Txema Ramirez de la Psicina

'Gogoa nun dugu?'

2020ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Gaur egun Euskal Herrian abertzalea izan behar da independentziaren alde egoteko? Duela 25 urte, batek baino gehiagok galdera hau probokaziotzat hartuko zukeen. Agian gaur ere bai. Zer da gaur egun abertzale izatea? Nola irudikatzen dugu gaur aberria? Seguru asko erantzunak desberdinak izango dira Ipar Euskal Herrian, Nafarroa Garaian edota Euskal Autonomia Erkideagoan, prozesuak, erritmoak eta esperientziak desberdinak izan direlako azken hamarkada hauetan.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan azken 40 urteetan aginte organo gorenetan hegemonikoa izan eta agintean dagoen EAJ alderdiak abertzaletzat du bere burua. Ni ez naiz inor etiketak banatzeko edo kentzeko. Galdera da: EAJren nagusitasun horrek independentziarantz gerturatu gaitu? 1980ko Eusko Legebiltzarrean indar abertzaleak nagusi ziren. Parlamentuak, orduan, 60 jarleku zituen. Horietatik 42 indar abertzaleenak ziren: EAJk 25, HBk 11 eta EEk 6. Ordezkari guztien % 70, beraz. 40 urte geroago emaitzak errepikatu egin dira; 2020ko legebiltzarrean, 75 jarlekuetatik 52 dituzte indar subiranistek (31 EAJk, 21 EH Bilduk). Beraz, % 68. 40 urte geroago, ezer gutxi aldatu da mapa politikoa. Galdera da: independentziatik gertuago gaude? Independentzia nahi dugu? Adinekoek gogoratuko dute nola 1978an EE alderdiak famatu egin zuen leloa: 40 urte eta gero hau!. Diktaduraren ostean bizi zen garai gazi-gozoa laburbiltzen zuen leloa zen. Gaur egun leloa errepika liteke. Itsuenak ere badaki lau hamarkada hauetan gauza askotan aurrera egin dugula: hezkuntzan, euskararen zabalpenean, komunikabideetan, gizarte zerbitzuetan eta abar. Baina galdera beste bat da: independentziarantz goaz?

EAJk ez du independentzian sinesten, baina ezin du publikoki hori aitortu. Autogobernuaren lantaldean darabilen estrategia horren erakusle da: denbora irabazteko trikimailua baino ez. Sabin Etxeak soil-soilik bat egingo du independentziarekin bere interes ekonomikoak salbu ikusten dituenean. Bizkitartean gozo, oso gozo eta eroso dago. Epidemiologoek desiratzen duten immunitatea eskuratu du EAJk azken hauteskundeetan. Izan ere, taldeko immunitatea lortu du, eta, horri esker, agintean segitzen dute EAEn. Harrigarria badirudi ere, pandemiak eta ustelkeriak ez diote fakturarik pasatu. Hamarkada hauetan, jakina, gauza asko ongi egin ditu EAJk. Ezin bestela ulertu jendearen babesa. Era berean, ezin uka daiteke egiturazko faktore asko eta asko dituela bere alde: Madrilgo gobernua, komunikabide publiko zein pribatu dezenteren babesa, estatuko iritzi sortzaile askoren miresmena eta, jakina, botere ekonomikoen begirunea. Zer gehiago eska daiteke? Pentsiodunak, sindikatu nagusiak, kulturgileak , osasungintzako nahiz hezkuntzako eragileak haserre daudela? Bai, eta? Noiz izan da hori EAJren jokalekua? Zein da elektoralki kaleko presio horren kostea? Jeltzaleen boto emailearen batez besteko adina altua da. Ados. 45 urtetik beherakoen artean ez dira nagusi. Konforme; baina, ez ahaztu adin piramidearen eboluzioa ere EAJren alde dagoela.

Ezker subiranistak denbora larregi xahutu du EAJren trenaren zain. Eta jeltzaleen trena garbi dago zein den. AHT eta EAJ arima bikiak dira. Inork ez daki tren hori noiz abiatuko den, azken helmuga zein den, ezta behin betiko ibilbidea noiz amaituko den ere. Mirandatik behera eta Hendaiatik gora izango al du segidarik? Dagoeneko 30 urteko atzerapena metatuko duela aurreikusten da. Baina lasai: «Euskadi zutik dago. Aurrera goaz, auzolana eginez».

Alternatiba gauzatzeak denbora beharko du, baina beste nonbaitetik eraiki behar da, ezkerretik eta ez eskuinetik. Joan den igandeko hauteskundeek zerbait garbi, oso garbi, utzi dute jendearen gogoan zer dagoen ulertzeko: kezka eta ziurgabetasuna. Pandemia dugu denok buruan, eta horrela jarraituko dugu auskalo noiz arte. Ondorengo hilabeteetan hartuko diren erabakiak oso garrantzitsuak izango dira, bai hemen, baita Bruselan eta mundu osoan ere. Haien arabera ikusiko dugu 2008ko krisialdian egindako akatsak errepikatuko diren ala ez, edota itxialdiaren gordinean egindako promes solidario horiek gauzatuko diren. Gogoan duzue «hau bukatzean hau eta beste egingo dugu» esaten genuen garai hori? Hiru hilabete igaro dira, baina badirudi batzuei ahaztu egin zaiela dena. David Fernandezek esan berri duen bezala: «birusa dena kudeatzeko gai da: desberdintasun sozialak, merkatu oldarkorrak, baita merkatari espekulatzaileak ere».

Deigarria izan da Galizian Podemos-en bertsioak izan duen erabateko porrota eta BNGren igoera historikoa.EAEn horrenbestekoa izan ez bada ere, antzeko joera sumatu da. Katalunian ere jabetu dira horretaz, eta sektore horretako ahots ugari kritiko agertu dira, beste behin ere, Madrildik datozen irizpide ofizialekin. Hasierako itaunera nator: abertzalea izan behar da independentziaren alde egoteko? Nire ustez, ez. Gero eta gehiago dira, inoiz abertzale izan gabe ere, beren burua independentistatzat jotzen duten sektore eta pertsonak, independentzia klaseko hautu etiko, solidario eta internazionalista bihurtzen ari delako.

Hauteskunde gauean, Sabin Etxeko giro euforikoan, Iñigo Urkulluren fazeta ezezagunak harritu zuen audientzia. Gontzal Mendibil eta Xeberri kantariek 1976an argitaratutako Zaurietatik dario disko borrokalari eta antikapitalistatik ateratako kanta bat abestu zuen jendaurrean: Gogoa nun dugu, EAJk kanpaina honetan erabilitakoa hain zuzen. Xeberrik eta Bittor Kapanaga Otxandioko idazle maitatuak idatzitako kantak honela dio, besteak beste: «Noizbait helduko da / amets dugun eguna. / Gogoa nun dugu / gazteok zer gara, / indarrak alkartu eta / goazen auzira». Bat baino gehiago aho bete hortz geratu zen kantu mitiko haren bertsio instituzionala entzutean, batik bat Bittor Kapanagaren nortasuna eta diskoaren testuingurua ezagututa. Urkulluren gogoa non dagoen misterio bat da. Asko espekulatu daiteke horretaz.

Ezin espekulazioetan galdu, ordea, ezta trenaren zain denbora gehiago xahutu ere. Kontua da EAJren alternatiba ezkertiar, subiranista, euskaltzale eta feminista lehenbailehen eratu behar dela, euskal errepublikaren ideia gero eta sektore gehiagorentzat erakargarri bihurtuz. Denok egin behar dugun galdera da: gogoa non dugu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.