Koldo Izagirre

Inspektore dohakabearen atarramentua

2021eko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Esnemarmitan bizitzeko etorkizuna Wall Estreeten. Eta hala ere, gatzatu jatorra dastatzera dator aberryak alokatutako Bombardier Global Expressaren bufalo larru sintetikoaren sabel gozoan. Bera ere alokatua, gitxirabazi asmobako Dolare Friends erakundearen bihotz euskoberari esker. Hangoaren halako bi gure inspektorearen soldata hemen —gehi gogorkeria plusak—, konfinantzialitate legea dela kausazehaztuko ez ditugun probintzietako kulturaren anabasa zuzentzuz antolatzeko.

Jet lag, lo argaldu, otordu saldu eta antzeko lelokeriak lagata, kulturaren eroera aztertzeari ekin dio Forondatik nekazalturismoko izardunenera eraman duteneko. Txosten, zerrenda, iritzi. Igo egin du bolumena. Idazlea ei den ahots bat ari da. Zertaz eta...

Arraioa eta sentella! Denok dakigu idazten!

Irratia itzali eta paper zuriaren gainean jarri da benetako idazleak lez, ordenagailua lo eta 21 kilateko Sailor Special Nib Cross Concord luma eskuan. Gaia, bi puntu, Kultura. Azpimarra, minutu bat, Zerga. Jaka erantzi, alkandoraren mahukak jaso. Koka sudurrupaño bat. Zertan ginen, paper? Zerga, zergatu, zerbatu. Zerba, zerba opila. Paper madarikatua! Kazetari inteligente baten galdera niri, adibidez... Ongi New Yorken? Ez. Noiz arte Euskal Herrian? Ez. Zer da kultura zure ustez? Hori bai itaun tamalgarria! Hori bai kiskal tximista! Eta erantzuna hementxe, zementuzko harmailakoa: betekizun bat betetzeko etorria naiz, kulturarik izango badugu zergapotoa bete behar da. Eta barreño ironikoa ezpainetik kendu barik askatuko luke jakaren botoia, gerrikoari atxikitako potoan daukan Smith & Wesson berria ikusgarri uzteko. Erraza da idaztea. Pilula bat hartu du. Zoruan etzan da hanka-besoak zabal. Zatoz, Katherin. Eta Edurne azaldu zaio. Upielako atsoa, zergari zor, idazkari hau. Zer da zerga, Katherin? Ez erantzun, ez erantzun! Beti galtzaile izan nahi dutenen saria da zerga. Zutundu egin da jauzi baten, boxeo saio latza egin du Katherinekin. Baina K.O. utzi ahal izan du gibela ostiko batez lehertuta. O, Katherin, Katherin, arrosa eta krabelin! Harrika jaurti du leihotik behera. Aberry Psycho. Horrelakoa da gure inspektore dohakabea, zuzena eta errukigaitza.

Irratia sutu du berriro.

Hitzaldia nobelagile batek gaur bertan. Aukera ona berarentzat, eskualdeko lili lurrintsuen aurrean kontzeptu harmoniko batzuk banatu ahal izateko. Kostaldera hartu du Katherinen gorpua zanpatu barik. Hitzaldiak ez dira kultura. Hitzaldiak itzala nagusitzen den zerak dira, belarra etzan egiten den belardiak, hegaztiek lur jotzen duten hegaldiak, izarrak itzali egiten diren izardiak: hitzaldiak itzaldiak dira, lo hartzeko ilundiak. Ez kultura. Beraz, Ikerketa Euronala eginik, ezin dira salbuetsi Smith & Wessonetik!

Arnasguneez ordu erdi jardun ondoren Aralarreko artzain-robot batekin, irratiak bertso saioa iragarri du eguerdirako amama jaio zen mendialdeko herritxoan. Aspaldi egon gabea, baserritar bikoteak laiak buru gainetik jasoak dituen taloan aldatu du norabidea. Pikutara nobelagilea. Bertsolaritza, hori bai laiatu beharreko alorra. Emango dizuet nik kantatzeko gaia, bai... Gaur ez dagoena bihar egon liteke!

Beste pilula bat badaezpadan.

Jakaren botoiak lotu barik sartu da udaletxean.

Ezein kontraturik ez, bertsolariek musutruk jardun behar ei dute. Eta, musukariak non dituzue? Zein enpresak ekarri ditu? Agentea non da?

Bertsolariak hortxe, plazan, miresle ergel batzuek inguraturik. Antxintxiketan jaitsi da.

E, zuek, ze uste duzue, mundua Ondarru dela? Hemen amaitu dira 'ardau dirua' eta 'amari ez emotekua'! Kontuz zer zabiltzaten! Bertsolaritza argikultura da! Ikusi, poto honek zergatuko ditu zuen poto guztiak.

Onak, plutonio pilulak!

Ikerketa Euronaletik ikerketa Eurotikora limurtuz, Bereziaga elkarte ospetsuan sartu da aldez aurreko ausentziarik eskatzeke. Izenak adierazten duen lez, elkarte hori salbuetsia dago zergatatik. Horregatik da berezia, izan ere. Ni zergapotoa betetzeko etorri naiz. Ogasunaren beraren gainekoa naiz, aditzen? Ekonomia Sail guztien gaindikoa. Gogorkeria bera naiz ni!

Eta plaka erakutsi die bereziagatarrei.

Patrick Bateman, Inspektore Gorena, Ahal Guztiak.

Irtendakoan etorri zaio, uste barik, bertsoa argikultura dela esan diela bertsolariei.

Dantza egin diote r eta g hizkiek!

Niri burlaka jardungo dute!

Matx bat egin behar nuke haien aurka, biak K.O. eta leihotik behera.

Bere duintasun prozesionalak hartaraturik, Zorkuntza Kooperatiba ospetsuagora jo du.

Goregitxo jotzen ari da, bai.

Eta dei bat jasoko du, espero ez duen dei bat jasoko du laster gure inspektore zuzen errukigaitz dohakabeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.