2018-2019 ikasturtea: eskola segregazioa amaitzeko urtea

Ainhoa Astigarraga Blanco - Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma

2018ko irailak 9
Ezbairik gabe, aniztasuna kudeatzea da gaur egungo erronka eta aukera nagusietako bat eta, horretarako, eskola funtsezkoa da. Belaunaldi berriei kultura askotariko jendartean bizitzea egokitu zaie, eta gure eskoletan hasi beharko lukete errealitate hori modu positiboan bizitzen, gizarte kohesioa lortuko bada.

Honen aurrean, ordea, EAEko hezkuntza sistema segregatzailea dugu. Segregatzailea da bere ikasleak maila sozioekonomikoaren eta jatorriaren arabera banatzen eta sailkatzen dituelako bi hezkuntza-sareen artean, publikoan eta pribatu-kontzertatuan. Datuek ez dute zalantza izpirik uzten: gaur egun eskola publikoak (hezkuntza sistemaren %51) baliabide gutxiko familien ikasleen %75 jasotzen du eta egoera bera errepikatzen da hezkuntza behar bereziak dituztenekin (%63,5 Haur eta Lehen hezkuntzan; %70 DBHko Diversificación curricular delakoan), ikasle atzerritarrekin eta sistemara berandu etortzen direnekin.

Hezkuntza Sailetik eta lurraldeetako ordezkaritzetatik bideratutako politika tamalgarri eta segregatzaile honek hezkuntza-sistema duala indartu du, ikasle guztiek aukera berdinak izatea bermatzen ez duen hezkuntza sistema klasista bat sortuz, bereizi egiten baititu haurrak haien larruazal kolorearen, jatorri etnikoaren, gizarte-klasearen edo erlijioaren arabera, denon diruarekin ordainduta. Hartara, gure hezkuntza sistema diskriminatzailea da, ez da inklusiboa, ez du ekitatea bermatzen, gizarte-kohesioaren kontra doa eta eskola publikoa baztertzen du, hain justu ere beharrizan gehien dituzten haurrak babesten dituen eskola.

Eskola Publikoaren Aldeko Plataformatik hiru urte daramatzagu egoera onartezin hau salatzen, eta ez gara bakarrak izan. Euskadiko Eskola Kontseiluak bere 2015-2017 txostenean hauxe dio: «Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan, ikastetxe publikoetako batez besteko ISEK negatiboa da. Aldiz, pribatuetakoa positiboa da». Edo «Diru publikoa jasotzen duten ikastetxeetan, ikasleen eskolatze orekatua ahalbidetzeko neurriak hartzea». (Eskola Kontseiluak Gobernuari eginiko eskaerak lehenagotik datoz, hala ere. Izan ere, 2009an Legebiltzarrak berak hainbat neurri proposatu zituen gai honen inguruan). Save the Children erakundeak 2018an «Mézclate conmigo» delako txostena argitara eman, eta Euskadiri zegokion eranskinean baieztatzen zuen gure autonomia-erkidegoan «eskola-segregazio maila areagotu egin dela azken urteotan», eta «gaur egun Euskadiko ikasleen %40k eskola-ghettoetan ikasten duela». Azkenik, joan den maiatzean, Euskal Eskola Publikoko milaka familia, irakasle eta ume, 60 eragileren baino gehiagoren babesarekin (GKEak, alderdi politikoak eta sindikatuak), kalera atera ginen eskola-segregazioaren aurrean Eusko Jaurlaritzaren ekimen-falta salatzeko.

Harritu egiten gaitu, horregatik, beste aldean ikusten dugun isiltasunak. Hezkuntza Sailak ez du arazoa ikusi nahi, ezkutatu egiten du, eskola segregazioa ez da aipatzen «Eskola Itunean», (Documento de bases para el acuerdo por la educación delakoan) eta aurrera jarraitzen du sare publiko osoak (sindikatu eta guraso elkarte guztiok) onartzen ez duen eta beharrezkoa ez den Hezkuntza-Legearen egitasmoarekin.

Harritu egiten gaitu sare kontzertatuaren jarrerak ere. Kristau Eskolak (sistemaren %24 inguru) ez du adierazpenik egin honen inguruan. Arazo sozial larria sortu dezakeen egoera honen aurrean, isiltasuna. Bestetik, Partaide-Ikastolen elkarteak (sistemaren %13 inguru) segregazioaz egiten duen azterketa, gure ustez, partziala da. Kezka azaldu arren, ez du arazoaren jatorriari buruzko diagnostiko argia egiten, eta bere praktikan, ez da aldaketarik sumatzen.

Ikasturte hau erabakigarria izan daiteke gure hezkuntza sistemaren etorkizunerako. Legebiltzarrak bi hitzordu garrantzitsu izango ditu: Eskola-eredu inklusibo eta ez-segregatzaile baten alde 17.000 sinadura baino gehiago bildu zituen Eskola Inklusiboaren aldeko Herri-Ekinaldi Legegileak (HEL-ILP) aurkeztutako eskaera eztabaidagai izan dute legebiltzarkideak. Bestetik, hezkuntza sistema diskriminatzaile hau finkatu nahi duen eta aipatu dugun bezala, hezkuntza munduaren erdia kontra duen «Hezkuntza Legea»-ren tramitazioa ere gauzatuko da. Espero dugu Legebiltzarrean dauden alderdiek apustu sendoa egin dezaten zerbitzu publikoen alde, alegia, eskola publikoaren alde.

Gure proposamenak ezagunak dira: 1) eskola publikoa euskal hezkuntza-sistemaren lehentasunezko ardatz nagusia izatea; 2) eskoletan izena emateko udal bulego bakarrak; 3) diru publikoarekin finantzatutako ikastetxeen doakotasuna bermatzea; 4) hezkuntza-itunak lotzea ikastetxeek inguruan duten egoera sozialari ematen dioten erantzunarekin; 5) D eredua unibertsala izatea, funtsezkoa baita integraziorako; 6) hezkidetza eta hezkuntza inklusiboa bermatzea; 7) heziketa laikoa jasotzeko eskubidea gauzatzea hezkuntza-sare guztietan; 8) segregazio egoeretan dauden ikastetxeentzat egitasmo bereziak abiaraztea epe laburrean egoerari buelta eman ahal izateko; 9) gaur egun eskola publikoak ez dituen azpiegituraz eta giza baliabide nahikoez hornitzea, azken urteotako murrizketak bertan behera utziz; 10) 0-2 etapako pribatizazioaren prozesua gelditzea; 11) gutxieneko eta gehienezko inklusio-tasa bat ezartzea diru publikoarekin finantzatzen diren ikastetxe guztietan.

Prest gaude edonorekin eseri eta hitz egiteko eta dei egiten diegu Euskal Herrian zehar sortzen ari diren antzeko plataformak gurekin harremanetan jarri daitezen. Eragile sindikalei eta Hezkuntza komunitateari ere gure proposamenen aldeko konpromisoak eskatu nahi dizkiegu ikasturte honetan.

2018-2019 ikasturtearen aurrean gaude. Eskola-segregazioa bukatzeko urtea, inklusibitatearen, ekitatearen eta berdintasunaren aldeko dinamikak eta politikak sendotuko dituen urtea. Egin dezagun denok denona eta denontzat den eskola bakarraren alde, eskola publikoaren alde.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna