Samara Velte.

Larrialdietako irteerak

2018ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Herrialde batzuek, euren harreman geopolitikoez edota gaitasun ekonomiko eta militarraz harago, badute halako garrantzi sinboliko bat. Etiopia da horietako bat. Europako bazter honetan bizi garen gehienok Etiopiaz dakigun apurra irudi edota ideia zehatzak dira: 80ko hamarkadaz gogoratzen direnentzat, gosetearen sinboloa da. Zaharragoak agian gogoratuko dira Haile Selassie enperadorearekin eta haren bitxikeria ofizialekin; esate baterako, lege eta arauak ahots apalez errezitatzen zituela, eta Lumaren Ministerio bat zeukala —eta, ondorioz, Lumaren ministro bat— haiek paperera eramateko; edota 1948an Jamaikako rastafariei lur zati eder bat oparitu ziela Addis Abebatik 150 kilometrora, afro-amerikar haiek bera, Haile Selassie —jatorriz Tafari Makonnen, eta, hortik, Ras Tafari— jainkotzen zuelako. Beste batzuentzat, Etiopiaren izenak berak ere hitz joko iradokitzailea dakar, utopiatik hain gertu eta aldi berean hain urruti; baina hori gehiegitan erabili da dagoeneko. Eta, azkenik, independentzia prozesuak euren formatu guztietan aztertu zale direnek ere jakingo dute Etiopiaren beste berezitasun politiko batzuen berri: besteak beste, haren konstituzioak autodeterminazio eskubidea idatzita dakarrela, eta (liberiarrek baimenduko digute) Afrikan inoiz kolonizatu gabeko herrialde bakarra dela.

Sinboloek horixe dute, ordea: errealitate malkartsuago baten irudikapen perfektuegiak direla. Eta Etiopia katalogoetan saltzeko balio lezaketen titular distiratsuen azpian ere eguneroko elkarbizitza-ahalegin hauskor eta tentsiozkoak dira nagusi. Kolonizatu gabeko herrialde afrikarra izateak esangura berezia eman zion Etiopiari XX. mendearen lehen erdian mundu osoko komunitate beltzen begietara. Nelson Mandelak bertan jaso zuen prestakuntza militarra 1962an, eta garai hartako Etiopiako Gobernuak bertako pasaportea ere eman zion. Afro-amerikar ugarik ere migratu zuten bertara, belztasun librearen herrialdetzat harturik. Inguruko herrialdeetan deskolonizazio prozesuak hasi zirenean, ordea, zaharkituta geratu zen Etiopiaren irudia, bere inperio anakronikoarekin eta hari lekua hartu zion junta militarrarekin. Autodeterminazio eskubidea aitortzen duen Konstituzioko 39. artikulua garai haren ondorengoa da: junta militarra erori ostean boterera iritsitako Tigray Askatzeko Herri Frontearen (TPLF) garaian sartu zen indarrean, nolabait herrialdeko talde etniko nagusien arteko borondatezko federazio bat irudikatze aldera. Tigrayak Eritreako mugan bizi dira; eta euren gerrillak, hasiera batean, Etiopiatik bereiztearen alde egiten zuen, ahoz eta hasieran behintzat. Junta militarra garaitzeko estrategian, ordea, nahiago izan zuen estatua kontrolatu harengandik bereizi baino.

Askapen mugimendu gisa hasi zena agintari bakarreko gobernu autokratiko bihurtu zen denborarekin, Meles Zenawiren agindupean. Etiopiako ekonomiak gorakada handia bizi izan zuen XX. mendeko azken hamarkadan, eta nazioarteko botereek aski zuten «mirari etiopiar» horrekin gainerakoaren aurrean begi bat ixteko. Herrialdean bertan, ordea, mirariaren inguruko poza geroz eta txikiagoa zen, bereziki tigray ez ziren etnien artean. Etiopian, hiru talde etniko nagusiak tentsiozko botere-lehian bizi dira elkarrekin: 25 urtez agintean egon diren tigrayak, behinolako elite kulturala izandako amharak eta, populazioz gehiengoa izan arren, aurtengo maiatzera arte sekula agintean egon ez diren oromoak. Horiez gain, 45 etnia txikitik gora biltzen dituen Hegoaldeko Nazioen, Nazionalitateetan eta Herrien Eskualdea dago, eta beste zenbait talde ere geratzen dira kategorizazio horietatik kanpo (harariak, afarrak, somaliarrak eta abar). Toki guztietako alderdi banak osatzen dute gaur egun agintean dagoen EPRDF, Etiopiako Herriaren Fronte Iraultzaile Demokratikoa; bertan, ordea, TPLF tigray-ak izan du erabakimena duela oso gutxira arte.

Zenawi agintean egon zen 17 urteetan, azpiegitura eta inbertsio gehienak iparraldean —bere jatorrizko lurraldean— egitea leporatzen zioten, eta gaur egun oraindik nabari da desberdintasuna. Horrez gain, autoritarismoa, prentsa askatasunik eza eta errepresio sistematikoa egozten zizkioten. 2015ean protesta handiak hasi ziren bestela ere higatzen ari zen gobernuaren aurka, eta aurtengo udaberrian, irudia eta existentzia salbatzeko ahaleginean, agintari berria izendatu zuen EPRDFk: Abiy Ahmed ipini zuen lehen ministro. Ordura arte figura ezezaguna zen Ahmed; telekomunikazioen kontrolerako enpresa federaleko goi karguduna; jaiotzez musulmana eta gero kristautasun ortodoxora aldatua —Etiopiako bi erlijio nagusiak dira horiek—, mundu guztia kontent uzteko moduko kontsentsuzko figura modernoa zirudien, Justin Trudeau etiopiar baten antzera edo. Horrez gain, edo batez ere, oromo etniakoa da Ahmed. Azken urteotan, mugimendu independentista dezente sendotu da Oromian, eta Ahmeden izendapena hura geldiarazi eta oromoak berriz etiopiar sentitzeko ahalegin argia da. Aldaketaren irudi bihurtu zen berehala: prentsa askatasunaren aldeko neurri batzuk onartu, manifestazioetan edota lan politikoa egiteagatik atxilotutako dozenaka preso askatu —eta haiei barkamen ofiziala eskatu—, eta Afrikako Adarrarentzat garrantzi handia duten bi akordio garrantzitsu izenpetu ditu maiatzaz geroztik: bakea —aitortza— Eritrearekin, eta Niloko uren inguruko adostasuna Egiptorekin. Addis Abeban, Oromian eta Amharan heroitzat dute askok: taxietan eta elastikoetan ikus daiteke haren aurpegia. «Orain demokrazian bizi gara», da gehien errepikatzen duten azalpena, Ahmedek euretako inoren botorik jaso ez duen arren, eta azken 30 urteotan agintean egon den koalizio berekoa den arren. «Lehen ministroak aldatzen du alderdiaren norabidea», erantzun ohi dute konbentzimendu osoz, etiopiarrek historian agintari nabarmenekin izan duten fedea berretsiz.

Non galdetzen den, ordea, erantzuna oso bestelakoa da. Tigray eskualdean bekokia belzten zaie Ahmeden izena entzundakoan: orain baztertuta sentitzen dira urte luzez agintean egondakoak, eta hainbat analistak diote frustrazio horretatik iparraldeko independentismoa indartu daitekeela. Bestalde, oromo guztiak ere ez daude pozik Ahmeden biraketarekin, eta kritiko izaten jarraitzen dute harekin, bereziki Oromoko Askapen Frontetik (OLF) at geratzen diren talde txikiagoek. Guztientzat hor dago konstituzioko 39. artikulua, larrialdietarako irteerak egoten diren bezala: mundu guztiaren bistan, nahiz eta oraingoz inork ez duen proba egin, benetan zabaltzen ote den edo ez ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.