Angel Erro.
JIRA

Inboluzioa

2020ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Ohartu zara, galdetu dit irakurle ni baino arretatsuago batek, atzera, edo zuk zeuk esan bezala, hemeretzigarren menderantz, goazelako kezka askotan agertzen duzula zure zutabeetan? Max Frischek esana etorri zait gogora: «Nire beldurretan handiena: errepikapena». Bi modutara interpreta daitekeena, zutabegile jardunari dagokionez eta gizadiaren historiari dagokionez. Baina ez da hor gelditu laguna. Ni desenkusatzen saiatu naizenean, esanez inboluzioa agerikoa dela, ukaezina, XX. mendeko kalamitateak ahanzturak hartu dituela, edo ia, faxismoa zuritzeko joera handitzen doala, sozialdemokraziaren konkistarik txikienak ere komunismotzat jo eta eskubideok galtzeko arrisku serioa dagoela, eta abar, nire irakurle sokratikoak, beste galdera batez, planteatu dit XXI. mendeko gaitzetarako proposatzen diren konponbideek ere ez ote duten bi mende atzerago jotzea suposatzen: hegazkinak utzi eta trena bultzatu, ehungintzaren kutsadura eta esplotazioa murrizteko arropari bigarren bizitza eman eta birziklatu, bizimodu naturalagoa eraman, osasuntsuago egoteko gure aitona-amonen elikagaiak lehenetsi, nork bere baratzetxoa eduki. Ondorioa niri ateratzen utzi dit, esku-eskura. Inboluzioa dugu hondamendi eta salbazio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.