EITB, publikoa izatea ez da gobernukoa izatea

Fermin Munarriz
2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Datorren urteko maiatzean lau hamarkada beteko dira Euskal Irrati Telebista herri erakundea sortzeko Legea onartu zenetik. Orduz geroztik, eraldaketa sakonak gertatu dira. Hala ere, horietako haize batzuk ez dira zabaldu gizarte-kohesiorako funtsezkoa den erakundean. Edo kezkagarriagoa dena: bere jatorrizko erantzukizunetik urruntzen duten inertziak, gobernantza-joerak eta sorrerako helburuei uko egiten dieten moldeak indartu egin dira.

Aro-aldaketa baten aurrean gaude bizitzaren esparru guztietan, eta komunikabideak —are gutxiago publikoak— ez daude hortik aparte. Inork ez du zalantzan jartzen erreforma sakon bat beharrezkoa dela. Hots, Euskal Irrati Telebista Publikoaren eredu berri bat eta ikus-entzunezko araudi berri bat behar dira. Eta hauek itun sozial bat hartu behar dute oinarritzat, zerbitzu publiko batekin kolektiboki identifikatzeko, kalitatezkoa, informazio eskubidea egia bihurtzen duena neutraltasunetik, informazio-zintzotasunetik eta botere politikoarekiko independentziatik, euskal kulturaren eta euskararen funtsezko sustatzailea, anitza, gardena... Zerbitzu publikoaren balio soziala aldagai hauen betetze mailarekin neurtzen da, erabilera-motekin eta audientzia-datuekin osatuta, eta ez alderantziz.

Beste helburu batzuen artean, erakundea «herritar euskaldunak argipide eta politikan esku hartzeko lehen-lehen mailako bide» gisa sortu zen. Eta orotariko oinarri-arauen artean berariaz zerrendatzen ziren informazioen objektibotasuna, egiazkotasuna, inpartzialtasuna eta aniztasun politikoarekiko begirunea. Azken batean, berme demokratikoen abiapuntua zen, EITBren funtzio nagusia ziurtatuko zuena: herritarrentzako zerbitzua.

Hain zuzen ere, printzipio horietako batzuetan erakunde publikoak, eta bereziki bere ontzi-entseinak, ETBk, gabezia kezkagarriak erakusten ditu lau hamarkada geroago. Adibideak pilatu egiten dira. Gaur egun, herritarren zati handi batek ETB gobernuaren zerbitzurako dagoen tresna bat bezala ikusten du. Alde bateko kontakizunaren eta interesaren transmisio-uhal gisa. Baina publikoa izatea ez da gobernukoa izatea. Publikoa izateak independentzia, inpartzialtasuna eta aniztasuna bermatzea dakar.

Harriduraz —eta haserrez— ohartzen gara batzuetan albistegien erabilera patrimonialistaz. Gobernua eta hura sostengatzen duten alderdien ahotsak etengabe nagusitzen ohi dira, beste eragile sozial, politiko, herritar eta kulturalen kaltetan.

Eta hau ez da gertatzen ari den bakarra. Gizartearen hainbat sektorek bertako gobernuen jarduerari kritika —zilegia, nolanahi ere— adierazten diotenean, ordaina informatiboki oldarra edo ez ikusiarena egitea izan daiteke. Nahikoa da azken hilabeteotan gertatu denari erreparatzea: pandemia, Zaldibar, Cabacas, hauteskundeak, erraustegia, Europako funtsak edo Ertzaintzaren jarduera... zertzelada batzuk ematearren. Gobernua edo bere alderdi nagusia goraipatzeko espresuki egiten diren esku-hartzeak ahaztu gabe; edo eguna joan, eguna etorri, arduradun politiko batzuen gehiegizko agerraldiak, karikaturaren mugetaraino. Eta horrek prestigioa galtzea ere eragiten du.

Egoera honen jatorrira iristeko, EITBren barrura begiratu behar da, bertako gobernantza-eredura. EITBk arazo bat du bere sorreratik: zuzendaritza eta kudeaketa organoak hautatzeko eredu politizatua.

Gobernuak proposatzen du zuzendari nagusiaren izendapena, eta lortzen duen balizko gehiengo parlamentarioaren bidez ebazten da, oso urria izan arren. Eta ur-jauziaren efektuarekin jarraitzen du sistemak. EITBren zuzendaritza-karguen zerrendan, organigrama delakoan, 75 kide daude gehienez (mila langileko lan-taldean), zuzendaritzak zuzenean izendatuak; horietatik 23 izendapen askeko arduradunak izan daitezke, plantillatik ez datozenak. Hau da, atzeko atetik. Prozesu hori ez da publikoa, ez da gardena, ezta objektiboa ere, eta irizpide politikoak edo konfiantzazkoak nagusitzen dira profesionalen gainetik. Azken batean, kudeatzaileen sistema fiskalizatzaile bat. Eta horrek ere prestigioa galtzea eragiten du.

Era horretara, langileen karrera profesionala lanpostu finko baterako oposizioa gainditzen den unean hasi eta amaitu egiten da. Ez dago karrera profesionaleko eta merezimenduko sistema gardenik, ezta gobernuko agintarien aurrean independentzia zainduko duen kanpoko bermerik ere.

Beharrezkoa da hedabideen erakunde publikoen eredu berri bat, arlo honetan ere, gizarteari irekiagoa, parte-hartzaileagoa, independenteagoa eta gobernuaren menpe ez dagoena. Erakunde publikoen kultura politiko demokratikoagoa. Eta hori bermatzeko, ezinbestekoa da zuzendaritza nagusia merezimendu-lehiaketaren prozedura publiko baten bidez aukeratzea. Onenek zuzendu dezaten. Sorrerako oinarri-arauak berreskuratzeko. Erakundea erabat prestigioduna eta estimatua izateko.

Zerbitzu publiko bat da; herri askeagoa eraikitzeko modu bat ere bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.