Klasismoaren arrazializazioa

2018ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Nietzschek esaten zuen debekatu egin beharko litzatekeela kalean eskean ibiltzea, zeren pobre bati limosna ematen diozunean gaizki sentitzen baitzara hondarrak bakarrik emateagatik, eta berdin sentitzen baitzara gaizki ezer ematen ez badiozu ere. Eskaleek deseroso jartzen dituzte «ezkerreko» kontzientzia duten burges txikiak, eta eskean dabilena, berriz, mespretxatu egiten du eskuinak. Txiroen aurkako gorrotoa, bazterketa, jazarpena, kriminalizazioa eta indarkeria —aporofobia esaten zaio, eta klasismoaren ondorio da— bereziki ankerrak dira pobre nabarmenenekin; esate baterako, kalean itxita bizi diren milaka «behartsuekin». Baina batez ere kategoria batzuen aurka egiten dute, zeinak etiketatuta eta arbuiatuta baitaude kolore jakin bateko azala izateagatik —edo sexu joera jakin bat, nazionalitate bat, adin bat edo sexu bat— eta gainera pobreak izateagatik.

Hain zuzen ere, kategoria estigmatizatuen aurkako bazterketa mekanismo bat da arrazializazioa. Ez da gauza bera emakumea izatea, musulmana, beltza, gaztea, adingabea, marokoarra, hegoamerikarra, itsua, herrena ala gaixo mentala, pobrea izan ala ez. Horregatik, klasismoa arrazializatzeak esan nahi du pobreari zaion gorrotoa zuzenean lotzen zaiela gizon, zuri, aberats, heldu eta desgaitasunik gabeak ez garen guztiei. Klasismoaren arrazializazioak gizartea halako eran taxutzen du non estereotipoek gutxiengo hori balioesten duten, eta bigarren mailakotzat —edo ez-pertsonatzat— jotzen duten gehiengoa, hots, gizon, zuri, aberats, heldu eta «desgaitasunik gabeak» ez garenok.

Hemendik, nekropolitikako enpresen eta haien estatuen helburua ez da guztion beharrak asetzea, ez eta guztion eskubideak bermatzea ere, ezpada haiek betikotzeko eginahalak egiten dituen gutxiengo pribilegiodun batzerbitzatzea. Horretarako, klase txiroen aurkako gerra komertzial eta militar bat baliatzen dute, eta zuzenbide pribatu eta merkataritza zuzenbide bat ezartzen: zuzenbide horrek sakratu bilakatzen ditu klasismoa, xenofobia, homofobia, patriarkatua eta gerontokrazia, horiek baitira kapitalismoaren zutabeak eta bazterketa eta indarkeria forma ororen jatorriak.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.