BAKARRIZKETA

Hegaldi absurduen amaiera?

LUIS TEJIDO/EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Pandemiaren bilakaera ikusita, Europako Batasunak luzatu egin du hegazkin konpainiei iragan apirilean emaniko salbuespen baimena. Hala, hegaldien erdiak antolatzea nahikoa izango dute aireportuetan lan egiteko dituzten eskubideak mantentzeko. Beraz, murriztu egingo da bidaiari gabeko hegaldi hutsen kopurua.

1. Barkatu, ondo entzun al dut? Bidaiaririk gabeko hegaldiak esan al duzu? Bai, hala da. Beti egon izan dira gutxi batzuk, bidaiaririk gabekoak edota bidaiari gutxikoak, eta pandemiarekin asko areagotu ziren.

2. A zer-nolako zentzugabekeria! Tira, azalpena legedian dago. Hegazkin konpainiek slot delakoen arabera egiten dute lan. Aireportua ordutegi tarte jakin batean erabiltzeko eskubidea da. Baimen horiek urtez urte berritzen dira, eta, eusteko, aireportu horretan dituen hegaldien %80 mantendu behar ditu. Eta, kasu batzuetan, ezinbestekoa da errentagarritasun gutxiko hegaldiak antolatzea tasa horri eusteko. Sektorean, erabili edo galdu legea deitzen diote.

3. Orain ulertu dut. Eta Europako Batasunak arnasa pixka bat eman die konpainiei, ezta? Bai, hori da. Apirilean batezbesteko hori %80tik %50era murriztu zuen, eta horri eutsi dio. Hegaldien erdiekin erabiltzaileen beharrak asetzen direla uste du. Dena den, pandemiaren arabera, eta udako mugimenduei begira, tasa %30era jaisteko edo %70era igotzeko aukera du.

4. Eta horrelako neurriak salbuespena al dira? Ez, hartu izan dira aurretik. Esaterako, 2009ko krisi ekonomikoan eta 2010ean, izen luzeko Islandiako sumendi hark Europako aire trafikoa oztopatu zuenean.

5. Hegazkin konpainiak beti izan dira trebeak bulego lanetan... Bai, Airlines for Europe hegazkin konpainien lobbyak sukalde lan ona egin du Bruselan. 705 europarlamentarietatik 683k alde bozkatu dute.

6. Tira: logika ere badu, ezta? Erabatekoa. Hegazkin konpainiak hondoa jota daude. 2020an %65,9 jaitsi zuten fakturazioa, eta, IATA Nazioarteko Aire Garraioko Elkartearen arabera, 118.000 milioi euro galdu zituzten. Herrialde batzuetan nazionalizatu behar izan dituzte.

7. Baina aizu, hotzean pentsatuta, sistema horrek ez al dio lehiari traba egiten? Bai, slot jakin batzuk pagotxa dira eta ez dira eskuz aldatzen. Aire sektorean aldaketa gutxi egotearen gakoetako bat da. Ez da gauza bera Bilbo-Madril hegaldia 08:00etan antolatzea edo 11:00etan. Aireportua kudeatzen duen enpresak ematen ditu. Kasu batzuetan, dena den, slot-ak baldintzatuta daude, zerbitzu publikoa baitira. Alegia, uharte txikiak edo koloniak dituzten herrialdeetan hegazkin konpainiek hara iristeko hegaldiak bermatu behar dituzte trukean.

8. Eta ekologistek zer diote? Ez die grazia handirik egingo hegaldi hutsen kontuak. Aspaldi salatu zuten sistema, eta argi dute slot-ak ezin direla merkatu irizpideen arabera kudeatu. Hegazkinen CO2-aren %8 sortzen dutela diote, eta pandemia aurreko azken bost urteetan %26 handitu zen hegaldi kopurua munduan. Pentsa, Londres-New York hegaldi bateko bidaiari baten aztarna ekologikoa, urte batean etxe bat bero mantentzeak sortzen duen bera da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.