Zerua asaldatzetik, eskailerak eraikitzera

2019ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Txirri, Mirri eta Txiribitonek ezaguna egin zuten, duela urte asko, Zapi zuria abestia. Zapi zuriarekin jolasean ibiltzen ziren bertan, eta zapi zuria nora, hara mugitzen zen jendea ere. Ezagun egin zen oso abestia, eta urte dezente pasatu badira ere, egungo euskal politikaren dinamikan ez gaude bere letrak zionetik oso urrun. Are gehiago, azken egunotan, dinamika politikoak alderdien mugimenduak ekarri dizkigu, hara eta hona, zapia bailitzan, (balizko) akordioen bilaketa aitzaki, urtea bukatu aurretik egikaritzeko bidean izango direnak.

Azken asteotan, aurrekontuen dinamikaren eztabaidan sartuta gaude EAEn eta Nafarroan. Erkidegoan, Elkarrekin Podemosek aurrekontuei emandako babesa da eztabaida nagusia, azken asteotako negoziazioen ondorioz. Giro politikoan aspalditik nabaria zen horrelako zerbait gerta zitekeela, eta, azkenean, baieztapena ere iritsi zen. Bizitzan gauza gehienetan bezala, hau ere ez zen izango arrazoi bakarreko jokaldia. Bi arrazoi nagusi egon dira, nire ustez, Elkarrekin Podemosek erabaki hau hartzeko. Alde batetik, Madrilgo gobernu akordioaren giroak dakarren haizea. Akordio horren bila aritzeak, balizko kide izan daitezkeenei gauzak erraztea suposa lezake, dagokien tokian. Baina arrazoi bakarra ez da hori izan, eta, ziurrenik, ezta pisuzkoena ere. Elkarrekin Podemosek erakutsi beharra zuen, legegintzaldia bukatzera doan honetan, baduela rol eta espazio bat erkidegoan jokatzeko, eta espazio hori erabilgarria izan daitekeela gizartearentzako, konfrontazio hutsetik harago. Azken batean, Elkarrekin Podemos ez dago prest aurretik bere espazio politikoa okupatu duten beste batzuei gertatu zaien bezala, zulo beltzean erortzeko, eta irentsialdi hori igaro aurretiko neurriak hartu nahi ditu.

Eta ez dirudi gaizki aterako zaionik Elkarrekin Podemosi. Azken DeustoBarometroak, hilabete honetan bertan atera denak, babes zabala ematen dio Espainia mailako PSOE-Podemos akordioari, eta laugarren lider politiko baloratuena bezala definitzen du Lander Martinez, 4,14ko balorazioarekin. Gauzak horrela, ez dirudi bere boto emaileek gaizki ikusiko dutenik aurrekontu akordioa balioestea, EAJrengana eta PSE-EErengana gerturatzea posible eginez. Are gehiago, azken hauteskundeetan bozak galtzen ari zen alderdi bati bere galera geldiaraztea suposa diezaioke, erabilgarritasunaren bidetik bere espazioa topatze aldera. Zertarako, bestela, hauteskundeetarako urtebete baino gutxiago falta denean, akordioa erdietsi? Zertarako erakutsi orain aurpegi posibilista? Elkarrekin Podemosen kalkulu posibilistenek eraginaren garrantziaren balantzan jarri dituzte arrautzak: Madrilgo gobernuan egoteak izan dezakeen eraginean, eta Jaurlaritzaren akuilu izateak izan dezakeenean. Zerua asaldatzetik, eskailerak eraikitzera; baina funtzionatuko ote du? Ni baietz esatera ausartuko naiz, zorua finkatzeko balioko diela.

Eta hau guztia aurrekontuen negoziazioak suposatzen duen zapi zuriarekin. Denak zapi zuriaren inguruan bueltaka. Legegintzaldi honen lehen urtean, popularrak; hurrengoan, EH Bildu, nahiz eta, azkenean, zapirik ez zuten eraman; eta, oraingoan, Elkarrekin Ahal Dugu. Eta Nafarroan, gobernuan egonda, zapia aurrera zein atzera, EH Bildu lagun. Batzuk zein besteak dantzaren erritmoa jarraitzen.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan argi dago EAJk, zapia maneiatzen duen alderdiak, ongi dakiela aurrekontuei dagokienez dantzaren denborak eta pausoak maneiatzen, eta baita bikoteak aukeratzen ere. Zalantzagarriagoa da bikoteei komeni ote zaien musika horrekin dantzan hastea. Alderdi Popularraren kasuan, argi dago ezetz, EAJren aurpegi moderatuak bozak jaten dizkielako popularrei lurralde guztietan. Elkarrekin Ahal Dugu-ren kasuan, nola eragingo dio akordio horrek? On egingo al dio EAJrengana gerturatzeak? Horixe dago jokoan momentu honetan.

Nafarroan ere ari dira aurrekontuen inguruan dantzan. Baina, kasu horretan, bikote aukeraketari dagokionez, erabakiak sinpleagoak dira, aukerak asko murrizten baitira. EH Bilduk jokatuko du kasu horretan pragmatismoaren karta, baina Nafarroako agertokian aldaketa-erregimenaren dikotomia oraindik oso indarrean dagoela kontuan hartuta, ulertzeko eskemak ere aldatu egiten dira. EH Bilduk ez du, beraz, zaila izango aldaketaren babesa, eta, ezkerraren karta jokatzen duen heinean, bere aurrekontuekiko boza justifikatzea.

Eta bi kasuek badute zerbait komunean: babesa ematen duenaren posizioa egonkortu egingo dute. Agian, kexa asko entzungo dira gero eta mundu mikroagoa ordezkatzen duen txiosferan, baina, esanda bezala, bi alderdiei on egingo die hartutako jarrerak. Eta zapi zuria aurrera eta atzera astintzen jarraitzeko denbora izango da hemendik aurrera. 2020a hastear dugun honetan, ikustekoa izango da Espainiako Gobernuko agertoki berriak, eta, batez ere, EAEko hauteskunde lehiak, orain esandakoak erakusten dituen. Zapi zuria astindu arren, euskal politika zurrun mantendu baita azken hamarkadetan. Eta, esanak esan, inork ez du erori nahi zulo beltzean. Hobe zapiari bueltak ematen jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.