Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Kriptosistema publikoak

2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
«Bizitza eta pentsio duinen alde». Ez da deszifratzeko zaila den esaldia. Badakigu zer eskatzen ari garen, badakite zer eskatzen diegun. Eta nago zailtasuna ez daukala esaldiaren dekodifikazioak, sistemarenak berarenak baizik. Pentsio sistema publiko nahiz pribatuak kolapsatzear dauden honetan, kode publikoko enkriptazio sistemak etorri zaizkit gogora.

Gizakiaren asmakuntza garrantzitsuena izango da hizkuntza. Sinbologia baten bidez elkarrekin komunikatzeko gaitasunaz ari naiz. Baina elkarrekin komunikatzeko kode konpartitu bat asmatu bezain pronto sortuko zitzaizkigun pribatutasun arazoak ere. Zeinek ez du oporretan hizkuntza gutxitu bat izateaz disfrutatu parekoei buruz lasai hitz egin ahal izateko?

Bada, hizkuntza gutxitu pila sortzea baino eraginkorragoa da mezuak zifratzeko moduren bat asmatzea. Eta horretaz arduratzen den alorrari kriptografia esaten zaio. Gure egunerokotasuna pentsaezina da kriptografiarik ezean. Bankuko txartel, posta elektroniko... dena dago zifratuta, nahiz eta sarri gutxiegi arduratu ohi garen horren nolakotasunaz.

Gailu gehienetan darabilgun kriptosistema mota ez zen 1970eko hamarkadara arte asmatu. Ordura arteko sistemek kode konpartitu bat behar zuten igorlearen eta hartzailearen artean. Alegia, igorleak eta hartzaileak, nolabait, kandadu baten giltza beraren kopia bi izan behar zituztela. Kriptografia mota horrek baditu bere mugak. Hasteko, giltza bera izatea ziurtatzeko beharrezkoa da lehen komunikazio seguru bat, eta hori ez da beti posible izaten. Hori gutxi ez, eta hartzaile bakarrak giltza ezberdin pila izan beharko ditu jende askorekin modu pribatuan komunikatu nahiko badu. Ezingo liekeelako denei giltza bera banatu besteekiko komunikazioa arriskuan jarri gabe.

Arazo hauek konpontzeko asmoz asmatu zen kode publikoko kriptografia sistema. Oinarrian duen ideia sinplea da. Eta giltzen kopiak egin beharrean kandadua irekita bidaliko bagenu? Hartara, guri mezu pribatu bat bidali nahi digunak nahikoa du mezua idatzi eta kandadua ixtearekin. Horretarako ez da giltzarik behar. Behin itxita, guk bakarrik ireki ahalko dugu kandadua. Erraza, ezta?

Noranzko bakarreko funtzioak behar dira praktikan hori gauzatu ahal izateko. Konputatzeko errazak eta, non eta informazio jakin bat ez duzun, desegiteko praktikan ezinezkoak diren funtzioak. «Informazio jakin» hori izango da gure giltza pribatua. Gure igorleari publikoki zerbait (kandadu irekia) bidaliko diogu, bere mezua zerbait hori eta noranzko bakarreko funtzioa erabiliz zifra dezan. Kandadua itxiko du honela gure igorleak, eta guk soilik deszifratu ahalko dugu mezua, funtzioa desegiteko gure giltza pribatuarekin.

Gisa honetako kriptosistema baten lehen adibide praktikoa zenbakien aritmetikak ahalbidetu zuen eta RSA izenez da ezaguna. Izan ere, zenbakiak elkarrekin biderkatzea ariketa erraza da, baina zenbaki handi bat zenbaki lehenetan faktorizatzea esponentzialki zailagoa. Egizue aproba 123 bider 456 eskuz egin ala 6.887 faktorizatzeak, ea zeinek hartzen dizuen denbora gehiago.

Daukagun pentsio sistema ere izan liteke noranzko bakarreko funtzio bat. Kode publiko konpartitu bati esker «erraza» da diruak bildu eta banatzea. Eta nago beharbada lehen baietz, bazeukala giltza pribatu bat zeinak dirua inoiz jarri zuenari gerora bueltan iristea ahalbidetzen zuen. Baina aldagaiak aldatzen joan zaizkio, dela jaiotza-tasa, bizi-esperantza... Eta beldur naiz egungo ekonomialariek ere ez diotela deszifratuko duen kode pribaturik aurkitzen noranzko bakarreko funtzio horri. Eta funtzioa noranzko bakarrekoa bada, krak egiten duenean praktikoki ezinezkoa izango da atzera egin eta egindakoa desegitea...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.