartuz gero, ondoriozta genezake bigarren agerraldia okerragoa izango dela», azaldu du Zhangek. Immunitaterik eza litzateke bigarren agerraldi baten arrisku nagusia. Izan ere, mundu osoan bezala, Txinan ere herritar gehienak ez dira gaixotu.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak berak ohartarazia du birusa ez dela berehalakoan desagertuko; beraz, hark ere ez du baztertzen bigarren goraldi bat gertatzeko aukera. Txinako Gobernuak hartutako neurriek argi utzi dute babes neurriekin eta mugimendua mugatuz eten daitekeela katea. Neurrioi luzaro eustea oso zaila da, ordea; besteak beste, arrazoi ekonomikoengatik.

Japonia da horren adibide argia. Hokkaido eskualdea izan da gaitzak gogorren jotako eremuetako bat. Ondorioz, Tokiok itxialdi zorrotza ezarri zuen bertan, eta, horri esker, aste gutxiren buruan kutsatu kopurua nabarmen jaitsi zen. Eskolak eta lantokiak ireki eta gutxira, baina, bigarren agerraldi baten berri eman zuten osasun arduradunek, eta bigarrenez ezarri zituzten segurtasun neurriak.

Pekinek ere ohartarazi du «gerra eremu» izendatu dituela Xinfadi merkatua eta inguruko auzoak, eta datozen orduetan polizia militarrak zainduko dituela inguruak. Asiako potentzia nagusia izanik ere, birusak kalte handia egin dio herrialdeari, eta, beraz, ez dago bigarren agerraldi bat onartzeko prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.