Madrileko intxaurrak, hamalau

2021eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Murtzia. Moncloako bulegoren batean Murtziako erkidegoan zentsura mozioa egitea bururatu zitzaion norbaiti. Jokaldi horrek orain dela hiru hilabete ustekabekoa zirudiena izan du azken ondorioa: Pablo Iglesiasen erretiroa. Zer gertatu da momentu batetik bestera hori posible izateko? Zein faktorek izan dute eragin gehien? Eta, batez ere, nolako ondorioak izango ditu horrek guztiak euskal politikagintzan?

Murtziatik harago, benetako hautsak harrotu dituena Madrileko hauteskunde kanpaina izan da. Madrilera begira bizi edo ez, ukaezina da han gertatutakoak, eta, batez ere, bertan ezarritako markoak izan dituen efektuak. Deialdia egin zuen momentutik ezarri zuen Ayusok berak markoa: sozialismoa edo askatasuna. Ondoren, eta Pablo Iglesiasen agerpena zela medio, matiz txiki bat eginaz aldatu zuen: komunismoa edo askatasuna. Eroso ibili da Ayuso marko horretan eta nabarmen deseroso ibili dira ezkerreko alderdiak. Markoa aldatzeko saiakera ere egin zuten kanpaina erdialdean, baina faxismoaren aurreko demokraziarekiko aldarriak ez zuen oihartzun handirik izan.

Pandemiaren murrizketak eta, batez ere, nekea nagusi diren testuinguru batean, Madrileko PPk egoki jokatu zuen askatasunaren markoaren eraikuntza. Ayusoren aldarriak askatasuna ez zuen mugatu eskubide zibilen markora, edo, horietatik eratorrita, eskubide sozialek egiten duten irakurketara (askatasuna berdintasunaren betaurrekoetatik begiratzeko beharrera). Aldarri horrek askatasunaren irakurketa jakin bat izan zuen helburu, urte luze honetan gehien mugatu zaigun elementuan begirada jarriz: sozializazio espazioak. Baina hori al da, benetan, askatasunaren adiera? Badirudi pandemiaren ondorioetako bat ez dela izan elkartasuna handitzea, gure egoismoa zabaltzea eta handitzea baizik. Hala adierazi du, behin baino gehiagotan, Felix Zubia medikuak. Hala asmatu zuen formulatzen Ayusok ere, modu guztiz interesatuan.

Baina ez da hori izan Madrileko hauteskundeek utzi duten ondorio bakarra. Ciudadanos, aspaldi ahulezia zantzuekin zebilen alderdia, desagertu egin da erkidego hartako mapa politikotik, eta eserleku horien guztien baturak ere hauspotu du Alderdi Popularra. Bitxia da, urte batzuk igarota, Espainiako politika berria formulatzera etorritako alderdien (eta horien lidergoen) bilakaera. Espainiako Estatuko hauteskundeetan sekulako porrota izan ondoren utzi zuen Albert Riverak Ciudadanosen lidergoa; eta Madrileko erkidegoko hauteskundeetan ezker blokearen gehiengoa lortu ezinik, Pablo Iglesiasek. Riverak (eta ondoren Arrimadasek) gidatutako Ciudadanosek argi erakutsi du ez zetorrela espazio berri bat eraikitzera (zentrokoa?), eskuinean korrupzioak eraitsita zegoen marka baten alternatiba izatera baizik. Eta galdu egin du guda. Podemosen ekarpena, ezkerretik oraingoan, esanguratsuagoa izan da Espainiako Estatuko politikan, lehen aldiz koalizio gobernu batean parte hartuz eta orain arteko eskema asko zalantzan jarriz. Baina boterearen kudeaketak noraino higatzen du M-15eko hasierako espiritu hura? Nola berritu? Ez da txikia Yolanda Diazek eta Ione Belarrak aurretik izango duten erronka.

Baina Madrileko hauteskundeen inguruan zerbait berririk bada, ezer berririk ez dagoela esatea da. Adinean gora goazenok orain urte batzuk ere Esperanza Aguirrerengan ikusita dauzkagu Ayusoren mezua, izaera eta emaitzak. Aguirreren estiloaren jarraitzaile den heinean, Madrileko agertokiak Tamayazoaren ondorengo hauteskunde haiek ekartzen ditu gogora, Aguirre, inozente irudia zuena, lider bihurtu zenekoa. Bipartidismoaren garaietara itzultzear al dago Espainiako politika? Ez dirudi hori azkar gerta daitekeenik, baina horren zantzuak egon daitezke, eskuinaren birkokatzean ikus daitekeenez.

Eta horrek guztiak nola eragingo du euskal politikan? Zeintzuk dira ikusi eta ikasi beharrekoak? Errazenetik hasita, agerian jartzen du PPk legegintzaldi honetarako C's-i egindako oparia. Emaitza hauek agerian jartzen dute Eusko Legebiltzarreko bi ordezkarien gainordezkapena, eta benetan ikustekoa izango da nolakoak diren bi taldeen arteko harremanak eta proposamen aurkezpenak ere.

Bigarrenik, askatasunaren markoaren presentziaren zantzuak ere iritsi dira gurera. Pandemiaren kudeaketaren ondorengoak prestatzen ari garen honetan, hasi gara entzuten askatasunaren interpretazioak suposa dezakeena, zentzu batean zein bestean. Ez dirudi askatasunaren gaineko eztabaidak zehaztuko duenik Euskal Herriko agertoki politikoa, baina argi dago pandemia ondorengo errelatoaren guda dagoeneko irekita dagoela gurean. Agertokian daude kudeaketa, subiranotasuna, osasuna eta zaintza bezalako kontzeptuak. Horien inguruan alderdiek egingo duten irakurketak zehaztuko du, hein handi batean, datozen bi urteotako eztabaida eta 2023an irekiko den hauteskunde ziklo berriaren agertokia.

Azkenik, Iglesiasen erretiroak Podemosen ireki egin du lidergoaren inguruko eztabaida. Badirudi Ione Belarra nafarrak har dezakeela bere tokia alderdian. Rivera eta Iglesiasen lidergoek, beraz, Espainiako politikan tokia egin diezaiokete, lehen aldiz (Rosa Diezen salbuespenarekin), emakumeek lidergoa izango duten aldi bati. Ikusteke dago datozen hilabeteetan nola eragingo duen horrek Ahal Dugu-Podemosen egituran, eta, bide batez, baita gainontzeko alderdietan ere. Ziur naiz lidergoen eta erreleboen gaiak oso presente egongo direla EAJ eta EH Bildun, berriki eurenzuzendaritza batzordeak berritu dituzten alderdietan. Esaera zaharrak dioenari buelta txiki bat emanez, Madrileko intxaurrek urrunetik lau baitirudite, baina, apur bat gerturatuta, gurean ere hamalau direlakoan bainago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.