Piztia eta guardasola

2020ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Trumpen presidentetza errusiar panpina agorrezin bat da. Eskandalu bat bestearen barruan, beti hurrengoaz ernari, etenik gabe. Lau urteko matrioxka jasangaitza. Hauteskunde egunerako bi hilabete eskas falta diren honetan, panpinaren muinera iristen ari ote garen galdetzen diogu geure buruari. Azken oskola kraskatu, eta benetako Trump txiki gordina azken arrautza horretatik sortzea espero dugu. Baina nago panpinak, errusiar izaki, ez direla nolanahi amaituko. Edo agian azkenekoa hutsik dagoela konturatuko garela, besterik gabe: fake news.

Nolanahi dela, inkesten arabera, gutxi falta da egitate momentu horretarako. Ikerketa demoskopiko guztiek aurretik jartzen dute Joe Biden, duela lau urte Hillary Clinton —gogoratzen?— topean ipini zuten moduantxe. Egia da inkesta-etxe batzuek emozioa ez dutela horrela besterik gabe hondatu nahi, eta zirrara puntu batekin diote Pennsylvania estatuan, kasu, Trump eta Biden hautagaien arteko aldea estutu dela (%45-49). Eta Pennsylvania inportantea izanen da azaroan, ikusiko duzue.

Iragarpenek balio kaskarra dute egoera honetan, hala ere. Ia 200.000 estatubatuar hil dituen pandemiaren erdian, kaleetan poliziaren arrazakeriaren aurkako protestak enfrentamendu zibileraino iritsi direnean, supremazista zuriak berriz ere oilartuta Trumpen alde agertu direnean, Estatu Batuetako gizartean ireki diren arrailak sakonagoak dira eta pitzadurak, nabarmenago. Birusa, odol-isuria, langabezia, pobrezia: presidente aldaketa baterako arrazoirik ez da falta, objektiboki. Baina ez da ahaztu behar Trumpen habitat naturala nahasmena dela, kaosa. Hiltzen ez zaituenak sendoago egiten zaitu, politikara eramana. Beldurra, legea eta ordenaren promesa da, berriz ere, bere heldulekua. Etxez etxe alarma-sistemak saltzen dituzten enpresen publizitate agresiboak bezala funtzionatzen du Trumpen kanpainak: bakarrik bizi diren agure izutuak eta familia ikaratuak are gehiago ikaratzea da helburua. Arrantza ugaria baita beldurraren kalan.

Bada, horretan ari da trumpismoa. Fox News kateak heroi bilakatu du Kenoshan bi manifestari tiroz hil dituen 17 urteko mutikoa. «Poliziak egiten ez duena egin behar izan dute gazte horiek, fusila bizkarrean hartuta», esan du Tucker Carlson aurkezleak legez kanpo armatutako teenager miliziez. Portlanden, gero, Trumpen alde kalera atera diren eskuin muturreko taldeak antifaxistekin oldartu dira. Antifaxista batek trumpzale bat hil du tiroz, gero polizia federalek hil dute antifaxista. Muturreko «bi Amerikak», aurrez aurre. American History X, albistegietara ekarria: biolentziak biolentzia baino ez du ernaltzen.

Bien bitartean, 2020 apokaliptiko honen lokatz artean bizitza «normala» egiten saiatzen diren herritarrak daude. Haien esku dago azaroaren 3an presidentea hautatzea. Trumpi beste aukera bat emanen diote batzuek; Trump kaleratu nahiko dute besteek. Baina, horiek guztiak ere, errealitate paralelotan bizi dira. Zinema-areto ezberdinetan bi pelikula arras diferente ikustera datozen ikusle multzoak balira bezala —«Fox News hortxe, lehenbiziko aretoan; CNN bigarren salan, krispetak eta kokakolak pasa eta ezkerretara, korridorearen amaieran»—. Zinematik ateratzean, errealitatearen pertzepzio oso bestelakoak izanen dituzte bi taldeek. «Jasangaitza da beltzen aurkako indarkeria presidenteak etengabe justifikatzea!», diote batzuek asaldatuta. «Demokratek erdi-mailako klase estatubatuarra suntsituko dute, gure etxeak sutan nahi dituzte, sozialista erradikal horiek!», besteek. «Txinako birusak ez gaitu geldiaraziko, Trump negozio-gizona da, eta burtsek eutsiko diote», batetik; «pandemiak eta presidentearen kudeaketa zentzugabeak hondoratuko gaituzte», bestetik.

Hautesle horien aurrean, bi estrategia daude lehian: zauritutako piztiarena eta piztia odolustearen zain dagoen ikuslearena. Trumpek atzaparrez eta letaginez defendituko du bere presidentetza, beharrezko diren metodoak erabiliz, bistan denez. Joe Biden, berriz, aterki handi batekin agertu da norgehiagokara, Kamala Harris alboan duela. Pasibo, guardasol zabalaren aterpean bildu nahi ditu Bernie Sandersen ezkertiarrak eta Trumpekin nazkatuta dauden errepublikanoak. Grabitateak eginen du gainontzekoa, 77 urteko presidentegai demokrataren ametsetan. «Denok Trump erortzearen zain» horretan, jakina, Alderdi Demokrataren sektore aurrerakoiek ez dute Biden babestea baino beste irtenbiderik, eta litekeena da Alderdi Errepublikanoaren disidentziak ere demokraten alde bozkatzea azkenean. Hala ere, trumpismoak eraikitako oinarri soziala sendoa da, giltzarri izan daitezkeen estatuetan batez ere.

Suburbia: hiri inguruetan bizi diren erdi-mailako klaseko familiak ezin ditu ihes egiten utzi Trumpek. Familia horien bi herenak zuriak dira, gehienak kontserbadoreak, eta askok Joe Biden hauta lezakete azaroan. Haien babesa ezinbestekoa du Trumpen kanpainiak. Horregatik, amets amerikarraren ikur diren auzo horietan etxez etxe alarma-sistemak saltzeari ekin dio. Horregatik agertu ziren Alderdi Errepublikanoaren konbentzio birtualean Patricia eta Mark McCloskey, Saint Louiseko luxuzko egongelatik bideokonferentziaz. Bikotea oinutsik ikusi genuen ekainean haien lorategian, poliziak George Floyd hil zuela salatzeko Black Lives Matter manifestazioa haien etxe aurretik pasatzen ari zela. Polo arrosa eta AR-15 fusil erdiautomatikoa soinean gizonak; pirata-prakak eta eskuko pistola txikia emazteak. Haien etxea defenditzen. «Ez izan zalantzarik: edonon bizi zarela, zure familia ez da seguru biziko demokrata erradikalen Amerikan», azaldu du irribarrea galdu gabe Patriciak hiri inguruko etxetzarreko egongelatik, kamerari begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.