Itziar Diez de Ultzurrun Sagala.
ARKUPEAN

Elkartasunaren mugak

2019ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Noizean behin kezka etortzen zait iruditzen zaidalako oraingo umeek aukera eskasa dutela beretako berariaz ekoitzitako fikzioaz haratagoko filmak-eta ikusteko. Haur nintzela zuri-beltzeko bi telebista kate baino ez genituen etxean ikusgai eta, haurrendako programaren bat eta marrazki bizidunak zeuden arren, txikiek maiz izaten genuen modua helduei begira eginiko filmak ikusteko. Film horiek ikustea denbora-pasako jarduna zen, ez ziguten haiek ikusten uzten halako balio jakin bat lantzeko edo Historiaz edo beste kulturez ikasteko, ezta gure sen kritikoa garatzeko ere. Nolanahi ere, inguruko helduek (filma ikusten gure ondoan egon ohi zirenak, haiek zirelako, azken batean, filma ikusi gogo zutenak) maiz goititzen zuten ahotsa westernetan indiarren alde egin genezan edo Afrikako kolonoen ikuspegi arrazistez jabe gintezen. Bai, harrigarria bada ere, elkartasunaren mugak zeharkatzen lagundu zidaten film haiek, eta Historia eta istorioak bakar batzuen ikuspegietatik kontatzen zirela jabetzen; are esan nezake haien bidez ikasi genuela etxean geu ginela besteak.

Egungo aukeraren maukeran, ordea, gurasook beti dugu eskuragarri haurrendako beren-beregi eginiko produktu-sorta zabala, bai telebistan, bai zinema-aretoetan, eta oso eskertzekoa den arren, helduok ahalegin handiagoa egin behar izaten dugu haurrak bestelakoetara bideratu nahi izanez gero. Antzera gertatzen da bestelako ikuskizunekin eta aisialdirako orotariko aukerekin ere. Gainera, betebeharra eta erantzukizuna xede bakar eta gorenak zituen gizartearen gainbehera hein batean osasungarriaren ondotik etorri zaigun gizarte hedonista eta plazerez gose honetan, ez da samurra gozamen begi-bistako eta berehalakoa ekarriko ez dien kontuetara eramatea umeak.

Etxean, eta lagunartean, helduen eta haurren planak tartekatzen saiatzen gara, umeei entzunez geure ahotsak isildu gabe. Hori dugu bederen planak antolatzeko darabilgun esparru teorikoa eta, beraz, alabari oso gustuko ez dituen gauzak egitea ere tokatzen zaio. Behin, harekin gaiaz mintzatzen ari nintzela, galdetu nion ea uste ote zuen askotan behartzen nuela plan ez gustagarriak egitera, eta baietz erantzun zidan, maiz gertatzen zela, baina ez zitzaiola hainbeste axola ere, zeren gero ongi pasatzen baitzuen, gehienetan. Zorionez, bizitzaren sen ludikoa oso berezkoa dute haurrek, baina horrexegatik da manifestazioetara joatea alabak makurren eramaten dituen planetako bat.

Gorroto ditu aspergarriak zaizkiolako. Gorroto die inoiz hotza pasatu duelako, eta bero eramanezina beste inoiz. Iaz, astegun buruzuri batean kale-agerraldi batean ginela, bere asperduraz eta nekeaz ari zitzaidan batean, manifestazioak ez zirela ongi pasatzeko azaldu nion, ez zutela hori helburu, zerbaiten alde edo kontra geundela taldean erakustea baino, besteekin bat egitea zerbait eskatzeko edo salatzeko, gauzak aldatzen saiatzeko. Harrigarria bada ere, niri hala iruditu zitzaidan orduan, berehala eman zuen ontzat arrazoibide hori, konforme gelditu zen.

Egia da, manifestazioak ez dira umeendako plan dibertigarriak, baina aitzakia ona dira umeen neurrira taxuturiko fikzio eta errealitate eztietatik haratagoko munduetan barneratzeko gure haurrak, gure iraganaz eta bizitzaren ertz gordinez mintzatzeko haiekin.

Bai, alaba eta biok Baionan izan ginen atzo, astean zehar etxean presoen gaiaz behin baino gehiagotan hitz egin eta gero. Presoez, ETAren hilketez, diktaduraz, giza eskubideez, denbora-pasako ez diren jarduerez... Bai, atzo Baionan izan ginen ez soilik atxilo daudenen giza eskubideak aldezteko, baizik eta alabarekin oroimen historikoari buruzko ariketa politiko bat egiteko ere. Baionan izan ginen alabari oroitzapen bat uzteko oinordetzan, nagusitzean gogora dezan orotariko jendea bildu ginela ilbeltzeko larunbat hotz batean mendeku-garaiak buka daitezela eskatzeko eta elkartasunaren mugak zeharkatzeko aroa dela aldarrikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.