elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Lazaretoan

2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Eta zer, zuk zer moduz daramazu afera? Ni, galdera ikurretik zintzilik nauka, erantzun bat aurkitu orduko, susmotan jarri eta beste galdera bat pizten zaidala; ezin ihes egin jakin-minari, mendian laharrek hanka harrapatzen dizutenean bezala, trabatuta. Txinan apokaliptikoa zen hura, hemen, pasatu beharreko tramite baten pare aurkeztu zitzaigun berri hartan; kutsatu eta hildakoen kopuruek gora egin ahala, gaitzari hesia jarri nahian ezarritako isolamendu neurriek bahitu egin dituzte herrialde osoak, Italia adibide. Bide bertsutik goaz hemen.

Galdera ikurretik zintzilik gaude, halako fenomenorik ez dugulako ezagutu, demagun, azken zazpi hamarkada hauetan. Gogoan beste epidemia batzuk, esaterako koltza olioarena, 1981ean Espainiako Estatuan, edo behi eroena, 1986an Erresuma Batuan, baina, beren txarrean, lokalizatuagoak ziren haiek, kontrolagarriagoak. 1918ko gripe izurritearen berri amarengandik jaso genuen etxean; urtebete besterik ez zuen orduan, baina betirako geratu zitzaion argi pandemia batetik bizirik irtendakoa zela bera.

Ane Irazabal berriemaileari entzun nion Euskadi Irratian lehengo batean, Erroman, adineko gizon batek kontatu ziola nola oraingo honek II. Mundu Gerrako garaia gogorarazten dion, faxismoa erori zenekoa. Niri ere, salbuespen egoera honek gertakari soziopolitiko batzuk ebokatzen dizkit ezari-ezarian, oroimenean zizelkatuta geratutako horietakoak. Esaterako, frankismo garaiko salbuespen egoera politiko-errepresiboak. Edo gerora, 1981ean, Tejerok estatu kolpea eman zuen gau hartako ezinegona, kolpea ez zela ondo atera edo Erregeak galga jarri ziola, edo dena delakoa argitu zen arte.

Bada, ordea, oraingo fenomeno honetan, bestelako gertakari politiko-sozial haiekiko diferentzia errotikako bat: errepresioak eta inboluzioak jendea batzera deitzen zuten bezala, epidemiak bakartu egiten du pertsona; bakartu egin behar da gaixoa, isolatu, eta jendetzak ekiditea gomendatzen zaio gaitza harrapatu nahi ez duenari. Aspaldiko erremedioa da isolamendua izurriteetan; urrutira joan gabe, hor egon zen Donostiako Santa Klara uhartean lazaretoa, Txillardegik irlari eskaini zion liburuan jasotzen duen bezala. Lazareto bihurtuta egon dira krisi honetan Tenerifeko hotel bat eta gurutzaontzi bat edo beste, horiek alderrai itsasoan, oporraldia amesgaizto bilakatu zaien turista presoz beteta. Oraingo martxan, lazareto izan daitezke herrialde osoak. Mundu hiperglobalizatuaren kontuak. Birusa, gainera, demokratiko samarra da itxuraz: herritar arruntak bezalaxe harrapatzen ditu ministro frantziar eta espainiarrak. Nolanahi ere, adinkeriak jota dator COVID-19a: urtetsuei erasaten die gogorren.

Ze ondorio utziko ote dizkigu krisi honek? Tristura eta pena, horiek ziurtatuta daude. Apaldu ere egin beharko lituzke harrokeria batzuk, ekialdeko erraldoiarenak nahiz mendebaldeko gizarte ustez perfektuenak: zaurgarritasuna azalean sentitu dute —dugu— bateko eta besteko biztanleek. Beldurra ematen duena zera da, ea gaitzak eragindako bakartze hori errotu eta egonkortu egiten den joera orokor gisa, are eta indibidualistago bilakaraziz XXI. mendeko hiritarrak.

Hala ere, kontrapisua badago oraingoz: osasungintzako profesionalak, farmazialariak, janaridendetako langileak, hedabideetako kazetari eta teknikariak, garraio publikoari eusten dioten langileak... eta erabakiak hartu eta jakinarazten dituzten agintariak; horiei guztiei esker irten ahal izango gara ataka honetatik ahalik eta modu duin eta ordenatuenean.

Krisiari soinu banda jartzekotan, Bertolt Bretchen poemak kantatzen zituen Mikel Laboa hura hautatuko nuke: Denak ala inor ez, Munduaren esker ona, Lilurarik ez... eta azken abesti horretako «bizitza da handiena» esaldia.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.