Errusiako Munduko Kopa

Lehenalditik orainaldira

Kroaziak eta Ingalaterrak bigarren finalerdia jokatuko dute gaur, Moskuko Luzhniki estadioan. Bi estiloren arteko talka izango da

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko uztailak 11
Iraganera katigatuta egon dira aspaldi honetan Kroaziako eta Ingalaterrako selekzioak. Txapelketa nagusietan estropezu zerrenda luzea osatuta, nostalgiko bihurtu dira halabeharrez. Garai batean lortutako lorpenei begira bizi izan dira: Ingalaterrak 1966an irabazi zuen Munduko Kopa lehen eta azken aldiz, eta orain 28 urte iritsi zen azkenekoz finalerdietara; Kroazia, aldiz, hirugarren izan zen 1998an, orain dela hogei urte luze, eta geroztik lehen fasea gainditu ezinik zebilen. Ordea, lehenaldiaz ahaztu eta orainari begira jarri dira Errusian, finalaren atarira iritsita. Gaur nor baino nor gehiago ariko dira bigarren finalerdian, eta abagune ederra izango dute azken urteetan gainetik kentzerik izan ez duten nostalgia sentipena uxatzen jarraitzeko.

Zlatko Dalicek eta Gareth Southgatek egoera zurrunbilotsuan hartu zuten selekzio bakoitzetako hautatzaile kargua, baina denboraren poderioz proiektu sendo eta lehiakorrak lortu dituzte. Dalic iazko urrian iritsi zen kargura, taldea ataka estuan zela: Munduko Kopatik at gelditzeko arriskua zuen. Haatik, Dalicekin iparra berreskuratu zuen, eta bigarren aukeran sailkatu zen, Grezia aise kanporatuta. Hasieran, federazioak behin-behineko entrenatzaile izendatu zuen Dalic, baina haren alde apustu egitea erabaki zuen Munduko Koparako sailkatu ostean. Bada, emaitzak ikusita, ez da damutuko, bi hamarkada geroago finaletik koska bakarrera baitago Kroazia. Sukerri, Prosineckii, Bilici, Bobani eta enparauei lekukoa hartu diete Rakticik, Modricek, Mandzukicek, Perisicek eta gainerakoek.

Belaunaldi distiratsua du Kroaziak, baina ez du behar beste zukutu oraindik. Urak harro izan dira taldean, eta horrek zaildu egin du txapelketa nagusietan urruti iristea. Bada, Dalicek horretan egin du ekarpenik handiena: taldea banakakotasunen gainetik jarri, eta multzo irabazlea sortu du. Irmo jokatu du ezegonkortasuna sor zezaketen egoeren aurrean; esaterako, Munduko Kopa jokoan zela, Kalinic aurrelaria kanporatu zuen, Nigeriaren aurka azken minutuetan zelairatzeari uko egin ostean. Bada, Kroazia txapelketa handia ari da egiten, jokamolde erakargarri bat lagun. Zelai erdian duen kalitateari esker, baloiaren inguruan eraikitzen du jokoa. Zortea ere izan du, bi kanporaketa gainditu baititu penaltietan.

Southgateren kasuan ere, kalapita zen nagusi hautatzaile izendatu zutenean. Ingelesek itxura oso eskasa eman zuten 2014ko Munduko Kopan eta 2016ko Eurokopan, eta, hori gutxi balitz, proiektu berriaren lemazain izan behar zen Sam Allardyce kanporatu egin zuten kargua hartu eta bi hilabetera, fitxaketen merkatuarekin loturiko ustelkeria kasu batengatik. Ez zen kontu samurra, baina Southgatek behar bezala bideratu du. Eraginkortasuna da Ingalaterraren ezaugarririk behinena: ez dute inor liluratuko beren jokoarekin, baina garbi dute zein den partidak irabazteko formula.

Eta nola lortzen da formula hori? Bada, defentsaren sendotasuna, erdilarien talentua, Kaneren sena eta geldikako jokoa uztartuta. Estrategia jokaldietan talde beldurgarria da: bide horretatik lortu ditu Munduko Kopan orain arte sartu dituen 11 goletatik zortzi. Gaur ere faltak eta kornerrak ustiatzen saiatuko da, eta, kale eginez gero, lasai egon daiteke, Kane gai baita edozein jokalditan urrea ateratzeko. Txapelketako goleatzaile nagusia da; sei ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna