Gure geroa iritsi da

2022ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Autonomoak izanik, eguzki-sistema integratuan planetak kiribil baten antzera zabaltzen diren bezalaxe, euskalgintzaren elementuen arteko integrazioa lortzeko, erabakiek (legegintza) eta borondateek (betetzeko edota betearazteko gogoa), alor publikoek (administrazioek) eta pribatuek (administratuek) eskutik joan behar dute. Benetako elkarlana ezinbestekoa dugu gaur euskalgintzak dituen erronkei aurre egiteko.

Egungo garai digitalean, pertsonak eta erremintek eduki litzaketen aldagai guztiak kontuan hartu beharko genituzke elkarlan horretan. Aro digital ez horren berri honetan aldatu beharrekoa aztertu, erabakiak hartzeko bidean jarri eta helmugak finkatu. Horixe da gaur xedea.

Euskara eta euskalgintzari dagokionez, era askotako pentsamoldeak ditugu gaur euskal herritarron artean: hainbat jatorri eta kulturakoak, bertan jaioak, kanpotik etorritakoak, duela denbora asko edo etorri berriak, euskaldun elebidunak edo erdaldunak. Euskaraz hezitakoak, batzuk, oinarrizko hezkuntza erdaraz jaso zuten edo dutenak, beste batzuk. Hizkuntzaren hautaketan motibazio funtzionala (lan egiteko edo lana aurkitzeko euskara behar dutenak) edo borondatezkoa dutenak (euskaraz bizi nahi dutenak, identitate edo arrazoi afektiboak direla medio).

Hartutako neurriak beste hainbeste moduz barneratu, bete eta betearaziko dira. Zenbat buru hainbat aburu.

Euskararen lekualdatzea

Bilakaera historikoari begira, euskararen jatorriaz eta bere hedaduraz tesi desberdinak badira ere, ezaguna dugun garai historikoan ahulduz joan da euskara: mendez mende, galtzen ari den eremuaz gain, familia transmisioa ere gainbehera nabarmenean dago mende batzuetatik hona.

Euskararentzat etxea, erlijioa eta familia transmisio gunerik garrantzitsuenak izan dira azken hamarkadetan, baina, gizartearen sekularizazioa dela eta, kaleak hartu dio espaziorik gehiena landa mundutik zetorren transmisio horri, eta hiribilduetan gero eta indartsuago sartu da.

Esan dezakegu hiri eta herrietan, populazio kontzentraziorik handienak dauden lekuetan, alegia, hasi dela euskal hiztunen berreskurapena. Horiek horrela, herri euskaldunen arnas guneen antzera, eredu berrien sorrera ezinbestekoa da etxeko transmisioari eutsi, hura errekuperatu eta bizkortzeko.

Era horretara, euskaldun izatea, askorentzat orain arte hautatu gabeko egoera izan bada ere, gero eta hautu pertsonalagoa ari da bihurtzen, ama hizkuntza izatetik ikasitako hizkuntza izatera pasa delarik. Lanaren premiak motibatuak edo gurasoek alaba-seme euskaldunekin euskaraz bizi nahi izateak garamatza lehenik, hautatzera, eta ondoren, trebatu behar izatera.

Euskarak sekula baino hiztun gehiago ditu. Komunitate euskaldunak trinkotu eta haren esparruak zabaltzeko, kontuan hartu beharreko ezinbesteko tresna dugu gaur teknologia. Azter ditzagun, beraz, alor horretako aukerak eta erronkak euskararen alde jartzeko.

Garai berriak, erronka berriak

Euskarak eta teknologiak bide paraleloak jorratu behar dituzte. Terminologia-alorra eta materialak landu behar dira, ikasgai eta alfabetatze teknologikoaren bidez, hezkuntza eta lan-mundua prestatzeko.

Ingurune digital hau baliatuz, bermatu eta erraztu beharko litzateke trebakuntza pertsonal eta kolektiboa lantokietan, eskolan, administrazioarekiko edo bestelako entitateekiko harremanetan. Modu horretan, lehen sektorean, industrian eta zerbitzu sektoreetan ez dugu atzera egingo hizkuntza hautaketan euskara eskaintzen zaigunean.

Berariazko proiektu digitalei dagokienez euskarazko proiektuak sustatu beharko lirateke, administrazioenak nahiz pribatuenak izan, eta modu ulergarri batez gizarteratu, formazio eta informazio lekuak sortuz, betiere aro digitaletik kanpo edota euskaraz alfabetatu gabe daudenak kontuan hartuz.

Aisialdiari dagokionez, euskarazko hedabide digitalen sustapena bultzatu behar da, publikoak zein pribatuak izan, ezin baita egoera desberdinetan dauden bi hizkuntzen arteko parekotasunera iritsi neurri berdinekin. Euskarazko prentsa, telebista, irratia, bideogintza, sarearen aplikazioak, joko eta entretenimenduak, oro har, erabaki arrazoizkoen bidez diruz lagundu eta neurriko erabileraz aholkatu beharko litzateke, Interneten erabilera pertsonen aldekoa izan dadin.

Gizarte-ekimenak ezin du giharrik galdu: Wikipedia euskaraz, Puntu.eus, Pantailak euskaraz... bezalako egitasmoak sustatu behar dira.

Azkenik, eta zerrenda bukatutzat eman gabe, Google, Instagram, Facebook, Twitter... bezalako mundu globalizatuan zehar dauden komunikazio digitalaren multinazional hauekin harremanetan jarri administrazioetatik gailu edota produktuen fabrikazio-prozesuan euskara ere hizkuntza-aukeren artean egon dadin.

Azkeneko Korrikak ekarritako haize freskoak garbi adierazi digu elkarlanaren bidea: gobernantza eredu berriek erantzun behar diote gizartearen gogo eta asmoari. Legegintza berritu eta gaurkotuz, euskarak segurtasun juridikoa edukiko du, norbanakoen interpretazio interesatutik aldenduz.

Legegintza horrek gizarteak komunikatzeko erabiltzen dituen tresneria teknologikoan erraztasunak eman beharko ditu hezkuntzan, lan munduan, kulturan, kirolean... ahoz edo idatziz, alfabetatze kanpainei helduz (teknikoa kasu batzuetan), epeak, bitartekoak eta helburuak zehaztuz.

Beraz, pausoz pauso, bidean gelditu gabe, teknologia digitalaren erabilera egoki batekin, formazioa, informazioa eta komunikazioa etengabe bideratuz eta jarraituz, beharrak eta lehentasunak, denborak eta helmugak finkatuz, joango gara euskal gizarteak nahi duen hizkuntza-aukera sendotzen.

Gure geroa iritsi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.